Donostia Zinemaldiak, Ikus-entzunezkoen 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko 2025erako Lantaldea (GTI Grupo de Trabajo Interterritorial de Igualdad en el Audiovisual 50/50 para 2025) eta CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea osatzen duten kolektiboak urtebete eman dute lankidetzan, eta lankidetza horrek hainbat emaitza positibo izan ditu, hala nola sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta horien aurrean jokatzeko protokolo bat lantzea eta generoen araberako parte-hartzearen txostenean soinuaren lanbide-kategoria txertatzea.
Genero-berdintasunaren inguruko lehen lan-jardunaldia 69. edizioan egin zen. Bertan, Donostia Zinemaldiko zenbait ordezkarik parte hartu zuten, hauek osatzen dituzten kolektiboekin batera: 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko 2025erako Lantaldea (GTI Grupo de Trabajo Interterritorial de Igualdad en el Audiovisual 50/50 para 2025) –(H)emen (Emakumeentzako Ikus-entzunezko Elkartea); AAMMA (Ikus-entzunezkoetan diharduten emakumeen Andaluziako Elkartea); AMMA (Ikus-entzunezkoetan diharduten emakumeen Murtziako Elkartea); DONA I CINEMA (Associació de dones del País Valencià); DONES VISUALS (Associació Promotora de Dones Cineastes i de Mitjans Audiovisuals de Catalunya)– eta CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea; elkarrizketa etengabea eta loteslea ezartzea adostu zen lehen jardunaldi hartan, berdintasuna, aniztasunaren inklusioa eta beste hainbat gai jorratzeko ez ezik, apurka-apurka eta elkarrekin aurrera egiteko ere bai.
Zinemaldiak eta (H)emen, AAMMA, AMMA eta DONES VISUALS elkarteek azken hamabi hilabeteotan elkarrekin egindako lanaren lorpenen atalean, elkarrizketaz beraz eta elkarrekin lan egiten jarraitzeko erabakiaz gain, sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta horien aurrean jokatzeko protokoloa dugu, Zinemaldiaren testuinguruan horrelako egoerak gertatuz gero prozedura bat ezartze aldera. Baliabide horren bidez, Zinemaldiak bere jarrera proaktiboa indartzen du, nola jazarpenaren prebentzioan –enpresak onartzen ez dituen portaerei buruzko sentsibilizazio eta informazioan funtsatuta–, hala jardunbide egokien hedapenean eta beharrezko neurrien ezarpenean.
2019az geroztik, gainera, Donostia Zinemaldiak txosten bat argitaratzen du, zuzendaritza, ekoizpen, gidoi, argazki, musika eta muntaketako lanbideetan Zinemaldian hautatutako filmetan genero bakoitzak duen partaidetza aztertzen duena, eta aurten kategoria profesional berri bat sartu du, elkarteekin izandako elkarrizketen ondorioz: soinua. Helburua urtez urte kategoriak gehituz joatea da, zinema-industriaren errealitatea ahalik eta modurik zehatz eta xehakatuenean deskribatze aldera.
Generoaren araberako parte-hartzeari buruzko aurtengo datuak zehatz-mehatz azalduko dira urtearen amaieran argitaratuko den genero-identifikazioari buruzko txostenean. Sakonki aztertu gabe, programazioari besterik gabe erreparatzen badiogu, ikusiko dugu Zinemaldiak genero-berdintasunean aurrera egiteko duen asmo sendoa honako hauetan nabarmentzen dela: mahai-inguruak, eskola magistralak, sari ofizialen epaimahaien osaera, New Directors Saila –zinemagileen lehen eta bigarren obrei buruzkoa–; alabaina, hori ez da islatzen Sail Ofizialean, hainbat faktoreren eraginez, hala nola hauek: zinema-jaialdien zirkuituaren idiosinkrasiak eta industria zinematografikoaren zirkuitu propioak, non emakumeen presentzia ez baita iristen % 30era, urtez urte, lanbide-kategoria gehienetan. Horregatik, Zinemaldiak bere kezka helarazi nahi die erakundeei eta industriei, zaila baita ekitatearen alde lan egiten jarraitzea horien parte-hartzerik gabe.
Txostenen bidez azken lau urteotan ateratako lehen ondorioetako baten arabera, genero-identifikazioari dagokionez, parte-hartze orekatuagoa egon ohi da zinemaren munduan lehen urratsak egiten ari diren egileen filmetan (adibidez, film laburren lehiaketetan, egileen lehen lanen sailetan, filma proiektu-fasean dagoeneko industria-ekimenetan, etab.), edo bestela esanda, zinema-industrian sartzean baino zinema-industrian irautean ageri ohi dira zailtasunak hein handiagoan. Horren haritik, Zinemaldiak hartutako konpromisoari eusten dio, jarraipena egin eta egiaztatzeko New Directors saileko zuzendari eta gidoilari emakumezkoen proiektu berriak hurrengo urteetan zinema-jaialdi honetako edo nazioarteko beste batzuetako lehiaketa ofizialetara iristen diren, eta zinema-eskoletako ekoizle, argazki-zuzendari, muntatzaile eta musika-konpositore emakumezkoek ibilbide zinematografikoa egiten duten edo ez.
Zinemaldiak, elkarteekin batera egiten duen lanean, emakumeek zuzendutako filmen presentzia sendotu nahi du hautaketa guztietan. Bihar, hilaren 23an (ostirala), topaketa berri bat gauzatuko dute Tabakaleran Zinemaldiak, CIMAk eta GTI taldeko elkarte feministek.