Lehen urratsak antzerkian egin eta aktore gisa Frantziako Arte Dramatikoko Kontserbatorio Nazionalean trebatu ondoren, Juliette Binochek (Paris, 1964) zineman debuta egin zuen Liberty Belle (Pascal Kané, 1983) filmarekin. Ondoren, zenbait rol jokatu zituen besteak beste Jean-Luc Godard (Je vous salue, Marie, 1985), Jacques Doillon (La vie de famille, Sail Ofiziala, 1985) eta André Techiné (Rendez-vous, 1985) zinemagileen filmetan. Azken horrekin, bada, berriz aritu zen urte batzuk geroago Alice et Martin (1998) filmean. Mauvais sang (1986) ikonikoan, lehen aldiz kolaboratu zuen Leos Caraxekin. Haren agindupean aritu zen, halaber, Les amants du Pont-Neuf (1991) filmean.
Bere karreraren hasieratik, frantsesez filmatutako tituluak eta ingelesez egindako beste asko tartekatu ditu; tartean, hauek: The Unbearable Lightness of Being (Philip Kaufman, 1988), Wuthering Heights (Peter Kosminsky, 1992) eta Damage (Louis Malle, 1992). Horietan, hurrenez hurren, Daniel Day-Lewisekin, Ralph Fiennesekin eta Jeremy Ironsekin batera aritu zen. Hauekin batera ere aritu da lanean bere karreran: Mathieu Amalric, Daniel Auteuil, Judi Dench, Steve Carell, Catherine Deneuve, Johnny Depp, Ethan Hawke, Mathieu Kassovitz, Samuel L. Jackson, Denis Lavant, Olivier Martinez, Clive Owen eta Robert Pattinson.
Binochek doluz dagoen emakume baten rola jokatu zuen Krzysztof Kieślowskiren Trois couleurs: Bleu (Zabaltegi, 1994) trilogia ezaguna inauguratu zuen filmean. Lan horrengatik, aktore onenaren saria eskuratu zuen Veneziako zinema-jaialdian, baita César sari bat jaso ere –beste bederatzitan ere sari horietarako hautagai izan da, gainera–. George Sand nobelagilea ere izan zen Les enfants du siècle (Diane Kurys, 1999) filmean. Baina, nazioarteko aitortza The English Patient (1996) filmean jokatu zuen erizainaren rol ahaztezinari esker etorri zitzaion. Antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria eta Berlingo zinema-jaialdiko aktore onenaren saria irabazi zituen, gainera.
Europako zinemagileen esanetara lan egin du; besteak beste, hauekin: Jean-Paul Rappeneau, Donostia Zinemaldiaren Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo itxi zuena Le hussard sur le toit (1995) filmarekin, Chantal Akerman (Un divan à New York, 1996), Patrice Leconte (La veuve de Saint-Pierre, 2000), Lasse Hallström (Chocolat, 2000), John Boorman (Country of My Skull, 2004) eta Michael Haneke. Azken horrekin, funtsezko bi lan filmatu ditu: Code inconnu: Récit incomplet de divers voyages (2000) eta Caché (2005). 2002an, Décalage horaire (Danièle Thompson) filmaren protagonista izan zen, eta, harekin, Donostian izan zen lehen aldiz, Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo ixteko.
Bere filmografiako beste titulu nabarmen batzuk hauek dira: Mary (Abel Ferrara, Perlak, 2005), Le voyage du ballon rouge (Hou Hsiao-Hsien, 2007), Disengagement (Amos Gitai, 2007) eta Shirin (Abbas Kiarostami, 2008). Azken zuzendari horrekin berriro egin zuen lan Copie conforme (2010) filmean. Toskanan girotutako amodio-istorio horrekin emakumezko aktore onenaren Saria irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdian.
Juliette Binochek akzioko superprodukzio handietako rolak –Godzilla (Gareth Edwards, 2014) edo Ghost in the Shell (Rupert Sanders, 2017)– eta David Cronenbergekin (Cosmópolis, 2012), Isabel Coixetekin (Nadie quiere la noche, 2015) eta Bruno Dumontekin (Ma Loute, 2016 eta Camille Claudel 1915, 2013) egindako lanak tartekatu ditu. Camille Claudel 1915 filmean, bada, Camille Claudel eskultore ezagunaren rola jokatu zuen. Maiz aritu da, halaber, Olivier Assayas zinemagilearekin. Haren zuzendaritzapean lan egin du, bada, L’heure d’été (Udako orduak, Perlak, 2008), Clouds of Sils Maria (2014) eta Doubles vies (2018) filmetan.
2018an, aktorea berriz itzuli zen Donostiara Sail Ofizialean lehiatu ziren bi film aurkeztera: Vision, Naomi Kawaseren ikuspegi mistiko bat, eta High Life, Claire Denisekin egin zuen beste kolaborazio bat. Zientzia-fikzioko generokoa da, eta Fipresci saria lortu zuen. Zuzendari horrekin batera –harekin filmatu zuen jada Un beau soleil intérieur (2017)–, azken Berlinalean lehiatu den film batean lan egin berri du: Avec amour et acharnement (2022). Maitasun-triangelu baten istorio bat da, eta Binoche da protagonistetako bat; besteak Vincent Lindon eta Grégoire Colin dira. Donostia saria emanaldia izango da, hain zuzen ere, eta ikusgai egongo da Kursaal auditoriumean, aktoreak saria jasoko duen galaren ondoren.
Bere azken lanen artean daude, orobat, Hirokazu Koreedaren La vérité (Perlak, 2019) –harekin batera izan zen aktorea Donostian hirugarren aldiz– eta Ouistreham (Emmanuel Carrère, 2021). Azken horrek, iaz, Perlak sailean parte hartu zuen, eta Europako Film Onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria jaso zuen.
Brigitte Lacombe argazkilari frantsesa eragin handiko erretratugile argigarri bat da. Mundu osoko areto eta aldizkarietan erakutsi ditu bere lanak, eta bere monografien artean daude Lacombe Anima / Persona (2008) eta Lacombe Cinema / Theater (2001). Lau hamarkadatan, artista, izar, politikari eta intelektual garrantzitsuak erretratatu ditu. Sariei dagokienez, hauek jaso ditu, besteak beste: Eisenstaedt saria, bidaia-argazkien kategorian (2000); Lucie saria, erretratuaren eta bidaia-argazkien arloan (2012); eta Art Directors club Hall of Famek bere karrera osoa aintzatesteko emandako saria (2010).
Gainera, film ikonikoen errodajeetako argazki finkoaz arduratu da; tartean, film hauetan: All President’s Men (Alan J. Pakula, 1976), Il Casanova di Federico Fellini (Federico Fellini, 1976) eta Close Encounters of the Third Kind (Steven Spielberg, 1977). Horrez gain, Wes Anderson, Sofia Coppola, Alejandro González Iñárritu, Michael Haneke, Spike Jonze, Bennett Miller, Mike Nichols, Lynne Ramsay, Martin Scorsese, Quentin Tarantino eta beste zinemagile askoren lana dokumentatu du.