"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Glenn Closeren ‘ihesaldi arrazoitua’ eta gero, Epaimahai Ofizialaren ustekabeko presidente izateko ardura egokitu zaio Matías Mosteirin ekoizle argentinarrari; bai ondo egokitu ere. “Oso gustura nago Epaimahaiko gainerako kideekin. Gainera, lagun asko eta askorekin elkartzen ari naiz. Denbora luzea daramat lanbidean eta lankide espainiarrekin lankidetzan, beraz, etxean bezala sentitzen naiz; eta oso maitatua ere bai. Eta horrek esker on sakona eta poz han- dia ematen dit”.
“Epaimahai Ofizialaren kide arrunt moduan zatozela jarrera pertsonalagoa izan dezakezu, oldarkorrago jokatu zure iritzien defentsan. Aitzitik, presidente izanik erantzukizuna oso bestelakoa da: eztabaidak ku- deatu behar dira eta besteen iritziekin zuzen jokatu, ez baitago epaitzeko irizpide bakarra, eta azkenik, ‘suterik’ sortuko balitz berau itzaltzeko ahalmena izatea”, azaldu du Mosteirinek. Epaimahaikoek zer motatako filmen peskizan dabiltzan ere galdetu diogu: “Ez dugu film komertzial bat bilatzen. Kalitate tekniko eta artistikoa duen pelikula baten bila gabiltza. Eta, aldi berean, balio humanoak edo solidarioak barnean dituena. Proposamen ausart eta probokatzaile edo adeitsu eta konbentzionalak direnen erdibidean badira beste ñabardura batzuk eskaintzen dituztenak filmak, alegia, arriskuko erabakietatik sortzen direnak. Horiek izango dute aurten aukerarik gehien”, erantzun du.
Aspaldiko partez, alaitasunezko giroa sumatzen ari da Mosterein Zinemaldiaren ingurumarietan: “Askotan izan naiz Zinemaldian eta aspaldi ez bezalako bizitasuna sentitu daiteke inguruko kale nahiz aretoetan. Ikusleak dira berriro jaialdiaren protagonista, beraiek eusten, babesten eta goresten dute Zinemaldia. Hizki guztiekin esan dezaket ikusleak direla jaialdiaren faktore bereizgarria. Cannesen edo Sundancen ikusleak zinema-industriako kideak dira, Donostian, aldiz, publikoa da aretoen jaun eta jabe; hemen zinemaldia jendearentzat egiten da”.
Gaur egun zuzentzen duen KyS ekoiztetxearen eskutik Relatos salvajes, El clan edo La odisea de los giles film gogoangarriak ahalbidetu dituen ekoizleak zinemarekiko zaletasuna nola hozitu zitzaion gogoratu du. “Lehen oroitzapena, txikitan, Avellanedako ‘Roma’ zinemara jarraiko saioak ikustera joaten nintzenekoa da. Gero, nerabezaroan, diktadura osteko zinemarekin lengoaia zinematografikoaz eta nire herrialdearen historiaz jabetu nintzen. Beranduago, Carlos Sorín, Adolfo Aristaraín, Luis Puenzo edo Pino Solanaren lanak deskubritu nituen. Azken horren El exilio de Gardel izan zen, nik uste, zinemagintzarantz bideratu ninduena”. Zinema-mundua guztiz abiadura azkarrean aldatzeak kezka handia sortzen dio Mosteirini: “Desberdintasunak nagusi diren eszenategi honetan, askotariko filmak ekoizten eta horiek aretoetan erakusten jarraitzeko zailtasunak izango ditugu. Herrialde txiroetan zinemak itxi egingo dira eta ikusleek plataformetara jotzea beste erremediorik ez dute izango. Herrialde txiroen eta baliabideak dituztenen artean, txuritik beltzera dagoen aldea nabarmenduko da”.
Sail Ofizialetik kanpo, Santiago Mitreren Argentina, 1985 filma ikustea gomendatzen du ofizialeko presidenteak, eta berak galdu nahi ez lukeen bat aipatzekotan Isabel Coixeten El sostre groc aukeratu du.
Sergio Basurko