"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Western-dokumental bat ekarri du Maider Oleagak (Bilbo, 1976), Zinemaldiko aspaldiko lagunak, aurtengo ediziora. Iaz Euskal Zinemaren Irizar Sariaren Epaimahaiaren presidente izan zena Zinemira sailera itzuli da bere lan berrienarekin. Arabako Kuartango haranean aurkitu du dokumentala osatzeko material preziatua. Izan ere, han grabatu zen auzolanean lehen euskal westerna, Algo más que morir film luzea, Jose Luis Murgaren umetako ametsa gauzatuta. Oleaga mateminduta zegoen istorioarekin eta, filmari buruzko dokumentala egitea eskatu ziotenean, ez zuen zalantza izpirik izan eta berehala onartu zuen enkargua. “Badauka zerbait enkarguzkoa, baina ni aurretik istorioarekin maitemenduta nengoen, zoragarria delako”, adierazi du zuzendariak.
2005. urteko amaiera zen Oier Martinez de Santosek Jose Luis Murgaren amets zaharra betetzeko konpromisoa hartu zuenean. Kuartangoko biztanleen laguntzarekin, dirurik gabe, talde teknikorik gabe eta zinemagintzan inolako eskarmenturik izan gabe, western film bat egiten hasi ziren burubelarri. Maider Oleagaren Kuartk Valley filmak argitara eman du abentura kolektibo hori, eta bere kondaira ezagutarazten lagunduko du. “Niretzat, alde batetik, eta zinemagilea naizen aldetik, zinemarekiko grina izan zen proiektuaren hasieran erakargarriena; baina baita ere kolektibitatearen kontua”, esan du Oleagak, “istorio berezia da, batez ere herriak lagundu ziolako amets zoroa gauzatzen”. Gaur egun auzolanaren garrantziarena mezu ezin egokiagoa dela irizten dio zinemagile bizkaitarrak: “Filmak badu mezu polit bat: zein indartsuak garen elkarlanean eta elkarri tiraka aritzen garenean, eta gainera, kasu honetan amets zoro bat gauzatzeko denean”.
Urtetako lan eta buruhausteen ondoren, Kuartangoko erromantiko nekaezin hauek filma osatu eta Almería Western Film Festival jaialdian estreinatu zuten 2014an. Bi sari nagusirekin itzuli ziren etxera. Publikoari izugarri gustatu zitzaion Dick Murray cowboy-aren istorioa. Algo más que morir filmeko protagonistak iragan zurrunbilotsuko pistolaria gorpuzten du. Bizimodua aldatzeko erabakia hartua duenean, eta bere anaiaren bila bidaia luze bat egin ondoren, jaioterrira itzuli eta bertako kazike batek ikaratutako bailara batekin topo egiten du. Hortik abiatuta, western klasikoen osagai guztiak biltzen ditu filmak kontakizunean.
Maider Oleagak ere generoaren kanon eta klixe askorekin jolastu du bere dokumentala osatzean. “Asko dibertitu gara bai westernak ikusten, bai eszenak prestatzen, baita muntaketa fasean ere”, adierazi du. Gidoiaren bi edo hiru bertsio egon baziren ere, zuzendariak hiru urtetan zehar Kuartangora egindako bisitetan filma nola kontatu aurkitzen joan zen. “Westernak ikusten aritu nintzen zeren argi neukan paisaia dela-eta formalki western kutsu bat emango niola lanari”, azaldu du, “istorioa kontatzeko proposamenak egon ziren, zeren ez nuen elkarrizketa dokumental bat egin nahi, non jendeak anekdotak kontatzen dituen... Hasi nintzen beraiei egoerak planteatzen, beraien filmari oihartzuna egiten zioten egoerak planteatu eta horrela filmatu genituen hainbat sekuentzia”.
Kuartk Valley filmeko protagonistetako batzuek gaurko estreinaldian ikusiko dute beraien abenturari buruzko dokumentala, lehenbiziko aldiz. “Zinemaldiari oso eskertuta nago filmei ateak zabaltzen dizkielako eta ezagunak izaten laguntzen dielako, eta Kuarkt Valley-ren helburua hasieratik izan da Algo más que morir filmaren historia ezagutaraztea”.
Irene Elorza