Pentsamendua eta Eztabaida ekimenak –Donostia Zinemaldiaren zeharkako sailak–, urtean zehar zabaltzen diren proposamenen bitartez nazioarteko zinema-jaialdiek eta kultura zinematografiko garaikideak dituzten erronkei erantzuteko jomuga duenak, 70. edizioan hizketaldi, eskola magistral, mahai-inguru eta lan-saioz osatutako programa bat antolatuko du. Hona hemen aurten jorratuko diren gai estrategikoetako zenbaitzuk: sorkuntza zinematografikoaren alderdi diferenteak; berdintasunaren eta genero-aniztasunaren defentsa; industria zinematografikoaren ingurumen- eta lan-jasangarritasuna; eta teknologia berriek ikus-entzunezko paisaian duten eragina.
Duela bi urte hasitako bidea finkatze aldera, Hizketaldiak atalak Ikus-entzunezko Eskubideak Kudeatzeko entitateak, DAMAk, bultzatutako bi topaketa proposatuko ditu, gaur egungo artisten lan-prozesuetan eta sorkuntza-unibertsoetan sakontzeko. Alde batetik, irailaren 19an (astelehena) 16:00etan, Isabel Coixet errealizadore katalanak El sostre groc (El techo amarillo) dokumentala aurkeztuko du Sail Ofizialeko emanaldi berezi batean eta bere ibilbide zinematografiko luzeari buruzko zenbait hausnarketa partekatuko ditu. Literaktum Jaialdiarekin lankidetzan, egun horretan bertan zinemaren eta literaturaren arteko harremanak aztertzeko solasaldi bat egingo da Okendo Kultur Etxean, Selva Almada idazle argentinarraren eskutik (Horizontes Latinos saileko epaimahaikide ere bada Almada, eta bere lana besteak beste Lucrecia Martel zuzendarien lanari estuki lotuta egon da).
Hizketaldien programa Nesten –Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketaren– esparruan programatutako bost eskola magistralekin osatuko da. Eskola magistral horiek guztiak Tabakalerako zinema-aretoan egingo dira eta diziplinarteko begirada bat eskainiko diote sorkuntza garaikideari.
Hilaren 19an (astelehena), 11:00etan, Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean estreinatu ondoren Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko duen El agua film luzea emango da, eta Elena López Riera zuzendariak eskola magistral bat emango du, besteak beste, Ikusmira Berriak programan bizitako esperientzia gogorarazteko. Hilaren 20an (asteartean), 16:00etan, Ariadna Dot ekoizleak eta Giovanni Pompili ekoizle eta Torino Green Lab laborategiko koordinatzaileak filmaketen eta ekoizpen zinematografikoaren ingurumen-jasangarritasunari buruz hitz egingo digute, ekoitzi duten film baten kasuan funtsatuta: Carla Simónen Alcarràs, Berlinaleko Urrezko Hartzaren irabazlea eta Made in Spain sailean programatua. Hilaren 21ean (asteazkena), 15:30ean, Ruth Beckermann zinemagile austriarrak eskola magistral bat emango du Mutzenbacher bere azken film luzea –Zabaltegi-Tabakaleran barne hartua eta Berlinaleko Encounters saileko irabazlea– eman ondoren. Zinemarako soinu-sorkuntza izango da laugarren saioko protagonista hilaren 22ko (osteguna) saioan –16:00etakoan–, Para One (Jean-Baptiste de Laubier) konpositore, musika elektronikoaren ekoizle eta zinemagilearen eta Aránzazu Calleja musikari eta konpositorearen arteko topaketa batekin; izan ere, euren lanari buruz egingo dute gogoeta bi hizlariek BIMErekin lankidetzan antolaturiko saio horretan. Azkenik, hilaren 23an (ostirala), goizeko 11:00etan, Natalia López Gallardo zinemagileak eskola magistral bat emango du bere azken film Manto de gemas –Zabaltegi-Tabakalera saileko programazioan barne hartua eta Berlinaleko Epaimahaiaren Sariaren irabazlea– eman ondoren.
Bestalde, hilaren 20an (asteartea), 19:00etan, DAMAk bultzatutako hizketaldi bat egingo da Prentsa Klubean, Mariona Borrull, Elisa McCausland, Blanca Martínez eta Júlia Olmo zinema-kritikarien artean, idazkera eta pentsamendu zinematografikoko formatu, ikuspegi eta kanalen inguruan berrikuntzak txertatzen ari diren emakumezko kritikari gazteen belaunaldi berri baten ordezkari gisa.
Pentsamendua eta Eztabaida ekimenak eta Industria Departamentuak elkarrekin antolatutako jarduerek berdintasunarekin, genero-aniztasunarekin eta sexu-orientazioarekin lotutako gaiak nabarmenduko dituzte, zeharkako ikuspegi batetik betiere, eta bestelako gogoetak ere txertatuko dituzte, hala nola dibertsitate funtzionalari buruzkoak.
Larunbaterako –hilaren 17rako– (16:30), To be continued… Zer gertatzen da lehen denboraldi arrakastatsu baten ondoren? jardunaldia programatu da Prentsa Klubean, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi programarekin elkarlanean, eta fenomeno baten analisia izango da abiapuntua: ikus-entzuleen eta kritikarien artean arrakastarik handiena izan duten zenbait telesail berriren bigarren denboraldia egiten ari direla edo telesail horien zuzendariak beste obra batzuk ari direla lantzen, hain zuzen ere. Jardunaldiari hasiera emateko, Cardo telesailaren sortzailetako batek, Ana Rujasek eta Anna R. Costak – Movistar Plus+ Galan estreinatuko den Fácil Movistar+ plataformaren jatorrizko telesailaren zuzentzaileak– parte hartuko duten mahai-inguru bat egingo da, Marta Medina kazetariak moderatua. Elkarrizketa hori osatzeko, aniztasun funtzionala duten antzezleen lanari buruz elkarrizketan ariko dira, laburki, Anna Marchessi Riera –Fácil telesaileko protagonistetako bat– eta Jorge Gonzalo –Ikus-entzunezko Komunikabideetako Aniztasunaren Behatokiko presidente eta CEOa–.
Iberomerikako LGTBIQA+ Jaialdien Topaketak hainbat jarduera bilduko ditu. Alde batetik, asteartean, hilaren 20an (asteartea, 12:00), San Telmo Museoan mahai-inguru bat egingo da honako hauekin guztiekin: Albertina Carri zinemagilea, Las hijas del fuego filmaren zuzendaria; Bianca Gaytán, Cuórum Morelia jaialdiko komunikazio instituzionaleko eta prentsako zuzendaria eta egonaldietako arduraduna; eta Eugenia Campos Guevara ekoizlea; Salima Jirari izango da moderatzailea, aniztasunean aditua dena. Eztabaida horren ondoren, Amplitud ekoiztetxeko Pau Brunetek moderatutako elkarrizketa bat egingo da, eta aurten Horizontes Latinos sailean hautatuta egonik ikus-entzunezko narratibatik abiatuta gizontasunaren esplorazio kritiko bat abiarazten duten film jakin batzuekin loturiko zinemagileek hartuko dute parte elkarrizketa horretan: Mariano Biasin, Sublime filmarekin Sebastiane Latino Saria irabazi zuena; eta Claire Charles-Fervais, Un varón filmaren koproduktorea.
Bestalde, egun horretan bertan, 17:30ean, Kutxa Kultur Klubean LGTBIQA+ jaialdietako labetatik eta work in progress programetatik igaro diren eta espezializatu gabeko jaialdietan hautatuak izan diren proiektuei buruzko mahai-inguru bat egingo da. Saioaren moderatzailea Jorge Vañó izango da, FIRE!! jaialdiko programatzailea, eta hauek hartuko dute parte: Bianca Gaytán; Adrián Silvestre zinemagilea, Mi vacío y yo obraren zuzendaria; eta Zaida Carmona zinemagilea, La amiga de mi amiga filmaren zuzendaria; arestian aipaturiko bi filmak Made in Spain sailean daude programatuta aurten.
Halaber, barneko lan-jardunaldi bat egingo da Zinemaldian zehar, Zinemaldiko lantaldeko kideak Grupo de Trabajo Interterritorial de Igualdad en el Audiovisual 50/50 para 2025 (GTI) plataformako eta CIMAko ordezkariekin bilduko dituena. Topaketa horrek jarraipena emango die 2021az geroztik zinemaren industrian emakumezko profesionalak, jaialdietan kode etikoak eta genero-identitate desberdinen aintzatespena eta berdintasuna txertatzeko politika eraginkorrak prestatzen ari diren lan-saioei.
Pentsamendua eta Eztabaida saileko jardueren beste zati bat zinematografia-industrian gertatzen ari diren eraldaketa nagusietako batzuk aztertzean oinarrituko da. Irailaren 17an (larunbata), 18:30ean, DAMAk bultzatutako mahai-inguru bat egingo da Prentsa Klubean, Juan Antonio Vigar –Málagako jaialdiko zuzendaria– izanik moderatzailea, zinema-jaialdietako babes publiko-pribatuei buruz hitz egiteko. Hauek izango dira mahai-inguru horretako parte-hartzaileak: Inés Monguilot Lasso de la Vega, Kutxabankeko Marketin, Publizitate eta Kanalen zuzendaria; Jesús Huerta, Loterías y Apuestas del Estado estatu-sozietatearen lehendakaria; eta Asier Aranbarri, 2030 Agendako Berrikuntza Sozialaren zuzendaria.
Europa Distribution elkarteak bultzatutako mahai-inguru batek aukera emango du eztabaidan aritzeko zinema europar anitz, zirraragarri eta arriskugarriekiko grina pizteko moduari buruz ikus-entzuleen artean. Mahai-inguruan astelehenean –hilaren 19an, goizeko 10:00etan– izango da San Telmo Museoan eta honako hauek hartuko dute parte bertan: Andrei Agudaru, Transilvaniako jaialdikoa; Ben Johnson, GRUVI plataformakoa; Katarzyna Orysiak-Marrison, Gutek konpainiakoa; eta Anne Vierhout, Cinema Delicatessen taldekoa.
Egun horretan bertan, 13:00etan, European Proucers Club taldeak bultzatutako mahai-inguru bat egingo da San Telmo Museoan. Bertan, Álvaro Longoria, Gudny Hummelvoll eta Marco Chimenz ekoizleek eskatu ahalako bideoen merkatu-krisiaz eta horrek zinemagintzan dituen ondorioez hitz egingo dute.
Asteartean (irailaren 20a, 10:00), San Telmo Museoko areto nagusian, DAMAk bultzatutako mahai-inguru bat gauzatuko da, eta hiru hauek bilduko dira bertan ikus-entzunezkoak ekoizteko modu tradizionaletan bitarteko digital berriek txertatu dituzten eraldaketei buruz hausnartzeko: Roger Gual zinemagilea eta Marisa Fernández Armenteros ekoizlea. Mahai-ingurua Elena Neirak moderatuko du, La otra pantalla aholkularitza-enpresaren fundatzaileak, hain zuzen.
Diana Williamsek (Kinetic Energy Entertainment) eta Elisa Alvaresek (Jaracanda Consultants) berrikuntzari buruzko mahai-inguru batean parte hartuko dute, Wendy Mitchell –Donostia Zinemaldiaren Eskandinaviako eta Erresuma Batuko delegatua– izanik moderatzailea. Mahai-ingurua San Telmo Museoan egingo da asteazkenean (hilaren 21a), 13:00etan.
Zinemaldia & Technology programaren barruan, Tabakalerako Patio aretoak metabertsoari buruzko bilkura bat hartuko du ostegunean (hilaren 22a, 12:30), metabertsoa joera teknologiko nagusitzat hartzen dela kontuan izanik. Hauek izango dira partaideak: Maitane Valdecantos, ikus-entzunezko zuzenbidean eta aditua jabetza intelektualean; Beatriz Pérez de Vargas, RTVEko sortzaile exekutiboa; eta Kim Magnusson, Scandinavian Film Distribution ekoiztetxekoa. Egun horretan bertan, 18:00etan, animazioaren eta errealitate birtualari buruzko mahai ingurua egingo dute 2deon Zinemaldia & Technologyren barruan, sektorean ezagunak diren Isabel Huerguerarekin, Iván Miñambresekin eta James A. Castillorekin.
Hizketaldiak eta eskola magistralak
|
Hilaren 19a (astelehena), 11:00, Tabakalerako zinema-aretoa. Sarrerak Zinemaldiaren ohiko kanalen bidez salgai, eta akreditaziodunentzako emanaldiak sarrerak erreserbatzeko sistemaren bitartez.
Hilaren 19a (astelehena), 16:00, Okendo Kultura Etxea. Literaktum jaialdiarekin lankidetzan antolatua. Sarrera librea edukiera bete arte.
Hilaren 19a (astelehena), 16:00, Tabakalerako zinema-aretoa. Ikus-entzuleentzako gonbidapen bidezko sarrerak irailaren 16tik aurrera atera ahalko dira Zinemaldi Plazaren leihatilatik.
Hilaren 20a (asteartea), 16:00, Tabakalerako zinema-aretoa. Ikus-entzuleentzako gonbidapen bidezko sarrerak irailaren 16tik aurrera atera ahalko dira Zinemaldi Plazaren leihatilatik. Zinemaldiak sarrerak erreserbatzeko gaituta duen sistemaren bitartez egin dezakete erreserba akreditaziodunek.
Hilaren 21a (asteazkena), 15:30, Tabakalerako zinema-aretoa. Sarrerak Zinemaldiaren ohiko kanalen bidez salgai, eta akreditaziodunentzako emanaldiak sarrerak erreserbatzeko sistemaren bitartez.
Hilaren 22a (osteguna), 16:00, Tabakalerako zinema-aretoa. BIMErekin elkarlanean. Ikus-entzuleentzako gonbidapen bidezko sarrerak irailaren 16tik aurrera atera ahalko dira Zinemaldi Plazaren leihatilatik. Zinemaldiak sarrerak erreserbatzeko gaituta duen sistemaren bitartez egin dezakete erreserba akreditaziodunek.
Hilaren 23a (ostirala), 11:00, Tabakalerako zinema-aretoa. Sarrerak Zinemaldiaren ohiko kanalen bidez salgai, eta akreditaziodunentzako emanaldiak sarrerak erreserbatzeko sistemaren bitartez.
Mahai-inguruak
|
Hilaren 17a (larunbata), 16:30, Prentsa Kluba. Parte-hartzaileakn: Ana Rujas eta Anna R. Costa. Elkarrizketa Anna Marchessi Riera eta Jorge Gonzaloren artean. Industria-akreditazioarekin.
Moderatzailea: Juan Antonio Vigar; Parte-hartzaileak: Inés Monguilot Lasso de la Vega, Jesús Huerta eta Asier Aranbarri. Hilaren 17a (larunbata), 18:30, Prentsa Kluba. Akreditazio edota gonbidapenarekin: eztabai@sansebastianfestival.com.
Parte-hartzaileak: Andrei Agudaru, Ben Johnson, Katarzyna Orysiak-Marrison eta Anne Vierhout. Sustatzailea: Europa Distribution. Hilaren 19a (astelehena), 10:00, San Telmo Museoko Ekitaldi Aretoa. Industria-akreditazioarekin.
Parte-hartzaileak: Álvaro Longoria, Gudny Hummelvoll eta Marco Chimenz. Sustatzailea: European Producers Club. Hilaren 19a (astelehena), 13:00, San Telmo Museoko Ekitaldi Aretoa. Industria-akreditazioarekin.
Parte-hartzaileak: Roger Gual eta Marisa Fernández Armenteros. Hilaren 20a (asteartea), 10:00, San Telmo Museoko Ekitaldi Aretoa. Industria-akreditazioarekin.
Parte-hartzaileak: Mariona Borrull, Elisa McCausland, Blanca Martínez eta Júlia Olmo. Hilaren 20a (asteartea), 19:00, Prentsa Kluba. Akreditazio edota gonbidapenarekin: eztabai@sansebastianfestival.com.
Hilaren 20a (asteartea), 12:00, San Telmo Museoko Ekitaldi Aretoa. Parte-hartzaileak: Albertina Carri, Bianca Gaytán, Eugenia Campos Guevara eta Salima Jirari. Pau Brunetek moderatutako elkarrizketa bat barne hartzen du, Mariano Biasin eta Claire Charles-Fervais zinemagileekin. Industria-akreditazioarekin.
Mahai-inguruaren moderatzailea: Jorge Vañó. Parte-hartzaileak: Bianca Gaytán, Adrián Silvestre eta Zaida Carmona. Hilaren 20a (asteartea), 17:30, Kutxa Kultur Kluba. Industria-akreditazioarekin.
Parte-hartzaileak: Diana Williams eta Elisa Alvares. Hilaren 21a (asteazkena), 13:00, San Telmo Museoko Ekitaldi Aretoa. Industria-akreditazioarekin.
Parte-hartzaileak: Maitane Valdecantos, Beatriz Pérez de Vargas eta Kim Magnusson. Hilaren 22a (osteguna), 12:30, Tabakalerako Patio aretoa. Industria-akreditazioarekin.
Isabel Herguerarekin, Iván Miñambresekin eta James A. Castillorekin. Hilaren 22a (osteguna), 18:00, 2deo (Tabakalera). Industria-akreditazioarekin.