"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
96.867 pertsonek ikusi dituzte 52 herrialdetatik etorri diren 211 film eta parte hartu dute mahai-inguruetan eta eskola magistraletan, Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan. Kuantitatiboki, 2019koaren eta 2020koaren arteko edizio bat izan da 2021ekoa, eta Covid-19aren eraginak markatua. Iaz baino % 46,2 ikusle gehiago izan dira, baina 2019an baino % 45,8 gutxiago. Eta Zinemaldiko emanaldietan eta jardueretan 3.680 akreditatu izan dira: 2019an baino % 15 gutxiago, baina iaz baino % 40 gehiago.
Kualitatiboki, bestalde, kritikak eta zinema-industriak azken urteetako balorazio onenetako bat egin dute programazioaz. Oraindik belodromoa ez da egoitza gisa erabiltzen hasi berriz, baina atzera begirakoa itzuli da, korear zinemaren urrezko aroari eskainia, baita Klasikoak saila ere. Zinemaldiak Nesten bi hamarkadak ospatu ditu, hau da, zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketarena, eta, gainera, lehen aldiz antolatu du hileko programazio bat Tabakaleran, Zinemaldia + Plus urte osoko zinema-jaialdiaren kontzeptua garatzen duen programaren bidez.
Edizio seguru bat egiteko eta ahalik eta hautaketa onena egiteko ahaleginaz gain, Pentsamendua eta Eztabaida arloa sendotu izana aipatu behar da. Arlo horren xedea da zinema-jaialdiek eta kultura garaikideak aurre egin beharreko erronkei erantzutea, urtean zehar proposamenak eginez; horren adibide dira, besteak beste, Zinemaldiko eskola magistralak, aurrez aurreko formatua berreskuratu dutenak, Céline Sciamma edo Paolo Sorrentino ezagunekin, adibidez. Pentsamendua eta Eztabaida sailaren ekintzen artean, lehen jasangarritasunari buruzko txostena aipatu behar da –abuztuan aurkeztu zen–; bertan jaso dira Zinemaldiaren egoeraren diagnostikoa eta ingurumen-inpaktua murrizteko konpromisoak. Webgunean eskura daiteke txosten osoa.
Jasangarritasuneko erronkei buruzko dokumentua, beraz, genero-identifikazioari buruzko txostenari gehitu zaio. Txosten horren hirugarren edizioa egin da, eta emakumeen parte-hartzearekin ondutako zinema-proiektuek Zinemaldian zer presentzia duten azaltzen du datutan. Aurten, genero femeninoko pertsona gisa identifikatzen diren profesionalak Zinemaldiko ikusgarritasun handieneko lekuetan egon dira (Sail Ofizialeko lehiaketan, epaimahaietan eta sarietan); hala ere, ez da aldaketa nabarmenik izan zenbaki orokorretan; izan ere, emakumeen parte-hartzea heren batekoa da zuzendaritza, ekoizpen, gidoi eta muntaketa kategorietan, eta are txikiagoa argazki-zuzendaritzan eta musika-konposizioan.
Hurrengo urtean, Zinemaldiak 70. urteurrena ospatuko du. Zazpi hamarkadak ospatzeko jarduerek iraganari, orainaren behaketari eta etorkizunaren irudikapenari buruzko begirada kritiko bat proposatuko dute, haren parte izateko eta zinema-komunitateko sortzaileei ahalik eta hobekien laguntzeko.