Tabakalerak 2022ko zine-denboraldi berria aurkeztu du. Datorren urtarrilaren 1ean eraikineko pantaila publiko partekatuan programatzen duten erakundeek –Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera– denboraldi berriari ekingo diote.
Datorren urtarrilaren 5ean hasiko da Tabakaleran Nosferatu programazioaren ziklo berria, oraingo honetan Donostia Zinemaldiaren 70. urteurrenari (1953-2022) eskainia. Jacques Becker-en Casque d'Or (1952) filmak emango dio hasiera zikloari, Donostiako Zinemaren Nazioarteko 1. Astean proiektatu zena, 1953. urtean, hain zuzen ere.
Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak antolatu dute Nosferatu Zinemaldia 70zikloa, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura-Valentziako Generalitateko Filmategiaren laguntzarekin eta 2022ko urtarrila eta abendua bitartean gertatuko da. Hamabi hilabete horietan zehar, Zinemaldiaren historiara hurbilduko gaituzten 40 film eskainiko dira, 1953tik jaialdiak proiektatu izan dituenak. Gehienbat, Sail Ofizialetik eta zuzendari berriei eskainitako sailetatik hautatutako filmak dira.
Atzerabegirakoak Zinemaldiaren historiaren zertzelada txiki bat izan nahi du, anitza, eta zinearen historiaren azken 70 urteetan ezinbesteko izan diren pelikulak eta zinemagileak izango ditu ardatz. Lehen hiruhileko honetan, besteak beste, honako hauen filmak ikusi ahal izango dira: Douglas Sirk, Jean Cocteau, Howard Hawks, Volker Schlöndorff, Margarethe von Trotta, Ingmar Bergman edo Josefina Molina.
Zikloarekin batera, Zinemaldiaren historian inspiratutako bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehenengoa, Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia / San Sebastián, Nosferatu Bildumaren 18. zenbakia, Quim Casasek koordinatu du eta urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Katixa Agirrek idatzia, Nosferatu Bildumaren 10. zenbakia, 2022ko amaieran argitaratuko da.
Bigarren urtez jarraian, Donostia Zinemaldiak hilero proposamen bat programatuko du pantaila partekatuan, Zinemaldia + Plus zikloaren bidez, lehiaketarekin edo sortzaile berriei laguntzeko programekin loturaren bat duten zinemagileen lanak barne hartzen dituena.
2022rako konfirmatutako lehen saioa urtarrilekoa da, Ocaña, retrat intermitent (1978), Ventura Ponsek zuzendutako filma, José Pérez Ocaña artista andaluziarrari buruzkoa. Proiekzio hau Zinemaldia trantsizioan: Donostia Zinemaldia aldaketaren urteetan (1976-1985) erakusketaren baitan proiektatuko da. Trantsizioak Zinemaldian eragindako aldaketak gogora ekartzen dituen erakusketa inauguratu berria Kutxa Kultur Plazan ikus daiteke, Tabakalerako laugarren solairuan.
Martxoan Cea mai fericitã fatã din lume / The Happiest Girl in the World Radu Juderen estreinako film luzea proiektatuko da. Nazioarteko zinemaldien zirkuituan aritua, errumaniar zinemagileak hainbat film zuzendu ditu, besteak beste, Inimi cicatrizate (Scarred Hearts, 2016), Locarnoko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuena, edo Babardeală cu bucluc sau porno balamuc / Bad Luck Banging or Loony Porn (2021), Zabaltegi-Tabakaleran programatu zena Berlinaleko Urrezko Hartza saria irabazi ondoren.
Zinemaldia + Plus zikloaren beste proiekzio batzuk Nesten saritutako lanei eta Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioko Donostia Sariei lotuta egongo dira. Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioan, 2022ko irailaren 16tik 24ra, ospatuko da jaialdiaren 70. urteurrena. Zinemaldia + Plus programa Z365en kokatzen da, eta Donostia Zinemaldiaren esentzia islatzen du ez bakarrik bederatzi eguneko jaialdia moduan baizik eta hainbat proiekzio eta programaren bitartez uzte guztira hedatzen den jaialdi moduan.
2022ko urtarrila eta martxoa bitartean, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostia Zinemaldiak antolatutako Zinema eta Zientzia zikloaren bosgarren edizioa izango da. Horrela, ekimenak kultura zinematografiko eta zientifikoaren transmisioaren bilaketa horri jarraipena emango dio, proiekzioen, aurkezpenen eta eztabaiden bidez, izen handiko zientzialarien presentzia nabarmenarekin. Apirila eta ekaina bitartean, Lumière Saioak zikloak hartuko du lekukoa, zinemaren klasiko batzuk berrikusteko aukera paregabea, arlo horretako erreferentziazko erakunde baten eskutik: Lyongo Institut Lumière. Uda iristearekin batera jazzak hiru euskal lurraldeak hartuko ditu eta Euskadiko Filmategiak bat egingo du hiru euskal jazz jaialdiekin, uztailean Jazzinema zikloaren seigarren edizioa antolatuz. Urtea amaitzeko, programazioaren azken hiruhilekoan euskal zinemagileak izango dira protagonista. Horrela, Euskal Emakume Zinemagileak II zikloak beren ibilbidean gutxienez film luze bat filmatu duten euskal emakumezko zinemagileen talentua erakutsiko du.
Tabakalerako zine-programazioaren 2022ko zikloek zine garaikidearen bi izen handi izango ditu protagonista: Christian Petzold zinemagile alemaniarra eta Claire Simon zuzendaria. Urteko azken hiruhilekoan, programazioa osatzeko, uztailaren 8tik aurrera eraikineko erakusketa-areto nagusian ikusgai egongo den erakusketaren inguruko proiekzioak izango dira. Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak elkarlanean eginiko proiektuak artea eta zine uztartuko ditu, beste behin.
Christian Petzold (Hilden, 1960) zuzendaria Alemaniako zinearen Olatu Berriaren partaidea da Angela Schanelec (Tabakalerak atzerabegirakoa eskaini zion 2019an) eta Thomas Arslanekin eta Valeska Grisebach, Ulrich Köhler edo Maren Adek osatutako bigarren belaunaldiarekin batera. Petzoldek Berlingo German Film and Television Academy-n (BFA) ikasi zuen, eta han, besteak beste, Harun Farocki izan zuen irakasle, bere aholkulari eta, aurrerago, laguntzailea izan zena. Petzolden film asko bien artean daude idatzita. 2012an zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza lortu zuen Berlinalen Barbara filmagatik. Orain arte bederatzi film luze zuzendu ditu, horietako batzuk trilogiak dira. Lehen trilogia, Gespenster (mamuak, alemanez), Die innere Sicherheit (2000), Gespenster (2005) eta Yella (2007) pelikulek osatzen dute. Bere trilogiarik ospetsuenak sistema errepresiboetan sortzen den maitasunaren lantzen du, eta Barbara (2012), Phoenix (Sail Ofiziala, 2014) eta Transit (2018) lanek osatzen dute. Undine bere azken film luzea ere trilogia berri baten lehen alea da. Petzolden atzera begirako osoarekin batera, Tabakalerako zikloan Harun Farocki Institut-eko Volker Pantenburgen hitzaldi bat ere izango da, Petzold eta Farockiren arteko harremanari buruz hitz egingo du Pantenburgek saio horretan. Zikloaren azken saioan Petzoldek bezala, Anna Seghersen Transit liburuan oinarrituta, Engström-ek eta Gerhard Theuring-ek 1977an zuzendu zuten Fluchtwe pelikula izango da ikusgai.
Apiriletik uztailera Claire Simon zuzendariaren atzerabegirako osoaz gozatu ahal izango da zine-aretoan eta eskola magistrala eskaintzeko Tabakalerara etorriko da maiatzaren 28an. Zuzendariak Vous ne désirez que moi bere azken film luzea aurkeztu zuen Donostia Zinemaldiaren azken edizioan eta, abiapuntu hori aprobetxatuz, Tabakalerak bere film guztiak proiektatuko ditu. Claire Simon (Londres, 1955) Britainia Handian jaio zen, baina Varren (Frantzia) eman zuen haurtzaroa. Etnologia, arabiera eta bereber hizkuntza, eta muntaia ikasi zituen Alger-eko Zinematekari esker. Bere lehen film laburrak autodidakta moduan egin zituen 70eko hamarkadaren amaieran, eta funtsezkoa izan zen Varan tailerretan egin zuen egonaldia, bertan ezagutu zituen Jean Rouch eta zine-zuzena. Bere filmografian, Simonek dokumentala eta fikzioa uztartzen ditu: 1997an Récréations (1997) filma zuzendu zuen, ikastetxe bateko jolasaldia filmatu zuen bertan eta zine dokumentalaren barruan leku garrantzitsua lortu zuen lan horrekin. Urte horretan bertan bere lehen fikziozko film luzea zuzendu zuen, Sinon, oui. Katixa Agirre idazleak aurkeztuko duen Claire Simonen Mimi (2003) filmak eta Simoni eskainitako Gutun Zuriak, Johan van der Keukenen Amsterdam Global Village (1996) filmak itxiko dute zikloa.
Urteko azken hiruhilekoan, programazioak zinearen eta artearen arteko lotura estutuko du, eta udan Tabakalerako erakusketa-areto nagusian irekiko den arte garaikideko erakusketan parte hartuko duten zinemagileei eskainiko dizkie proiekzioak.
Arestian aipatutakoaz gain, Tabakalean ohikoak diren ziklo ezagunekin osatuko da zine-programa. Kontatutako zinea (zuzendariek euren filmak sortzeko prozesua partekatzeko saioak); Gutun zuriak; Hasieratik. Zinema feministaren historiak (modu sinkronizatuan programatuko dena Artium museoan), Jatorrizko soinu-banda; Kameleoiak Gara! (familiei zuzendutako zine saioak) eta Zinearen historia etengabea.
Azkenik, aurreko urteetan bezala, Elías Querejeta Zine Eskolako komisariotzako ikasleek zineaz duten ikuspegia partekatuko dute hilero.
Zine-bonu berriarekin, 2022an Tabakalerako pantaila partekatuko erakunde bazkideek (Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine-Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera) programatutako 40 film ikusi ahal izango dira 120 euroren truke, 2022an Donostiako Zinemaldiaren barruan programatutako filmak izan ezik. Bonuarekin batera Nosferatu Zinemaldia 70 zikloaren gaztelaniazko argitalpena edo Harkaitz Canok euskaraz idatzitako Kandelikara, Luis Buñuel zuzendariari buruzko liburua jasoko dute erosleek.
Bonua 2021eko abenduaren 22ko eguerdiko 12:00etatik 2022ko urtarrilaren 31ko eguerdiko 12:00ak arte erosi ahal izango da, Tabakaleraren webgunean eta bertako Info Puntuan. Leku horietan bertan urtarrileko proiekzioetako sarrerak egongo dira eskuragarri. Sarrera horiek, urte aldaketa tarteko, 4 euro balioko dute.
Bonuaren kontsumoa 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra (biak barne) egin ahal izango da datorren urteko programazioko sarrerak erosteko, eta bonuari lotutako kudeaketa guztia Tabakaleraren webgunean eta zentroaren Info Puntuan egin ahal izango dira: bonua erosi, beste pertsona bati opari gisa bidali, filmetarako sarrerak erosi bonuaren deskontuarekin edo eskuragarri dagoen saldoa kontsultatu.
2022ko zine-bonuarekin eta urtarrilerako aurreikusitako proiekzioekin lotutako informazio guztia Tabakaleraren webgunean kontsulta daiteke.