Donostia Zinemaldiko artxibo historikoko 4.000 dokumentu baino gehiago (korrespondentzia, argazkiak, kartelak, egunkariak, aldizkariak…) eskuragarri daude gaurtik –2022ko abenduaren 13a–, aurrez aurre nahiz online kontsultatzeko, artxiboa.sansebastianfestival.com webgunean. Horrez gain, webguneak 27.000 deskripzio-fitxa baino gehiagoko katalogo bat eskaintzen du. Fitxa horietan deskribatutako materialak aztertu ahal izango dira, irakaskuntza- eta ikerketa-arloko profesionalek eta espezialistek hala eskatuz gero.
Artxiboa webgunearekin burutu da 2018an Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) hasitako Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren lehen fasea. Proiektu horren xedea da Zinemaldiaren artxibo historikoa –Zinemaldiaren sorreratik, 1953tik, gorde dena– kontserbatzea, ikertzea eta kontsulta publikora zabaltzea. Ekimenaren kolaboratzaileak dira Euskadiko Filmategia, MedialabTabakalera eta Kutxa Fundazioa, eta Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundeak babesten du.
Webgunea gaur aurkeztu dute Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan proiektuaren bultzatzaileek, kolaboratzaileek eta babesleak, eta bertan honako hauek daude eskuragarri: Zinemaldiaren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki baino gehiagoren digitalizazioak; Zinemaldiko egunkarien (egungo Zinemaldia aldizkaria) 711 ale –1954tik gaur egunera arteko aleak kontserbatzen dira–; Zinemaldiko ia edizio guztietako 350 kartel inguru; bai eta Artxibo Orokorreko eta Prentsako hautatutako materialak ere. Webgunean eskura daitezkeen digitalizazioak Creative Commons BY-NC-SA lizentziapean daude argitaratuak, salbu eta egile-eskubideengatik beste lizentzia murriztaileago batzuen pean argitaratu behar direnak.
Webguneak sekzio ugari ditu, eta, haien bidez, Zinemaldiaren 70 urteko ibilbidean bidaiatu daiteke. 70 edizioak izeneko atalean, edizio bakoitzeko datuak kontsulta daitezke, urtez urte. Ikerketak atalaren barruan dago Historiak sekzioa –artxiboko materialetatik abiatuta egindako dibulgazio-saiakuntzak– eta bertsio digitalean biltzen ditu gaur egun arte egindako argazki-erakusketak, bai eta Zinemaldia 70 egitasmoak sustatutako programa publiko guztien informazioa ere. Bilduma digitalak atalean daude Hilabeteko dokumentua sekzioa, Zinemaldiko egunkariak, kartelak eta argazkiak. Katalogoa atalean, publiko orokorrari eta profesionalei zuzendutako bilatzaileak daude; eta Bisitatu eta kontsultatu artxiboa atalak materiala online nahiz aurrez aurre eskuratzeko moduari buruzko informazioa eskaintzen du.
Proiektuaren izenburuarekin bat etorriz –Zinemaldia 70: historia posible guztiak–, pertsona bat webgunera sartzen den bakoitzean, ongietorri-orriak edukien lagin berri bat osatuko du artxiboko material desberdinetatik abiatuta. Horrela, webgunearen aurkezpena ez da inoiz berdina, eta konbinazio amaigabeak ditu. Konbinazio horiek, gainera, ugaritu egingo dira, fitxategia digitalizazio berriekin aberasten den heinean. Lehen fase hori amaitu ondoren, taldeak lanean jarraituko du funtsak kontserbatzeko, katalogatzeko eta digitalizatzeko prozesuetan –etorkizunean ikus-entzunezko materiala ere sartuko dute–, bai eta artxiboaren inguruko ikerketa eta pentsamendu kritikoa sustatzen ere.
Bestalde, webguneak inbentario bat du, artxiboan gordetzen diren objektuei dagozkien 27.000 katalogazio-erregistro baino gehiago kontsultatzeko aukera ematen duena; objektu horiek, digitalizatuta dauden gorabehera, behar bezala deskribatuta eta lokalizatuta ageri dira. Material horiek (batez ere administrazio-dokumentazioa eta korrespondentzia, prentsa-artxiboa, argazkiak eta kartelak) aurrez aurre aztertzeko aukera izango da Euskadiko Filmategiko irakurketa-aretoan, 2023ko urtarriletik aurrera –webgunearen bidez hala eskatzen duten irakaskuntza- eta ikerketa-arloko profesionalek eta espezialistek soilik izango dute aurrez aurre aztertzeko aukera–.
Bildumaren epe luzeko kontserbazioa bermatzeaz eta haren irisgarritasuna ahalbidetzeaz gain, proiektuaren lehen fasearen helburu nagusia izan da artxibo bizi bat sortzea, Zinemaldiaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketarako eta eztabaidarako gune bat, pentsaera, ikerketa eta sorkuntza garaikidearen inguruko elkarrizketa kritikoetara irekia. Horretarako, EQZEko graduondoko ikaslez osatutako taldeek garatutako ikerketa-ardatzak zehaztu dira proiektuaren hasieratik. Pablo La Parra Pérez ikertzailea aritu da horiek zuzentzeko lanetan, Zinemaldiko zenbait departamenturekin lankidetzan. Ikerketa-fokuek Zinemaldiaren historian oso ezagunak ez diren edo argitaratu ez diren alderdietan jarri dute arreta: Francoren diktaduraren garaiko zentsura zinematografikoa; Trantsizioaren urteetan izan zituen eraldaketak eta demokratizazioa; Zinemaldiaren ikusizko historia ikuspegi kritiko eta feministatik berrikustea, haren argazki-ondarearen bitartez; ikasle eta zinema-eskolen parte-hartzea, hala nola 60ko hamarkadan egindako zinematografia-eskolen lehen topaketa, gaur egungo Nest saila eta 1983. eta 1985. urteen artean egindako Bideo Jaialdia.
Proiektuak Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundearen babesa izan du lau urtez. Babes hori “Loterías con la Cultura” ekimenaren barruan kokatzen da, eta, hala, enpresa publikoak gure kultura hedatzen eta zaintzen laguntzen du. Era berean, herritarrak kulturara iristea ere sustatzen du, gizarte demokratiko baten balioak indartzeko, irizpide propioa izango duen eta askatasunez erabaki ahal izango duen gizarte baten balioak, hain zuzen.
Larunbatean, hilak 17, Donostia Zinemaldiaren artxiboa jendaurrean aurkezteko jardunaldia izango da Tabakalerako zinema-aretoan. 16:30ean, solasaldia egingo da, eta Pablo La Parra Pérez ikerketa-proiektuaren arduradunak egingo ditu moderatzaile-lanak. Maialen Beloki (Donostia Zinemaldia), Carlos Muguiro (Elías Querejeta ZineEskola), Arantza Mariskal (MedialabTabakalera), Joxean Fernández (Euskadiko Filmategia) eta Ane Abalde (Kutxa Fundazioa) izango dira gainerako parte-hartzaileak. Ondoren, 17:15ean, Lorena Soria, Andrea Sánchez eta Anna Ferrer Homs zaharberritzaile eta kontserbatzaileek funtsak kontserbatzeko eta katalogatzeko prozesuaren gako teknikoak azalduko dituzte mahai-inguru batean. Irati Crespok, Zinemaldia 70 proiektuaren koordinatzaileak, modu praktikoan azalduko ditu Zinemaldiko funtsetara sartzeko gakoak, Un archivo abierto: acceso, consulta y uso de materiales hitzaldian. Ondoren, La Parrak Un archivo vivo: investigación y pensamiento hitzaldia emango du. Jardunaldia amaitzeko, EQZEko lehen promozioko ikasle izandako Clara Rus egilearen ¿Cuáles son nuestros años? film laburra proiektatuko da, EQZEko ikasleek 2018an artxiboarekin izandako lehen kontaktua dokumentatzen duena.