"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Wang Chao zuzendari eta gidoilari txinatarra ez da zinema-mundura iritsi berri bat, Chen Kaigeren laguntzaile gisa hasi baitzen eta ohiko parte-hartzaile da Cannesko Un Certain Regard atalean; alabaina, orain arte sekula ez du Zinemaldiko lehian eskuhartu.
Sail Ofizialeko azken filma noiz edo noiz Urrezko Maskorraren irabazle suertatu izan da, aitzitik, A Woman pelikulak nekez limurtuko ditu epaimahaikideak; egia esatearren, duela 30 urteko filma baitirudi. Egituraz ederra baina konbentzionala, denboraz kanpoko itxuraz eta prosa erosoegiaz baliatuta, lehiazko azken filmak zuhurtziaz itxi du orokorrean ona izan den edizio hau.
Chaoren lanak XX. mendeko 60ko hamarkadaren amaieratik 80ko hamarkadaren hasierara arte Txinan bizi ziren bizi-baldintza gogorrak kontatzen eta deskribatzen ditu. Eta emakume bat, hiru seme-alabaren ama, bi senarren emaztea (dibortziatu ondoren), ehungintza-fabrika batean lanaldi astunek uzten zioten denbora librean idazle autodidakta bihurtu zena, Txinaren eraldaketaren ispilu bihurtu du.
Wang Chaok azaldu duenez, Zhang Xiu Zen-en “Dream” eleberri autobiografikoa egokitzea erabaki zuen, alde batetik, bere familia gogorarazi ziolako: “Bere bizitza nirearen oso antzekoa zen, langile-familia batetik nator, gurasoak gogorarazi zizkidan”. Bestalde, bere burua idazlearen “emozioetan, porrotetan” islatuta ikusi zuela zehaztu du.
“Azpimarratu nahi izan dut emakumea independentea dela maila ekonomikoan eta mentalean, eta [Kong Xiu] indartsu bihurtu zen eta zailtasun guztiak gainditzea lortu zuen”, azaldu du zuzendariak.
Shen Shi Yu aktorearen aukeraketari dagokionez, zinemagileak adierazi du “gaztea dela eta ez dela bereziki ezaguna Txinan”, baina “bere karisma” interesatu zitzaion.
SERGIO BASURKO