Tea Lindeburg zuzendari daniarrak As In Heaven bere lehen filmarekin lehiatu da Sail Ofizialean, superstizioari, tradizioari eta emakumeei buruzko drama latz batekin.
Kontakizunak XIX. mende amaierako Danimarkako landagunera garamatza, egun batean betiko aldatuko den Liseren, hamalau urteko neskaren, bizitza ezagutzera. Bere neba-arrebetatik zaharrena da, bere familiako lehena da eskolara joaten, eta itxaropenez eta konfiantzaz beteta ikusten du etorkizuna. Baina ama erditzen ari dela, badirudi gaizki doala zerbait. Gaua ilundu eta erditzeak aurrera egin ahala, Lise ulertzen hasiko da balitekeela etxekoandre gisa amaitzea neska koskor gisa hasi zuen eguna.
Tea Lindeburgek As in Heaven proiektuaren sorreraz hitz egiten hasi da: “Marie Bregendahlen eleberri labur batean oinarrituta dago filma; testu ez oso ezaguna, baina 70eko hamarkadako olatu feministaren ondorioz pixka bat aldarrikatu zena. Semea erditu eta gutxira aurkitu nuen, gogoan dut beti amaren gelan egoten zen liburua zela, baina ez nintzen irakurtzera ausartu, harik eta, esan dudan bezala, bizitzako gorabeherek harengana bultzatu ninduten arte”.
Jesper Morthorst eta Lise Orheim Stender ekoizleek filmaren eta oinarrizko material literarioaren arteko harremanaren berri ematen dute: “Proiektua Teak istorio honi buruz zuen ikuspegi pertsonalari zor zaio. Argi genuen ez genuela egokitzapen literalik egin nahi, asko gustatzen baitzitzaigun berak proposatutako ikuspuntua”.
Eta zuzendariak atzera heltzen dio hariari: “Nobelan, adibidez, narrazioak hainbat ikuspuntutara jotzen du. Nik Liseren pertsonaiari pisu guztia eman nahi izan nion, geruza psikologikoak gehituz; mundua bere begien bidez ikus genezan. Agian, nobelan gehien interesatzen zaidana haurren eta helduen arteko harremanak dira; haurrek nola erlazionatu behar duten nagusiekin. Nire filma horretan oinarritzea nahi nuen. Izan ere, filma irekitzen duen sekuentzia onirikoa gure asmakizuna baita; uste genuen Liseren buruan sartzeko modurik zinematografikoena izango zela”.
Proposamenaren karga politikoaz galdetuta, Lindeburgek ez du duda izpirik: “Nire filma emakumeei buruzko istorio bat da, egia, baina ez nintzateke ausartuko esaten matriarkatuari buruzkoa dela. Hori bai, emakumeen begirada aldarrikatu nahi nuen garaiko drama honetan, eta zoritxarrez, zaila da hori aurkitzea. Hemendik aurrera, argi utzi nahi dut proiektu hau ez dudala zuzendu gaurkotasunari buruzko iruzkin politikorik egiteko. Adibidez, bada historian orainaldiko deabru negazionistei buruzko erreferentzia posible bat ikusiko duenik, baina esan behar dut ezin dudala inor kondenatu bere sinesmenengatik. Are gutxiago premia handiko uneetan”.
Filmaren egikera teknikoari helduz, zuzendariak zenbait bitxikeria azalduko dizkigu: “16 mm-tan filmatzea erabaki genuen, ikuslearen zentzumenak piztea bilatzen genuelako, eta irudi digitalak ezin digu halakorik eman. Argi genuen, halaber, kamera bizkarrean eramanez filmatuko genuela, pertsonaia gazteekiko hurbiltasuna, konplizitatea eta intimitatea eraikitzeko intentzioz”.
Ekoizpen honetako beste obsesio bat errealismoarena izan zen: “Gezurra badirudi ere, oso zaila da Danimarkan XIX. mendeko baldintzak errepikatuko dituen etxalderen bat aurkitzea. Gure zerrendako hautagairik onena museo bat zen. Han kokatu ginen, baina erabat moldatu behar izan genuen; han benetan jendea bizi eta lan egiten zuelako sentsazioa pantailaratu nahi genuen”.
Azkenik, Tea Lindeburgek zera argitzen du: “Historialari baten aholkularitza ere jaso genuen: jatorrizko testutik hainbeste aldendu ginenez, ziurtatu nahi genuen filmean entzuten zen esamolde bakoitza bat etorriko zela garai hartan jendeak komunikatzeko zuen moduarekin. Ez ginen filmatzen hasi elkarrizketa lerro bakoitzerako oniritzia lortu arte”.
Sergio Basurko