"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aitor Merino (Donostia, 1972) zinemagileak Irizar Saria jaso zuen 2014ko Donostia Zinemaldian bere arreba Amaiarekin batera zuzendutako Asier ETA biok (2014) film luze dokumentalarekin. Bi urte geroago, Fantasía izeneko bere proiektu berria Ikusmira Berriak II programarako hautatu zuten. Malagako zinema-jaialdian aurkeztu ostean, gaur erakutsiko du bere jaioterrian.
Familia-bidaia batean du hazia Merinoren proiektuak. Bere guraso Kontxi eta Iñakirekin eta arreba Amaiarekin kruzeroan bidaia antolatu zuten, elkarrekin denbora igarotzeko asmoz. Itsasontzi erraldoiaren izenak (Fantasía), baina, euren planak hankaz gora jarri zituen: “Gure irudimena piztu zuen eta kamera eramatea erabaki genuen, zer egingo genuen jakin gabe”, adierazi du zuzendariak. Kruzeroetako kontuetan hasi ziren arreta jartzen, harik eta anai-arreben begiradak gurasoengan erreparatu zuen arte. “Berehala konturatu ginen haiek izango zirela filmaren ardatz”, gaineratu du.
Bidaiatik bueltan, euren bizitza arruntetara itzuli ziren, Amaia Ekuadorrera eta Aitor, Madrilera, eta kruzeroan grabatutako materialarekin lanean hasi zen Aitor. “Pentsatu nuen, itsasontzian grabatutako material eder hura fantasia bat zenez, errealitatean murgiltzea zela hurrengo urratsa”, esan du egileak, “hurrengo udaberrietan beste kamera bat eraman nuen gurasoen etxera eta grabatzen hasi nintzaien”. Semearen jolas bat zelakoan, etxeko eguneroko bizimodua lasai grabatzen utzi zioten. Baina proiektua Ikusmira Berriak programan sartu zutenean, bere egitasmoa gurasoei kontatu behar izan zien. “Hasiera batean beldurtu egin ziren oso biluztuta agertzen zirelako nik grabatutako material hartan, baina ondo hartu zuten; oso eskuzabalak eta ausartak izan dira”, azaldu du Merinok.
Lau urtez grabatzen egon ondoren, kamera sinple eta txiki hura familiako beste kide bat bihurtu zen. Prozesu horretan guztian giza-taldea izan da garrantzitsuena zuzendariarentzat: “Nik ez dut film hau bakarrik egin, lantalde bat egon da atzetik. Nik grabatutako material pila hartan, 200 ordu inguru, etzegoen filmik. Doxa Producciones-eko Ainhoa Andrakak eta Zuri Goikoetxeak, eta Amaia Merinok, urteak pasatu dituzte nirekin batera materialari forma ematen”.
Maite dituen pertsonak oroimenetik gertu egoteko ekimena da filma. Oraina harrapatu eta denbora gelditzeko ahalegina. “Ni ez nintzen oraina harrapatu nahian zebilen bakarra, denok egiten dugun esfortzua da; argazkiak egiterakoan edo albumak osatzerakoan, oroimena ez galtzeko lana egiten dugu”, esan du Merinok.
Irene Elorza