Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan programatutako hamalau ekoizpenek Euskal Herriko Gai, Lesbiana, Transexual, Bisexual eta Intersexualen GEHITU Elkarteak emango duen XXII. Sebastiane Saria irabazteko aukera izango dute; LGTBI kolektiboaren errealitateak, askatasunak eta gizarte-aurrerapausoak hobekien islatzen dituen filmari ematen zaio Sebastiane Saria.
Saria hamalau hautagairen artean aukeratzen den filmari hilaren 24an emango zaio. Horietako bost, Benediction (Terence Davies), Camila saldrá esta noche / Camila Comes Out Tonight (Inés Barrionuevo), La abuela / The Grandmother (Paco Plaza), The Eyes of Tammy Faye (Los ojos de Tammy Faye, Michael Showalter) eta Vous ne désirez que moi / I Want to Talk About Duras (Claire Simon), Sail Ofizialetik datos; Ese fin de semana / That Weekend (Mara Pescio), New Directors sailetik; Madalena (Madiano Marcheti), Horizontes Latinostik; Competencia oficial / Official Competition (Mariano Cohn y Gastón Duprat), Benedetta (Paul Verhoeven), The Power of the Dog (Jane Campion), The Velvet Underground (Todd Haynes), Titane (Julia Ducournau) eta Guzen to sozo / Wheel of Fortune and Fantasy (La ruleta de la fortuna y la fantasía, Ryusuke Hamaguchi), Perlak sailetik, eta Sedimentos (Adrián Silvestre), Made in Spain sailetik.
Bestalde, 2020an modu telematikoan egin ondoren, aurten Latinoamerikako LGTBI Zinema-jaialdien VII. Topaketak modu semipresentzialean egingo da. Irailaren 20tik 22ra bitartean, 10 herrialdetako 21 jaialdik hartuko dute parte, eta sei herrialdetako beste zazpi zinema-jaialdi online konektatuko dira. Hemendik aurrera, topaketa zabalik egongo da, baita ere, Zinemaldian parte hartzen duten industriako akreditatuentzat.
SAIL OFIZIALA |
Siegfried Sassoon gizon konplexua izan zen. Bizirik irten zen I. Mundu Gerran borrokatzearen izuetatik; dominarik ere irabazi zuen bere ausardiagatik. Baina itzuli zenean gogor kritikatu zuen bere gobernuak gerran jarraitzeko harturiko erabakia. Sassoonen poesia mendebaldeko frontean izandako esperientzietan inspiratu zen, eta, azkenean, bere garaiko gerra-poeta nagusietako bat izan zen. Miretsia izan zen Londresko literatura- eta agertoki-giroetan, eta hainbat gizonarekin izan zituen harremanak, bere homosexualitatea onartzen saiatzen zen bitartean. Aldi berean, gerraren izugarrikeriak hautsita, salbazioa bilatzerantz bideratu zuen bere bizi-bidaia: ezkontzaren eta erlijioaren onespenean saiatu zen topatzen. Mundu hautsi batean, bake-bila eta bere burua onartu nahian dabilen gizon nahigabetu baten istorioa. Eta horrek egungo mundura eramaten gaitu, modu nabarmen askoan eraman ere.
Camilak Buenos Airesera joan beharko du bizitzera amona larriki gaixotzen zaionean. Bere lagunak eta eskola publiko liberala atzean utzi eta ikastetxe pribatu tradizional batean sartuko da. Camila basatia baina heldugabea da, eta izaera hori dela-eta, zailtasunak izango ditu.
Susanak Parisen modelo gisa zuen bizitza bertan behera utzi eta Madrilera itzuli behar du. Izan ere, bere amona Pilarrek garuneko odol-isuria izan berri du. Duela urte batzuk, Susanari gurasoak hil zitzaizkionean, amonak hazi zuen neskatoa, alaba izango balitz bezala. Susanak Pilar zainduko duen norbait aurkitu behar du, baina hasierako plana, amonarekin egun gutxi batzuk ematea, amesgaizto bihurtuko da.
Tammy Faye Bakker telebista-predikatzaile ebanjelistaren igoera, erorketa eta erredentzioaren ikuspegi intimoa. 70eko eta 80ko hamarkadetan, Tammy Fayek eta bere senarrak, Jim Bakkerrek, ia ezerezetik abiarazi duten munduko erlijio-katerik handiena, baita parke tematiko bat ere, eta ospe izugarria izan zuten bidaltzen zituzten maitasun, onarpen eta oparotasunezko mezuei esker. Tammy Faye oso ospetsua zen bere betile suntsiezinengatik, kantatzeko modu originalagatik eta mota guztietako pertsonei harrera egiteko orduan zuen eskuzabaltasunagatik. Baina hain arreta handiz sortutako inperio hura bertan behera erori zen laster, finantza-irregulartasunen, lehia eta azpijokoen eta eskandaluen eraginez.
30 urte zaharragoa den idazle ospetsu batekin harreman sutsua duen gizon batek hitz egin beharra sentitzen du. Liluratuta dago emakume harekin, baina sentitzen du ezin duela jarraitu aurrera. Maitasunaren intentsitatea hitzez adierazteko eginahal batean, bihotza ireki eta erabateko argitasunez deskribatuko du maitasun hori.
NEW DIRECTORS |
Julia bere jaioterriko auzora itzuliko da, iruzur bat era urte batzuk igaro ondoren. Alabari aitarekin bizitzera joaten uzteko baimen bat sinatzera itzuli da, baina, batez ere, han utzi zuen dirua berreskuratzera, arazo asko konpontzeko dirua behar baitu. Iraganera itzultze hori ez da espero zuen bezalakoa izango.
HORIZONTES LATINOS |
Luzian, Cristiano eta Biancak ez dute ia zerikusirik, baina hirurak landa-eremuko udalerri berean bizi dira, Brasil mendebaldean, soja-zelaiez inguraturik. Elkar ezagutzen ez duten arren, Madalenaren desagerpenak guztiei eragingo die. Udalerriko hainbat lekutan, bakoitzak bere erara erreakzionatuko du Madalenaren absentziarekin.
PERLAK |
Ospea eta gizarte-prestigioa lortu nahian, enpresaburu aberats batek arrastoa utziko duen film bat egitea erabaki du. Horretarako, izar onenez osatutako talde bat kontratatuko du: Lola Cuevas (Penélope Cruz) zinemagile ospetsu-ospetsua eta talentu berdingabea baina are ego berdingabeagoa duten bi aktore ezagun: Félix Rivero Hollywoodeko aktorea (Antonio Banderas) eta Iván Torres antzerki-aktore erradikala (Oscar Martínez). Bi aktoreak mitoak dira, baina ez dira inola ere munduko adiskiderik onenak. Lolak gero eta proba bitxiagoak jarriko dizkie eta euren artean ez ezik, beren legatuekin ere borroka egin beharko dute Félixek eta Ivánek.
XV. mendearen amaieran, izurritea herrialdea suntsitzen ari dela, Benedetta Carlini Pesciako komentuan (Toscana) sartuko da nobizia gisa. Benedettak gazte-gaztetatik mirariak egiteko gaitasuna izan du; komunitatera iritsi eta berehalako eragina izango du, transzendentala.
Zoriak eta irudimenak bultzatutako hiru istorio, non emakumezko batzuen bizitzak horien hautu eta damuek markatzen dituzten. Ustekabeko amodiozko triangelu batek, huts egindako sedukzio-tranpa batek eta gaizki-ulertu batetik sortutako topaketak ipuin-triptiko bat osatzen dute, oroimenak, iruzurrak eta patuak elkartzen dituena.
Phil Burbank karismaduna etxalde baten jabe da eta beldurra pizten du inguruan dituenengan, baita lilura ere. Anaiak bere emaztea eta horren semea ekartzen dizkionean, Philek sumindu egingo ditu baina, azkenik, maitasuna izateko aukera sortuko zaio.
The Velvet Underground taldeak musikaren mundua aldatu zuen soinu berri bat sortu zuen, eta rock and roll generoko talde gurtuenetako bat bihurtu zen. The Velvet Underground filmean, Todd Haynes zinema-zuzendari ospetsuak erakutsi nahi digu nola bihurtu zen taldea kulturaren giltzarri, eta kontraesan handiak zituela ere kontatzen digu: bere garaiko taldea zen, baina, aldi berean, atenporala; literarioa eta, aldi berean, errealista; nola goi-mailako artean hala kale-kulturan sustraitua. Filmak garai hartako pertsona garrantzitsuei egindako elkarrizketa sakonak aurkezten dizkigu, orain arte sekula ikusi gabeko emanaldiekin eta grabazio bilduma aberats batekin, Warholen filmekin eta beste mota batzuetako arte esperimentalarekin konbinatuta; hala, John Cale taldearen fundatzaileetako batek musika-taldearen sorkuntza-balio gisa deskribatzen duen horretan murgiltzeko esperientzia sortzen du horrek guztiak: "Nola izan dotorea eta nola izan basatia", alegia.
Esplikaziorik gabeko krimen batzuen ondoren, aita batek duela 10 urte desagertutako semea aurkituko du berriz. TITANIOA: bero eta korrosioari erresistentzia handia dion metala, egoki-egokia aleazio erresistenteetarako.
MADE IN SPAIN |
Lurra bezala, gure barnealdea hainbat geruza eta estratuz osatuta dago, gure nortasuna eratu eta gure bizitzaren historia kontatzen dutenak. Zein zirkunstantziaren araberakoa da prozesu hori eta bihurtzen gaituzte gaur egun garenak? Sei emakume trans Leóngo herri txiki batera joango dira, ezohiko paisaiak arakatzera, baita beren nortasunaren nondik norakoak ere. Talde gisa batzen dituen horri buruzko erantzunen bila, elkarren arteko desberdintasunak kudeatzen ikasiko dute. Enpatiari, indibidualtasunari eta zerbaiten parte izan beharrari buruzko istorio samurra eta dibertigarria. Orainaldiaren erradiografia, iraganera begira dagoena eta etorkizunera proiektatzen dena, bakarrak eta errepikaezinak izateko aukera paregabea ospatuz.