Euskal Telebistako telesail esanguratsuenetako batzuen zuzendaria da Jabi Elortegi (Bermeo, Bizkaia. 1969). Goenkale, Balbemendi, Aitaren etxea, Go!azen, Ihesaldia eta Beti mugan lanek bere sinadura daramate. Horiez gain, fikziozko film luze bat, Zorion perfektua, aurkeztu zuen 2008ko Zinemaldian. Hamalau urte geroago, El vasco filma jendaurrean erakutsiko du estreinakoz, gaur, Zinemira Saila abiatuz.
Disziplina ezberdinak izan arren, hizkuntza berdina dela-eta eroso sentitzen da Elortegi telebistan zein zineman. Ez hainbeste filma pantaila handian erakutsi bezperetan. Urduri dagoela aitortu arren, estreinaldiaz gozatzeko asmo irmoarekin dator Donostiara. “Film txiki bat egitea zen asmoa, indie film bat, eta lana eginda dago”, adierazi du zuzendariak.
Txikia bai baina El vasco ez da izan bat batean egindako lana. Hainbat urte tiradera batean gordeta egon zen ideia harik eta Zinemaldiak Argentinako ekoizleekin antolatutako topaketa batean bultzada jaso zuen arte. “Irakurri orduko, ekoizleak baietza eman zigun eta proiektua abiatu egin zen”, dio Jabi Elortegik, “sekulako abiapuntua izan zen guretzat”.
Bi munduren artean
Bermeon eta Argentinako Cordoban eta Mendozan filmatu zen El vasco, iaz. Arazoak atzean utzi eta bizimodu hobe baten bila abiatzen den Mikelen gorabeherak erakusten ditu filmak. Mikelek (Joseba Usabiaga) bizimoduz aldatzea erabaki eta senide urrun baten gonbidapena onartuko du Argentinara joan eta bertan bizitzen jartzeko. Baina berehala ohartuko da bere osaba Chelo (Eduardo Blanco) fantasiatsu samarra dela, eta ezin diola ezer eskaini. Horrez gainera, dena korapilatu egingo da Amuma Dolores (Itziar Aizpurua) hamar urteko lozorrotik esnatzen denean eta gazte euskalduna Juanitorekin, bere anaia zenarekin, nahasten duelako. Hortik aurrera, dena hankaz gora jarriko da, ez bakarrik Mikelen bizitza, baita familia eta herri osoarena ere.
Ekoizpen hispano-argentinar honen filmaketa gozamena izan zen lantaldearentzat. “Cordoban eta Mendozan filmatu genuenean hainbat bizipen gertatu ziren eta gidoian sartu genituen”, azaldu du zuzendariak. “Villa Marian euskal komunitate indartsua dago eta baita Euskal Etxea ere; handik iritsi ginen Morrison herrira, eta iritsi orduko pentsatu genuen huraxe zela behar genuen lekua”.
Aktoreei dagokionez, Elortegik garbi zuen Joseba Usabiagak gorpuztuko zuela protagonista. “Ez zen pertsonaia erraza, komedia eraman behar zuelako baina barre egin barik, barrutik sufritzen”, dio zuzendariak. Amamaren kasuan, are argiago zuen nork egingo zuen filmeko beste paper nagusia. “Gure zineman ez dago Itziar Aizpurua baino hoberik”, aitortu du.
Argentinako aktore taldearen parte-hartzeari dagokionez, apustu segurua egin zuen produkzioak. Batetik, Eduardo Blanco ezaguna aukeratu zuten, eta, bestetik, Inés Efrón eta Laura Oliva aukeratu zituzten zaintzailearen eta izebaren paperak egiteko. Honela azaltzen du Elortegik. “Inés Efrón Zinemaldian ezagutu genuen eta gidoilariak hain zuen gustuko, ezen pertsonaia idazten ari zela ‘Inés’ izena jarri zion, nahiz eta ez jakin berak interpretatuko zuen ala ez. Laura Oliva aurkikuntza izan da, antzerki eta telebista asko egin du eta berarekin dena oso ondo joan da”.
Figurante multzoa ere oso aipagarria da lan honetan. Cordoba eta Mendozako aktore munduan dabiltzan aktoreez gain, Euskal Etxearekin lotura duen jende andanak parte hartu zuen proiektuan. “Denek daukate harremana euskal munduarekin eta oso gustura ibili dira lanean eta parte hartzen, orduak eta orduak”.
Soinu-banda da filmaren beste protagonistetako bat. Jabi Elortegi eta Fernando Velázquez musikagilea aspaldiko lagunak dira. “Erraza da berarekin lan egitea, Fernandok ulertzen nau eta badaki zer egin”, dio zuzendari bizkaitarrak. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako musikak presentzia irabazten doa filmean zehar eta kontakizunarekin batera hazten doa, emozioak borobilduz.
Irene Elorza Gereño