"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aitor Arregi (Oñati, 1977) zuzendari eta gidoigilea epaimahaiburu dela, Arantzazu Calleja musika-konpositoreak (Bilbo, 1977) eta Edurne Portela idazleak (Santurtzi, 1974) osatzen dute aurtengo Irizar Saria erabakiko duen hirukotea. Lehiaketan dauden filmak ikusi eta euren artean ezer ez komentatzea deliberatu dute, aho batez, ez “kutsatzeko”. Arregik azaldu duenez, “ikusitakoa prozesatzeko denbora behar dugu, film bat ikusten duzunean ez delako gauza bera momentuan ateratzen zaizuna eta hurrengo egunean senti edo pentsa dezakezuna”.
Zinemaldiak iraun duen bitartean, prentsa ez irakurtzen eta besteen iritziak eta iruzkinak ez jasotzen saiatu dira: “Pelikulak arrasto bat uzten dizu eta, gainera, oso ariketa interesgarria da; zintzoagoa da, ikusten duzunak gidatzen zaitu, beste eraginik gabe”, adierazi du Arantzazu Callejak. Aitor Arregi, bestalde, Zinemaldian parte hartzen duten filmen inguruan ahalik eta gutxien jakiten saiatzen da, betidanik: “Hainbeste pelikula daudenez, zer dagoen edo nolakoa izango den jakin gabe iristea sustatzen dut, aldentzea gustatzen zait eta aurretik ezer gutxi jakitea”.
Arregik eta Callejak harreman estua dute zinemarekin, biek ala biek ibilbide oparoa egin baitute profesioan. Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko kide eta sortzaile den Aitor Arregik, Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia eta Zilarrezko Maskorra bereganatu ditu, besteak beste. Irizar Saria bereganatzea zer den ere badaki Arregik: “Ilusio handia egiten du, aitorpen bat delako; sari bat beti da ongi etorria eta Irizar Saria pisua hartzen ari da”. Arantzazu Callejak film ezagun ugariren soinu-bandak konposatu ditu eta Goya sari baten jabe ere bada, Akelarre filmagatik. Edurne Portelaren kasuan, lotura hori hain agerikoa ez bada ere, garrantzi handia du bere ibilbidean ere. “Unibertsitatean egin dudan ibilbide akademikoagatik, niretzat zinema beti izan da ezagutzarako eta hausnarketarako tresna bat, literatura den bezalaxe, eta, bestalde, ikusle gisa ere pasio bat da niretzat”, dio idazle eta kazetari bizkaitarrak.
Epaimahaiko hiru kideek erantzukizunaren pisua sentitzen dute egun hauetan, baina ez dira deseroso sentitzen. “Jakitun gara karrera bat bultza dezakeen saria dela hau eta, gainera, diru-ekarpen bat ere badakarrela berarekin”, azpimarratu du Portelak. Arregi eta Callejarentzat, gainera, lankideen proiektuak epaitzea suposatzen du. “Zinemiran dauden proiektu askotan parte hartu duten gremio ezberdinetako jende asko ezagutzen dugu, eta hor datza ariketaren zati inportantea; nire sormen-prozesua azken emaitzatik bereiztea kostatzen zaidan moduan, badakit prozesu jakin batzuk besteentzat nolakoak izan diren”, azaldu du Callejak. Arregirentzat, bestalde, ahalik eta objektiboena izatea da gakoa: “Zer transmititzen dit filmak? Zer sorrarazten dit emozionalki? Ezagutzen ez dudan lantalde eta film bati eskatuko niokeena eskatzen diot, hori delako sarirako egokiena”.
Beste sortzaileen lana epaitzea beti da zaila, baina lan horiek formatu oso ezberdinekoak badira, are zailagoa. Fikziozkoa, ez-fikziozkoak, film luzeak, esperimentalak, hibridoak... denetarik bilzen da urtero Zinemira sailean. “Aniztasuna asko gustatzen zait, oso interesgarria da”, dio Arregik, “urtez urte aukera gero eta zabalagoa da”. Callejarentzat, berriz, “bitxia eta, aldi berean, konplikatua da formatu aniztasun hori, begirada ez ezik, aurrekontuak eta gainerako guztia baloratzea ere badakarrelako”.
Irene Elorza