"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Carla Simón zinemagile katalanak Urrezko Hartza lortu zuen atzo 72. Berlinalen Alcarràs filmarekin. Filmak Kataluniako nekazarien laborantza eta lana omentzen ditu. Sari hori lortzen duen lehen zuzendari espainiarra da.
Bihar, ostirala, otsailak 18, 19:00etan, Carla Simónek ‘Zinemagileen Elkarrizketak’ ikastaroaren saio berri batean parte hartuko du Ana Pfaff muntatzailearekin batera. Kolaboratzaileak izateaz gain, biak Elías Querejeta Zine Eskolako irakasle taldeko kideak dira. Estiu 1993 (2017) filmean izandako lankidetza dela eta, muntaiari eta ikuspegi zinematografikoari buruz hitz egingo dute, eta ez dira faltako zinemagileak bizitzen ari diren une historiko honi buruzko aipamenak. Ikastaroan aldez aurretik izena emandako 280 lagunek jarraitu ahal izango dute saioa online.
Estiu 1993 izan zen beren lehenengo filma, Inicia Films eta Avalonek ekoiztua. Berlinalen estreinatu zen eta Opera Prima Onenaren saria eta Generation Kplus saileko Nazioarteko Epaimahaiaren Grand Prix saria irabazi zituen. Gainera, Malagako Zinemaldian Urrezko Biznaga irabazi zuen, BAFICI Zinema Jaialdian Zuzendari Onenaren saria, Istanbuleko Zinema Jaialdian Epaimahaiaren Aipamena edo Film Onenaren Saria Odesan, besteak beste. Carla Simón Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera saileko epaimahaikide izan zen 2017an.
Ikastaroaren formatuan, zinemagile bakoitzarekin batera hainbat esparrutan lankide izan ohi duen pertsonaren batek parte hartzen du. Proiektu zinematografiko batean, begirada artistikoa zuzendariari egozten bazaio ere, gidoia, finantzaketa, ekoizpena, filmaketa edo postprodukzioa errealizazioaren zati ukaezinak dira. Hori dela eta, zinemagile bakoitzak eta bere laguntzaileak ikuspegi artistiko desberdinak partekatzen dituzte, eta laneko materialak erakusten dizkigute, hala nola dosierrak, gidoiak, filmaketa planak eta ekoizpenaren eta zuzendaritzaren artean partekatutako dokumentuak.
Ikastaro honen helburua zinemazaleari gako berriak eskaintzea da, film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko. “Zinemagileen arteko elkarrizketak” ikastaroan zinema sorkuntzaren intrahistoria ezagutzeko aukera izango dugu, elkarrizketa formatu atsegin batean.
Zinemagilearen begirada bakar hori erdigunetik kentzeaz gain, ikastaroaren helburua proiektu baten garapenean parte hartzen duten lanbide tradizionalenak ezagutaraztea da zinema modu kritikoan ikusten eta irakurtzen ikastea, norabide guztietan aldarazten ari duen testuinguru batean.
Koldo Mitxelena Kulturunearen zinemaren aldeko apustu berri honek bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua arlo horretan garatzen ari den ikus-entzunezko proiektuak babesteko, sustatzeko eta hedatzeko ekintzekin. Besteak beste, Elias Querejeta Zine Eskolaren sorrera, eskola horretan matrikulatzeko bekak, Lanabesa laguntza lerroa –2017az geroztik, iraupen luzeko ikus-entzunezkoen 70 proiektu baino gehiago babestu ditu–, edo Gipuzkoako Foru Aldundia Donostia-Gipuzkoa Film Comission erakundean sartzea.