Koldo Mitxelena kulturuneak 'Zinemagileen arteko elkarrizketak' ikastaroa antolatu du zine ikasleentzat eta zinemazaleentzat, eta zinemagintzako profesionalek emango dute Donostiako Zinemaldiaren urte osoko zinemaldia den Z365 atalarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera. Urtarrilaren 14an hasi zen, apirilean amaituko da eta 280 lagunek eman dute izena. Aurrez aurre nahiz online jarraitu ahal izango dituzte saioak.
Bost saio irekietatik bi otsailean izango dira. Lehenengoa, bihar asteartean izango da, hilak 8, eta Icíar Bollain zinema zuzendaria Koldo Zuazua ekoizlearekin solasean izango da. Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu eta Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen Maixabel (2021) lana abiapuntutzat hartuta, euren ibilbidea aztertuko dute eta proiektuak elkarrekin nola eraikitzen dituzten erakutsiko dute.
Bestalde, otsailaren 18an, Kataluniako Carla Simón zinemagilearen eta Ana Pfaff muntatzailearen txanda izango da. Lankideak izateaz gain, Elías Querejeta Zine Eskolako irakasle taldeko kide ere badira. 2017ko Estiu1993 filmean izandako lankidetza hori oinarritzat hartuz, muntaiari eta ikuspegi zinematografikoari buruz hitz egingo dute.
Saio guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian izango dira, 19:00etan.
Ikastaroaren formatuan, zinemagilearekin batera egongo da normalean hainbat esparrutan lankide izan ohi duen pertsonaren bat. Proiektu zinematografiko batean, begirada artistikoa zuzendariari egozten bazaio ere, gidoia, finantzaketa, ekoizpena, filmaketa edo postprodukzioa errealizazioaren zati ukaezinak dira. Hori dela eta, zinemagile bakoitzak eta bere laguntzaileak ikuspegi artistiko desberdinak partekatuko dituzte, eta laneko materialak erakutsiko dizkigute, hala nola dosierrak, gidoiak, filmaketa planak eta ekoizpenaren eta zuzendaritzaren artean partekatutako dokumentuak.
Ikastaro honen helburua da zinemazaleari gako berriak eskaintzea film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko. 'Zinemagileen arteko elkarrizketak' ikastaroan zinema sorkuntzaren intrahistoria ezagutzeko aukera izango dugu, elkarrizketa formatu atsegin batean.
Zinemagilearen begirada bakar hori erdigunetik kentzeaz gain, ikastaroaren helburua da proiektu baten garapenean parte hartzen duten lanbide tradizionalenak ezagutaraztea, eta, ondorioz, zinema modu kritikoan ikusten eta irakurtzen ikastea, norabide guztietan aldarazten ari duen testuinguru batean.
Koldo Mitxelena Kulturunearen zinemaren aldeko apustu berri honek bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua arlo horretan garatzen ari den ikus-entzunezko proiektuak babesteko, sustatzeko eta hedatzeko ekintzekin. Besteak beste, Elias Querejeta Zine Eskolaren beraren sorrera, eskola horretan matrikulatzeko bekak, Lanabesa laguntza lerroa –2017az geroztik, iraupen luzeko ikus-entzunezkoen 70 proiektu baino gehiago babestu ditu–, edo Gipuzkoako Foru Aldundia Donostia-Gipuzkoa Film Comission erakundean sartzea.
Gainera, Zinemaldia + Plus jaialdiaren testuinguruan, Tabakalerako pantaila publiko partekatuaren programazioan parte hartzen du urtero Zinemaldiak, eta larunbatean, hilak 12, Nest: Film Saridunei eskainitako programa izango da. Saio horretan, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle den Paula González Garcíak egindako making of-a, Notas sobre Nest izenekoa, eta 69. edizioan saritutako bi film laburrak izango dira: Nest sariaren irabazlea, U Šumi / In the Woods, Sara Grgurić, eta Podul de piatrâ / Pont de pedra, Artur-Pol Camprubí-rena, epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuena. Proiekzioekin batera, zinemagileen aurkezpenak ere izango dira.