"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nest-ek, Donostia Zinemaldiaren Zinema ikasleen film laburren lehiaketa sailak, bihar (ekainak 1) irekiko du izena emateko epea. Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako saila hogeita batgarren ediziora iritsiko da eta mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztearen helburuari eutsiko dio.
Aurten Nestek bere ohiko formatua berreskuratuko du, pandemia aurretik zuen formatu bera. Horiek horrela, sailak bost egun iraungo du berriro, eta ez hiru, bost eskola magistral izango ditu eta ohiko ekitaldiak antolatuko ditu berriz ere; horrek esan nahi du berriro egingo dela Donostian zinema-eskoletako 60 ikasle baino gehiagoren topaketa.
Iazko edizioan hamalau film labur lehiatu ziren Nest sailean, zazpi emakumezko zuzendariek eginak eta beste zazpi gizonezkoek eginak. Munduko 42 herrialdetako 157 eskolak bidalitako 310 lan aurkeztu ziren guztira.
Zinema-eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake. Zinemaldia egin aurreko 12 hilabeteetan eginak izan behar dira aurkeztutako filmak eta horietatik hamabost inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko. Epaimahai batek lan onenaren zuzendariari emango dio Nest Saria, 10.000 eurokoa.
Lanen izena online eman ahal izango da, bihartik aurrera (ekainak 1, asteazkena). Araudia eta Nest lehiaketari buruzko informazio gehiago eskuragarri daude Zinemaldiaren webgune ofizialean. Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 1ean amaituko da.
Donostia Zinemaldiko sail garrantzitsuenetako bat da Nest, talentu berriak sustatzeko estrategiari dagokionez, eta iaz hogeigarren urteurrena ospatu zuen. 2002an sortu zenetik, 1.000 ikasle inguru bildu ditu, industriako profesionalekin 90 eskola magistral eta elkarrizketa hartu ditu (Céline Sciamma, Albertina Carri, Alexander Payne, Bertrand Bonello…) eta 357 film labur hautatu ditu. Nest sailak, guztia hasten den lekuak, zinemagile askoren lanak erakutsi ditu, besteak beste, Jerónimo Quevedo, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Laura Wandel o Grigory Kolomytsev zuzendarienak; ondoren, horietako askok Donostia Zinemaldian eta beste hainbat nazioarteko lehiaketetan estreinatu dituzte hurrengo lanak.