"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Urak ihes egiteko ohitura du, dagoen lekuan mantendu dadin jarritako mugak txikiegi geratzen zaizkionean. Paseo berriko harriak maiz dira horren testigu, beraien funtzio bakarrari eutsi ezinda, olatuek Donostiako kaleak bustitzeko ausardia izaten dute urtero. Ezin da ukatu arriskuari leihotik begiratzeak zirrara eragiten duela. Naturaren bortizkeria oso fotogenikoa da babesetik begiratuz gero.
Zinemaldiarekin batera Orihuelatik (Alacant) etorri diren hamarnaka herritarrek, ordea, ondo dakite zipriztinen ostean korrontea etorri daitekeela. Segura ibaiak gero eta maizago betetzen du mehatxua, azkenengoz 2019an egin zuen bezala. Elena López Riera zinemagilearen lehen filmak urari, hitzaren zentzurik zabalenean, beldurra dion herri batera darama ikuslea. Atzo goizean El Agua filmean murgiltzeko aukera izan genuen areto bete zinema ikaslek. Nest sailaren estreinako eskola magistralak filmaren sortze prozesua eta López Rierak zinemarekin izan duen harremana ezagutzeko parada eskaini zigun. Besaulkian jesarri eta segundo gutxira 15 urte zituela etxekoek esan zioten esaldi latza partekatu zuen: “Zinema ez da guretzako”. Gurasoei arrazoia ematera iristeko urteak pasatu behar izan direla aitortu zigun, pelikulak egiteko ahaleginean tematuta gauden sortzaile gazteoi: “Jatorri pribilegiatudun pertsonei erreserbatu izan zaie istorioak kontatzeko gaitasuna.” Baina berak gurasoen esanari entzungor egitea erabaki eta lortu du zinema bere errealitatearen muinean kokatzea. Errekako urak bere bidean mantentzen dituen hormak bezala, “sistemak batzuetan akatsak ditu eta beraz, istorio kontalari izatera bideratuta ez dauden pertsonek, zorionez, beraien bidea egitea lortzen dute. Zerumugan datza gakoa. Lege batek ez dizu pelikulak egitea debekatuko. Zure jatorriak, generoak edo klaseak, ordea, ametsen zerumuga non kokatu dezakezun agintzen jarraitzen du.”
MIKELE LANDA EIGUREN