"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko golardoa da Zinemira Saria. Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztanbidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramón Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramón Agirrek (2018), Jose María Txepe Larak (2019) eta Sara Bilbatuak (2020) jaso dute saria orain arte. Aurten, Zinemaldiak eta ekoizleen elkarteek Kimuak euskal film laburrak babesteko programari omenaldia egitea erabaki dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Institutuak bultzatutako programari, hain zuzen.
Ekimena 1998an hasi zen, euskal film laburren oparotasuneko garai batean: 1996an Bego Vicariok animazio-film labur onenaren Goya saria jaso zuen, Pregunta por mí lanagatik; Koldo Almandozen Razielen itzulera, Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean jaso zuten 1997an; eta 1998an, Tinieblas Gonzalezen Por un infante difunto, Cannesen Semaine de la Critique sailean saritu zuten. Testuinguru horretan, Amaia Rodríguez Eusko Jaurlaritzako Kultura Sortu eta Zabaltzeko orduko zuzendariak eta Donostia Kulturako Zinema Unitateak ikusi zuten dirulaguntzak lagungarriak zirela film laburrak zuzentzeko, baina ez zutela horien banaketa bermatzen. Gabezia horri erantzuteko sortu zen Kimuak, euskal film laburrak Espainiako estatuan eta nazioartean sustatzeko, zabaltzeko eta banatzeko asmoz, eta 23 urte geroago helburu horiek izaten jarraitzen du.
Besteak beste, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Telmo Esnal, Luiso Berdejo, Borja Cobeaga, María Elorza, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Isabel Herguera, Ione Hernández, Pablo Malo, Izibene Oñederra, Koldo Serra, Bego Vicario eta Nacho Vigalondo zinemagileen ibilbideak babestu ditu programak.
Gaur egun Kimuak ahalbidetzen duen taldeak (Txema Muñoz eta Esther Cabero Euskal Filmategiko lankideak), irailaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian egingo den Euskal Zinemaren galan jasoko du saria.