"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Berlinaleko Encounters saileko film onenaren saria jasota eta mundu osoko hamarnaka jaialditatik igaro ostean, Donostian da egunotan Ruth Beckerman zinemagile Austriarra. Mutzenbacher filma Zabaltegi-Ta- bakalera sailean leihatzeko ekarri du. Sexualitatea, desira, tabuak eta sekretuak gizonen ahots anitzen bitartez pantailara ekarri ditu. Gainera, bere urteetako eskarmentua zinema ikasleekin partekatzeko aukera izan zuen atzo Nest sailaren baitan antolatutako eskola magistralean. Pelikularen sorburura iristeko izenburuari erreparatu besterik ez da egin behar.
Zergatik aukeratu zenuen “Josefine Mutzenbacher, Historia de una prostituta vienesa” eleberria film bat egiteko?
Austriako beste pertsona askok bezala oso gaztea nintzela irakurri nuen liburu hori. Adin horietan irakurritakoa zurekin geratzen da urteetan zehar, bereziki sexuari buruzkoa baldin bada. Pandemia garaian, ezer ere ezin zenean egin, pentsatu nuen “orain da unea liburu honi buruzko film bat egiteko”. Gizonek sexuari buruz zer pentsatzen duten jakin nahi nuen. Lehenengo ikerketa sakon bat egin eta testua landu genuen. Orduan bururatu zitzaigun casting bat egitearen ideia, gaur egungo gizonak testuarekin aurrez aurre jartzeko. 16 eta 99 urte bitarteko gizonen bila hasi eta 150 aurkeztu ziren.
Denak kameraren aurrean jesarrita ageri dira film osoan zehar, liburuaren zatiak irakurriz eta elkarren artean hitz eginez...
Testua abiapuntua da. Bertaratu ziren gizon guztiek sofan jesarri eta testua irakurri behar izan zuten. Hori talka handia zen beraientzat, zabaldu egiten ziren eta elkarren artean hitz egiten hasten ziren. Oso garrantzitsua izan da hasieratik rolak lekuz aldatzea. Ni zuzendariaren lekuan egonda, gizonak izatea castingean parte hartzen dutenak. Normalean neska gazteak izaten direlako sofa horretan jesarrita egoten direnak, gizona den zuzendaria liluratzen ahalegintzeko. Kasu honetan beraiek liluratu behar izan ninduten ni.
Filmean ageri den beste elementu garrantzitsu bat adina da. Liburuaren protagonista den neska txikiarena, castingean parte hartu zuten gizonena, zurea...
Adin tarte zabaleko gizonen parte-hartzea nahi nuen, bai. Ez dakit nire adina oso garrantzitsua izan den ala ez. Seguruenik emakume gazteagoa banintz galdeketak ez luke funtzionatuko. Garrantzitsua iruditzen
zaidana ikusleak ni ez ikustea da. Mutzenbacher eta ni; ez da beste emakumerik agertzen eta bata zein bestea ezin gaituzte ikusi. Nire ahotsa soilik entzuten dute, hortaz emakume baten fantasia izan dezakete.
Ikuslearen jatorriaren, adinaren edo sexuaren arabera desberdina izango da filma jasotzeko modua. Zein izan da orain arte jaso duzun harrera?
Zenbait lekutan, Londresen eta Berlinen tarteko, jendeak barre asko egin zuen. Tel Aviven bestalde, pelikula ikusi zuen gizon talde batek aitortu zidan elkarrizketatuengatik pena sentitu zutela. Beste batzuek esan didatenez: “Filma ikusi ostean gizona izateagatik txarto sentitzen naiz.” Emakumeei asko gustatu zaie, hori ona da!
Nest sailaren programazioaren parte zara. Zinemagile izateko ikasten ari direnentzat mezuren bat baduzu?
Esango nieke gogorra dela kontuan izan dezatela, eta ausartak izan daitezen animatzen ditut. Hori garrantzitsua da.
Mikele Landa Eiguren