"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Datorren urriaren 5ean hasiko da berriro Tabakaleran Donostiako Zinemaldiaren 70. urteurrenari (1953-2022) eskainitako Nosferatu zikloa. Zikloari joan den urtarrilean eman zitzaion hasiera Une histoire de vent (1988) filmarekin; Joris Ivens dokumentalgile nederlandar beteranoak zuzendutako azken filma.
Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura-Filmoteca de la Generalitat Valenciana-ren lankidetzarekin, antolatutako Nosferatu Zinemaldia 70ren hirugarren hiruhilekoan, hamaika film proiektatuko dira, 1988 eta 2010 urte bitartean Donostia Zinemaldiaren programaziotik igaro zirenak, eta erakustaldi honetan uda aurretik proiektatutako 26 filmei gehitzen zaizkienak.
Ohi bezala, sarrerak Tabakaleraren webgunean jarriko dira salgai hilero, aurreko hilaren 15etik aurrera, irailaren 15etik hasita, orduan hasiko baitira urriko proiekzioetarako sarrerak saltzen.
Zikloarekin batera bi liburu argitaratu dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, Zinemaldiaren historian oinarrituta. Lehena, Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia / San Sebastián, Colección Nosferatuko 18. zenbakia, Quim Casasek koordinatua, urtarrilean argitaratu zen. Bigarrena, Katixa Agirrek idatzia, Nosferatu Bildumako 10. zenbakia, azaroan argitaratuko da.
Hirugarren hiruhilekoaren programazioa