Zinemirak, euskal zinemari berariaz eskainitako sailak, fikziozko eta ez-fikziozko zazpi film erakutsiko ditu aurtengo edizioan. Horietako lau, Zinemaldian mundu-estreinaldia izango dutenez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste sail batzuetan dauden beste sei lanekin batera. Horrela, guztira hamar ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria lortzeko filmaren ekoizlearentzat edo ekoizleentzat.
Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute Zinemira urtero. Irizar eta EITB dira babesleak, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APV eta IBAIA ekoizle-elkarteen eta Zineuskadiren laguntza du.
Guztira, hamazazpi filmek –hamahiru film luzek eta lau film laburrek– osatzen dute Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko euskal ekoizpenen ordezkaritza, eta Sail Ofizialean, New Directorsen, Zabaltegi-Tabakaleran, Nesten, Zinemiran eta Euskal Zinemaren Galan eta EiTB Galan banatuta egongo dira.
El vasco Argentinarekin egindako koprodukzioaren mundu-estreinaldiak Zinemira inauguratuko du, gaur. Jabi Elortegik zuzendu du Joseba Usabiaga, Itziar Aizpuru eta Eduardo Blancok antzeztutako komedia dramatikoa.
Izaskun Arandia ekoizle eta gidoigileak bere lehen film luzea zuzendu du: My Way Out. Dokumental horrek Londresen kokatutako eta pertsona transentzako My Way Out klubaren historia kontatzen du artxiboko irudien eta elkarrizketen bidez.
Xuban Intxaustik Bakearen Aldeko Koordinakundea-Gesto por la Paz kolektibo bakezalearen hiru hamarkadako ibilbidean sakontzen du Gesto lanean, artxiboko irudien eta egungo adierazpenen bidez.
Karpeta Urdinak filmean, Ander Iriarte zinemagileak ikerlan bat abiarazten du. Kontatzen den istorioak bere aitak komisaria batean torturak jasan zituela du abiapuntu. 1960tik 2014ra bitartean Euskal Herrian izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuaren emaitzak ezagutarazten ditu egileak.
Irailaren 20an, Euskal Zinemaren Gala izango da Victoria Eugenia Antzokian. Bertan, Gelditasuna ekaitzean Alberto Gastesiren lehen lana estreinatuko da, Loreto Mauleon eta Iñigo Gastesi protagonista dituen amodiozko istorio bat.
Egun bat geroago, toki berean, EiTB Gala ospatuko da. Bertan, Kepa Junkera berpiztu aurkeztuko da, 2018an iktus bat jasan zuen musikari bilbotarraren osatze prozesuaren eta hark utzitako ondarearen inguruko film luze dokumentala, Fermin Aiok zuzendua.
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian izango dira, baita ere, Sail Ofizialean jada iragarritako bi film –Mikel Gurrearen Suro, Fernando Francoren La consagración de la primavera–, New Directors saileko pelikula bat –Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto– eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa, Belodromoan estreinatuko dena.
Beste euskal ekoizpen batzuk ere izango dira Zinemaldian, izan Nest izeneko zinema ikasleen film laburren lehiaketan, edo proiektu-fasean.
Cinco lobitos entzutetsua izango da Zinemiraren amaiera filma aurten. Lehiaketaz kanpo dago Alauda Ruiz de Azua zuzendariaren lehen film luzea.
Zinemira Saria
Txema Areizagarentzat izango da aurtengo Zinemira Saria. Iaz zendu zen elektrikari buru beteranoaren lana aitortu nahi du Donostia Zinemaldiak eta, haren bitartez, teknikariek osatzen duten kolektibo anonimoaren lan isila bezain garrantzitsua.
Areizaga Argilun Iluminación enpresa gipuzkoarreko gerentea izan zen, eta Antxon Eceizaren eskutik hasi zuen bere ibilbidea zinemagintzan, Ke arteko egunak filmean. Handik urtebetera, Areizagak Argilun sortu zuen, ehun bat film luzetan parte hartuz; besteak beste, Vacas, Lasa y Zabala, Negociador, Loreak, Ocho apellidos vascos, Amama, Oreina, El hijo del acordeonista, 70 binladens, Nora, La trinchera infinita eta Irati.
Iaz, Kimuak programak jaso zuen Zinemira Saria. Aurretik, Sara Bilbatua, Jose Maria Lara, Ramon Agirre, Julia Juaniz eta Ramon Barea izan dira saridunak, besteak beste.
Irene Elorza Gereño