David Cronenberg (Toronto, 1943) zuzendari eta gidoilari kanadarrak Donostia Sarietako bat jasoko du Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan; hala, ohorezko sari nagusia emango dio Zinemaldiak azken mende-erdiko zinemagile berezienetako baten ibilbideari. Irailaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian egingo da saria emateko ekitaldia, eta, ondoren, Crimes of the Future (2022) filma emango da, Viggo Mortensen, Léa Seydoux eta Kristen Stewart protagonista dituen film luze berria, Cannesko azken zinema-jaialdian parte hartu zuena.
Izugarrikeria biologikoaren, atmosfera aztoratzaileen eta unibertso pertsonal bezain transferiezinaren maisu, Cronenbergek hogei bat film luze zuzendu ditu, eta horien artean, nabarmentzekoak dira hainbat generotako –zientzia fikzioko, beldurrezko filmetako, drama psikologikoen generoko eta thrilleretako– klasiko bihurtu diren obrak. Halaber, telebistarako lan ugari ere sortu ditu.
2004an, Donostia Zinemaldiak Crash (1996) eman zuen Incorrect@s atzerabegirakoaren esparruan, eta hiru urte geroago, Cronenbergek lehen aldiz bisitatu zuen Donostia (oraingoz, ez da gurera itzuli), Eastern Promises (2007) filmarekin Sail Ofiziala inauguratzera eta bertan lehiatzera etorri zenean. Beraz, Donostia Saria jaso duten zuzendarien zerrendan sartuko da kanadarra aurten; besteak beste, Francis Ford Coppola, Woody Allen, Oliver Stone, Agnès Varda, Hirokazu Koreeda eta Costa-Gavras dira zerrenda horretako zinemagile nabarmengarrienetakoak.
Piano-jotzaile baten eta idazle baten semea, David Cronenberg liburu eta komikiz inguratuta hazi zen, eta kultura eta zinemagatiko bere interesa oinarritu zuen horrek. Autodidakta, bere lehen lanak film laburrak –esaterako, Transfer (1966) eta From the Drain (1967)– izan ziren, eta horien ondoren, lehen film luzeak zuzentzen hasi zen, esperimentalak denak, hala nola Stereo (1969) eta Crimes of the Future (1970); azken honen izenburuak bere azken filmaren izenburuarekin bat egiten du. Lehen obra horietan jada ikusten ziren egilearen filmografia ezaugarrituko zuten nolakotasunak: gaixotasuna, indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazio zientifikoa, etab.
Esperimentazio zientifikoaren gaiak, izan ere, oso presentzia handia izan zuen Cronenbergen obren lehen etapan; horren adibide dira Shivers (1975), Rabid (1977) eta The Brood (1979) filmak: parasito hiltzaileak, izurrite bortitzak, psikopatak tratatzeko huts egindako terapiak, etab. Enkargatutako filmak ere zuzendu zituen, hala nola Fast Company (1979) auto-lasterketei buruzko filma, baina bi obrak ezarri zuten funtsa geroago genero-zinema erradikalenaren barruan lortuko zuen osperako: batetik, Scanners (1981), botere mental hilgarriak dituzten pertsonen talde bati buruzkoa; eta bestetik, Videodrome (1983), new flesh (haragi berria) estetikaren gailurretako bat. The Fly (1986) lanean intsektu bihurtzen den zientzialari baten istorio itogarria kontatu ondoren, Jeremy Irons antzezlea izan zuen protagonista hurrengo bi filmetan: Dead Ringers (1988), non aktoreak bi rol egin zituen (bi anaia ginekologo biki oinazetsu); eta M. Butterfly (1993), operako diva misteriotsu baten eta 60ko hamarkadan Txinan bizi den diplomatiko frantses baten arteko erromantze anbiguoa kontatzen diguna.
Halaber, Cronenbergek zenbait idazleren eleberrien zinema-moldaketak ere egin izan ditu; hona hemen zenbait adibide: Stephen King –The Dead Zone (1983)–; William Burroughs –The Naked Lunch (1991), agian bere kultuzko lanik handiena–; eta J. G. Ballard; izan ere, Crash (1996) pelikulan –Ballarden izen bereko eleberriaren moldaketan–, hainbat pertsonaiak auto-istripuak izatean sentitzen duten sexu-kitzikapena aztertzen zuen egileak, eta Cannesko zinema-jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen zinemagileak film horrengatik. eXistenZ (1999) filmarekin errealitate birtualean murgildu eta Spider (2002) lanean gaixotasun mentalaren infernuari begiratu ondoren, etapa berri bat inauguratu zuen zinemagile kanadarrak bere filmografian, non genero fantastikoak bere zinemaren osagai nagusi izateari utzi baitzion, eta orain, 20 urte geroago, Crimes of the Future (2022) estreinatu berri du; egilearen aspaldiko obsesioen berrikuspen edo laburpen hori, izan ere, Donostia Saria Emanaldietako bat izango da Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan.
Zinemagile kanadarraren azken film hau Viggo Mortensen aktorea izango duen laugarren lana da. A History of Violence (2005) intrigazko iragan batek markatutako gizon bati buruzko thrillerrean egin zuten lan lehenengoz bi artistek. Bigarren lankidetzan –Eastern Promises (2007) obran–, Londresko mafia errusiarraren infernuan murgildu zen zinemagilea, eta hirugarrenean –A Dangerous Method (2011)– filmean, berriz, Mortensenek Sigmund Freuden rola egin zuen. Crimes of the Future filmaren aurreko bi obrak hauek izan ziren: Cosmopolis (2012), Don DeLilloren eleberriaren egokitzapena; eta Maps to the Stars (2014), ospeari buruzko gogoeta garratz bat.
Arestian aipatutako bi lan horietan Robert Pattinsonek hartu zuen parte; izan ere, David Cronenbergen filmetan lan egin duten izarren zerrenda oso zabalean sartu zen azkenetakoa da Pattinson. Besteak beste, hauek dira nabarmentzekoak zerrenda horretan: Juliette Binoche –Donostia Sarietako beste bat aurtengo edizioan–, Gabriel Byrne, Willem Dafoe, Geena Davis, Michael Fassbender, Ralph Fiennes, Jeff Goldblum, Ed Harris, Holly Hunter, William Hurt, Keira Knightley, Jude Law, Jennifer Jason Leigh, Miranda Richardson, Martin Sheen, James Spader, Christopher Walken, Naomi Watts, Peter Weller eta James Woods.
David Cronenbergek beste zinemagile batzuen filmetan ere lan egin izan du aktore gisa, hala nola hauetan: Nightbreed (1990, Clive Barker), To Die For (1995, Gus Van Sant), Extreme Measures (1996, Michael Apted) eta Falling (2020, Viggo Mortensen, zeina bideo baten bitartez zoriondu baitzuen, 2020an Kursaalen, Donostia Saria jaso zuenean). Gainera, Kanadako Ordenarekin saritu dute, eta Frantziako Arte eta Letren Ordenako ofizial eta Ohorezko Legioko zaldun ere bada. 2014an bere lehen eleberria argitaratu zuen, Consumed: A Novel izenekoa.