"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostiako Santa Klara uharteko itsasargian Cristina Iglesias artistak sortu duen ‘Hondalea’ eskultura eraikitzeko prozesua grabatzeko enkargua jaso zuen Asier Altuna Iza (Bergara, 1969) zinemagileak, eta dokumentala osatu du material horrekin guztiarekin. Ehiztariaren jarrera bereganatu eta harrapakinaren atzetik ibili da urte eta erdiz, artearen eta naturaren arteko mugan ibiliz. Bertsolari eta Arzak since 1897 dokumentalen ondoren egin duen hirugarren ez-fikziozko lan honen esperientziak asebeteta eta bizirik sentiarazi diola aitortu du.
Fikzio baten sorkuntza prozesua jaso duzu dokumentalean. Making-of bat egitea bezalakoa izan al da?
Santa Klara irlan, bertako itsasargian eta Cristina Iglesiasek Madrilen duen estudioan gertatzen ari zena arraitzea eta horrekin dokumental bat atontzea izan zen gure lana. Horiek ziren gure mugak. Erakundeetatik enkargua jaso genuen Txintxua Filmsen, konturatu zirelako interesgarria zela proiektuaren atzean zegoena grabatzea. Ez genekien oso ondo zer egingo genuen. Intentzio askorik gabe prozesua grabatzea zen helburua. Errespetu guztiarekin aritu gara urrunetik, traba egin gabe, zeren Igelsias zuhur jokatzekoa da.
Hori izan da gure lana 20 hilabetetan. Proiektuaren dimentsioa handia zen eta interesatzen zitzaizkidan elementu batzuk zituen: itsasoa , natura, urtaroak... Cristina Iglesiasek berak esaten du bere lanak fikziotik edo zinetik gehiago duela eskulturatik baino, askotan. Misterio edo ilusionismo hori, erakutsi ez-nahi hori oso zinematografikoa da. Gauza horiekin guztiekin hasi ginen jolasean eta dokumentala osatu dugu. Horretara mugatu gara, eta mugak politak dira sarritan.
Ilusio baten eraikuntza prozesua erakustean, horri magia kentzeko arriskua dago aldi berean. Nola aurkitu oreka?
Ez da oso film didaktikoa, zeren erakusten baita zertan ari diren, baina ez genuen sakondu nahi teknikan edo prozesu horren zailtasunean. Modu natural batean ikusten da prozesua. Gu lekuko bezala egon gara bide horretan. Gehien harritu nauen kontuetako bat Alfarte enpresakoen lana izan da. Ez nuen ezagutzen eta, bat batean, laneko filosofia oso berezia duen Eibarko kooperatiba hau ezagutzea sekulakoa izan da. Gero, Cristina ezagutzea, bere nortasuna, bere estudioa, eta proiektuak nola eramaten dituen aurrera ikustea, zein langile eta zehatza den... hori guztia bizitzea oso esperientzia polita izan da.
Zuretzat zein izan da erronkarik handiena?
Nik fikzionatzeko eta urrutirago joateko tendentzia daukat, eta filmeko erronkarik handiena kontakizunera mugatzea izan da. Horretan, Cristinak ere markatu du bidea pixka bat. Benetan, ‘Hondalea’- rekin eta bere obra guztiekin oso urrutira joan zaitezke. Gehien harritu nauena da ikustea zein koherentea den bere espirituarekin eta berau nola mantentzen duen bere obra guztietan.
Soinuek eta musikak ezinbesteko ekarpena egin diote dokumentalari. Aitor Etxebarriarekin (musika) eta Alazne Ameztoy eta Xanti Salvadorrekin (soinua) elkarlanean aritu zara. Nola planteatu zenuten soinu-bandaren diseinua?
Prozesu naturala izan da guztia. Ekainean bukatu zen eskulturaren obra eta guk apur bat lehenago bukatu genuen grabazioa. Aurremuntaketak egiten hasiak ginen, lanak aurreratze aldera, baina benetan gozamena izan da irudiekin bukatu dugunean musika eta soinuarekin hastea. Film baten aurrean zaudenean ez dakizu zein puntutan gozatuko duzun gehiago, eta, kasu honetan, dena elkartu da puntu honetan: naturako irudiak musikarekin eta soinuarekin nahastea eta horiekin jolastea oso pozgarria izan da. Bukatu dut filma goian, a ze gozatua!
Irene Elorza