"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pandemiaren garairik gogorrenean lehen lerroan lanean aritu zen Hernán Zin dokumentalista argentinarra, osasun- larrialdiaren errealitatea 57 días eta 2020 lanetan islatzen. Handik gutxira, ustekabeko dei bat jaso zuen: Belako taldeak pandemia garaian munduan egitekoa zen lehen bira prestatzen hasiak ziren eta abentura hura dokumental batean jaso nahi zuten. “Egun batean deitu zidaten eta hurrengo egunean filmatzen hasi nintzen”, dio idazle eta zuzendariak. “Ospitaletan egon ondoren arnasa hartzea bezalakoa izan zen gazte hauen ilusioa ikustea, pandemiaren alderik ilunenean egunero ikusten nuen guztiaren kontrapuntua izan zelako; zoragarria izan da”, gaineratu du Zinek.
Egileari on egin zion proiektuak eta horregatik hiru eguneko lan bat izango zena (kontzertu bakoitzeko filmaketa egun bat) zortzi hilabeteko proiektu bihurtu zen. Zuzendariaren ustez, “ez da beharrezkoa Belakoren jarraitzailea izatea denoi gertatu zaigunaz jabetzeko; hau da, guztiok berrasmatu behar izan genituen geure buruak garai hartan eta taldeko kideengan ikusten duzun samurtasuna eta bizitzeko ilusioa zoragarriak dira”.
Gelditu eta berrasmatu
AEBn kontzertuak ematen ari zirela lehertu zen pandemia. Nazioarteko bira bertan behera utzi eta etxera itzuli zen Belako laukotea. Cris, Josu, Lander eta Lore ez dira geldirik egoten dakiten horietakoak eta berehala hasi ziren egoerari buelta nola eman pentsatzen. Besteren artean, autozineetan kontzertuak ematea otu zitzaien. Hasieran txantxa zena ideia egingarria bihurtu zen. Madrilen, Denian eta Getxon joko zuten, aire librean ospatuko zen minibira batean.
Horrela azaltzen du Lander Zalakain bateria-jotzaileak: “Buruhauste handiak izan genituen zeren nolabaiteko erantzukizuna zen; eta, bestalde, urduritasuna sentitzen genuen zer gertatuko zen ez genekielako. Jotzen hasi eta jendearen poza eta erantzuna ikusita sekulako energia sentitu genuen, hamar urte hauetan beste ezerk eman ez diguna”.
Hernán Zinen arabera, erabateko erokeria batean murgildu ziren guztiak. Protokoloak erkidego batetik bestera aldatzen ziren eta neurriak ere sarri-sarri berrikusten ziren. “Ni ohituta nengoen pandemian filmatzen baina egoerak berekin zekarren guztiarekin bira bat antolatzea eta egitea oso ausarta da”, dio. “Nahi dutena oso garbi duen gazte talde engaiatu eta ilusioz betea aurkitu nuen Belakon eta haiekin maitemintzen hasi nintzen; filmeko ikusleak maiteminduko diren bezalaxe”.
Lander ‘Belako’-k aitortu duenez, taldekideak oso pozik eta harro geratu dira dokumentalaren emaitzarekin. “Pandemiak gauza asko kendu dizkigu, baina dokumental bat grabatu eta Zinemaldian aurkeztea, hori da pandemian gertatu zaigun gauzarik handiena”.
Irene Elorza