"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Antxon Eceiza zinemagilearen figuraren inguruko ikerketa, Paolo Moretti programatzailearen gutun zuria eta Z70: historia posible guztiak proiektuaren emaitzak izango dira Zinemaldia + Plusen 2022ko azken hiru saioak. Urteroko foku horrekin Donostia Zinemaldiak Tabakaleraren zinema-pantaila publiko partekatuaren programazioan parte hartzen du hilero –Donostiako Zinemaldiaren urte osoko Z365 atalak antolatzen du–.
Urriaren 22ko jardunaldiak Antxon Eceiza zinemagilea izango du hizpide. 18:00etan, Donostia Zinemaldiaren zuzendariorde eta Entre Antonio y Antxon Eceiza. Cine y política tesiaren egile Maialen Belokik Antxon Eceiza. Vidas, tiempos, obras liburua aurkeztuko du (Shangrila argitaletxea), Ikus-entzunezko Komunikazioko katedradun Santos Zunzuneguik lagunduta. 19:00etan, ZINE aldizkari akademikoaren hirugarren zenbakia aurkeztuko da ofizialki. Antxon Eceizaren biofilmografiari eskainita dago. Maialen Belokik eta Beñat Sarasola ikertzaileak –haren idazkiak jaso dira zenbaki horretan– parte hartuko dute elebiduna izango den aurkezpenean. Ondoren, zinemagile donostiarraren Ke arteko egunak (1989) filma emango da gaztelaniazko azpitituluekin. Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatu zen lehen euskarazko filma da.
Azaroaren 26an, Alessio Rigo de Righi eta Matteo Zoppis zinemagile italiarren Re Granchio (2021) filma estreinatuko da Zinemaldia + Plusen barruan. Zinemaldiak zinema-jaialdietako arduradun eta programatzaileei gutun zuriak proposatzen dizkie; hain zuzen ere, iaz hasi zen Rotterdameko zinema-jaialdiko zuzendari Vanja Kaludjercicekin. Bada, film hori gutun zurien esparruan sartzen da. Re Granchio Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean erakutsi zen eta haren zuzendari artistiko ohi Paolo Morettik hautatu du –epaimahikidea izan zen azken Donostia Zinemaldiaren New Directors sailean–.
Z70: historia posible guztiak proiektuak antolatzen duen ohiko programa publikoak Zinemaldiaren artxiboaren kontserbazioaren eta ikerketaren lehen fasearen amaiera hartuko du. Abenduaren 15ean artxiboaren bilduma digital guztiak hartuko dituen webgune berria aurkeztuko da. Honako hauek osatzen dituzte bilduma digital horiek: Zinemaldia aldizkariaren ale guztiak (1954. urteaz geroztik argitaratzen da), Zinemaldiaren funts propioetatik eta Kutxateka bildumatik datozen 2.000 argazki baino gehiago, eta gorde diren kartelen bilduma osoa (eta 200 ale berri ere). Gainera, azken lau urteetan egindako lanaren ondorioak aurkeztuko dira, eta Clara Rusen ¿Cuáles son nuestros años? (2021) film laburra emango da. Elías Querejeta Zine Eskolaren lehen promozioko ikasle zenean filmatu zuen, artxiboa lehen urratsak egiten hasi zenean.
Hiru saioak Tabakalerako 1. zinema-aretoan egingo dira. Sarrera librea da jarduera guztietan, Ke arteko egunak eta Re Granchio filmen proiekzioetan izan ezik. Horietarako sarrerak Tabakalerako informazio-puntuan eta Tabakaleraren webgunean eros daitezke; 4 euro balio dute.