Ikusmira Berriak programaren zortzigarren edizioan izena eman duten 281 zinema-proiektuen artean, Ana Cristina Barragán, Jaume Claret, Meritxell Colell, Irati Gorostidi, Joâo Paulo Miranda eta Maximiliano Schonfeld zinemagileenak aukeratu dira. Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldien programa da, eta Donostia Zinemaldiak, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen dute. 2022ko edizioan, egonaldi kopurua bostetik seira handituko da.
Ana Cristina Barragán (Quito, 1987) zuzendari eta gidoilari ekuadortarrak Horizontes sariaren aipamen berezia lortu zuen Donostia Zinemaldian, bere lehen film luzeari esker: Alba (2016). Orain, Ikusmira Berriak programan parte hartuko du, Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) hirugarren promozioko ordezkari gisa, La hiedra proiektuarekin. Jaume Claret katalana (Bartzelona,1998) ere EQZEn aritu zen, lehenengo promozioan, eta, 2020an, Ella i jo lana estreinatu zuen Nest sailean. Hain zuzen, kategoria horretako ordezkari izango da, Estrany riu / Strange River proiektuarekin. Meritxell Colell (Bartzelona, 1983) Espainiako kategorian aritzeko aukeratua izan da, Lejos de los árboles / Far from Trees izeneko bere hirugarren film luzea garatzeko. Con el viento / Amb el Vent (2018) filma estreinatu zuen Berlineko zinema-jaialdian, eta Made in Spain sailean hartu zuen parte, Dúo filmarekin (postprodukzio-fasean). Irati Gorostidi zinemagile nafarrak (Eguesibar, 1988) Noka programan hartu zuen parte eta Tabakalerako Artisten Gunean egoiliar izan zen. Orain, Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko du Anekumen proiektuarekin. Hainbat esperientzia izan ditu film laburren eremuan, baina aipatutako hori izango da bere lehen film luzea.
Gainera, aurten, bi ordezkari izango ditu nazioarteko kategoriak. Alde batetik, Joâo Paulo Miranda brasildarrak (Porto Feliz, 1982), New Directors sailean parte hartu zuena Casa de antiguidades / Memory House (2020) filmarekin, Ikusmira Berriak programako egonaldia baliatuko du bere hurrengo filmean lan egiteko: Bandeira. Bestetik,Maximiliano Schonfeld argentinarrak (Crespo, 1982) Frankenstein proiektua landuko du. 2020an WIP Latam egitasmoan parte hartu zuen Jesús López izeneko bere hirugarren film luzearekin, eta, Donostia Zinemaldiaren azken edizioan, Horizontes Latinos saila inauguratu zuen lan horrekin berarekin.
Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko, Donostia Zinemaldiko eta EQZEko ordezkariek osatutako Hautaketa Batzordeak askotariko gaiak lantzen dituzten eta hainbat latitudetan kokatzen diren proiektuak aukeratu dituzte: ama eta semearen arteko harremanaren miaketa bat, gorputzek naturarekin duten lotura lantzen duena (La hiedra); anaien arteko harremanetako maskulinitateari buruzko kontakizun bat, Danubio ibaia itxuraldatzen den heinean aldatzen dena (Estrany riu); emakume batek Andeetako soinu-mapa egitean dituen gorabeherak, horren bidez doluari, beldurrei, ametsei, erbestealdiaren ondoretasunari eta deserrotzeari buruz hitz egiteko (Lejos de los árboles); istorio bat langile militanteek osatutako talde baten desilusioari buruz, 1980ko hamarkada amaierako Euskadin fabrika uzten duena, Nafarroako mendietan komuna libertario bat eratzeko (Anekumen); bidaia bat Argentinako paisaietan eta izateko moduetan zehar, desbideratze eta ingurune ahuletan eta ia ikusezinetan (Frankenstein); eta bidaia bat Amazoniako oihanaren bihotzean urrea bilatzen ari den gazte indigena baten eromenera (Bandeira).
Programak zortzi aste iraungo du, eta bi egonaldi egingo dituzte parte-hartzaileek. Martxoaren 14an iritsiko dira sei zinemagileak Tabakalerara, eta, bertan –Artisten Gunean, zehazki–, apirilaren 24ra arte garatu ahalko dituzte euren proiektuak. Aldi horretan, adituen eta profesionalen batzordeko kideen laguntza izango dute; ex profeso aukeratu dira, parte-hartzaileen beharrak kontuan hartuta. Ekainean, egoiliar bakoitzak 5.000 euroko laguntza jasoko du, programaren bi egonaldien artean euren proiektuetan lan egiten jarraitu ahal dezaten. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko. Fase horretan industriako profesionalei aurkeztu ahalko dizkiete proiektuak, eta, agenda pertsonalizatu bati esker, euren proiektuetan parte hartu nahi duten pertsonekin elkartzeko aukera izango dute. Gainera, Irusoin ekoiztetxeak Irusoin saria emango dio proiektu horietako bati. Honako hauek barne hartzen ditu sariak: soinu- eta kolore-postprodukzioa, grafismo-lanak eta DCP masterra.
Ikusmira Berriak programak 2021ean hartu zituen proiektuei dagokienez, Manantial proiektuak (Manuel Muñoz Rivasek zuzendua eta El Viaje Producciones enpresak ekoitzia) Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) film luze dokumentalak egiteko ematen duen laguntza jaso du. Eduardo Cresporen La gruta del viento lanak Irusoin saria lortu zuen Donostia Zinemaldian, eta Pensar con las manos eta Primera Casa enpresek ekoitziko dute. Magdalena Orellanaren Hasta que el lugar se haga improbable filma Cineteca guneko ikus-entzunezko proiektuetarako egonaldietan eta Mataderoko egonaldi artistikoetan parte hartzeko hautatua izan da. Horrez gain, Marina Palacioren Y así seguirán las cosas Vitrine Filmes enpresak ekoitziko du, eta Mina Fitzpatricken Wandervogel, aldiz, Site ekoiztetxeak.
Balantzea positiboa da, baita ere, Ikusmira Berriak programaren aurreko edizioetako proiektuek izan dituzten lorpenei dagokienez. Berrienen artean, El gran movimiento (Kiro Russo, 2021) nabarmendu behar da. Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuen Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi ondoren; gainera, Boliviako hautagai izan zen Oscar sarietako nazioarteko film onenaren kategorian, eta zuzendari onenaren saria irabazi zuen Bosphorus zinema-jaialdian. Eles transportan a morte / They carry death (Helena Girón eta Samuel M. Delgado, 2021) filmak, halaber, aipamen berezia lortu zuen Zabaltegi-Tabakalera sailean, Ekarpen Tekniko Onenaren Saria Veneziako Kritikaren Astean, bai eta Zuzendari Onenaren Saria ere, Toulouseko Cinespaña jaialdian (2021). 918 gau (Arantza Santesteban, 2021) filma ere nabarmendu behar da, Film Onenaren Lisboa Saria irabazi baitu DocLisboa jaialdiaren 2021eko edizioan, baita Film Onenaren Saria Torino Film Festivaleko TFFDoc/Internazionale.doc sailean ere.
Donostia, 1978. Fabrika batean hitzarmen polemiko bat sinatuko dute, eta militante libertarioen talde bat bildu egingo da komunikatu bat inprimatzeko. Lantokian agerikoa da langileen mugimendua gero eta gehiago sindikalizatzen ari dela eta beren proiektu politikoa garrantzia galtzen ari dela. Desilusionatuta, euren bizitzetako eremu intimoenetara bideratuko dituzte euren ahalegin iraultzaileak. Kide erradikalenek fabrika uztea erabakiko dute, Nafarroako mendietan komuna libertario bat eratzeko.
''Anekumen printzipio iraultzaileak bizitzako eremu intimoenetara bideratzeko prozesuan oinarritzen da. 70ko urteetako mugimendu autonomoan dago girotua, eta langileek prozesu asanblearioengatik duten gaitzustea ez ezik, langileen mugimenduaren atomizazioa ere miatzen du. Halaber, desengainu politikoaren ostean izan ohi den erreakzioaren gainean hausnartzen du: gizarte-eredu txiki eta isolatu bat bilatzea, ideal politikoak abian jartzeko, bide horrek dakartzan kontraesan aldrebesetan sakonduta''.
Bandeirak aitatasunari eta belaunaldiz belaunaldi familia batean dirauen indarkeriari buruzko istorioa kontatzen du. Baso batean gertatzen da, non Joãok bere aitaren (Ze) etxera ihes egiten duen, Cecilia emaztearekin eta Jonas seme desgaituarekin. Jonasi beste haur bat larriki zauritu izana leporatzen diote. Bandeira aita baten bilaketa da, semea ulertzeko eta gure gizartearen arauak errespetatzeko diseinatuta ez dagoela onartzeko. Naturatik giza mundutik baino hurbilago egon litekeen semea, hain zuzen. Istorio pertsonala da, nire semearekin eta aitarekin dudan harremanean eta nire herrialdean, Brasilen, errotutako indarkerian inspiratua.
''Egile brasildarra naizenez (indigena amaren aldetik eta bandeirante aitaren aldetik), uste dut niri dagokidala borroka honi ahotsa ematea, beti sentitu bainaiz horrekin identifikatua. Nire filmetan beti saiatu naiz gutxiengoak, pertsona jazarriak eta gizarteak baztertzen dituenak lehen lerroan jartzen. Bandeira bat dator nire aurreko filmekin; izan ere, nire pertsonaiak beti borrokatzen dira inposatu dieten izaeraren kontra''.
Dídac (15) eta Biel (13) anaiek bizikletaz bidaiatuko dute familiarekin, Danubio ibaiaren ibilbideari jarraituz. Bi anaiak bereizezinak dira eta sexu-esnaera partekatzen dute. Baina harremanak eragina izango du Dídacek Alexander (18) ur artean ikusten duenean (mamu bat izango balitz bezala, ibaian agertu eta handik desagertzen da). Dídac, Danubio ibaia bezala, bizkor-bizkor ari da hazten, eta mutil misteriotsu horrenganako desio bizia sentitzen hasiko da. Bielek, ordea, ikusiko du anaia urruntzen hasi zaiola.
''Udaro, Europako ibai baten ibilbidea egiten nuen bizikletan nire familiarekin. Ibai horiek nire eta nire anaien haurtzarotik nerabezarora bitarteko bidea zehaztu zuten. Estrany riu filmarekin, anaien arteko harremanetako maskulinitateari buruz hausnartu nahi dut. Bi anaien sexu-grinaren eta anai nagusiak erreferentzia izateari uztearen inguruko bilaketa bat da. Nik arkitekturaren eta espazioen bitartez lantzen dut zinema. Kasu honetan, Danubio ibaiaren geografia abiapuntutzat hartuta garatzen da Estrany riu. Ibaia, hasieran, errekatxo bat da, baina zabalagoa egiten da Dídac hazten den heinean''.
Zertan dira berdin mendian dagoen gazte maitemindu bat eta kaiolan dagoen birigarro bat? Eta baserri batean seme baten bila dabiltzan bi gizon eta gordelekuekin obsesionatuta dagoen txakur bat? Herriko festak igarotzeko lagunaren bila dabilen gizon bat eta etxera itzuli nahi ez duen motorzale talde bat? Gauez izar guztiak islatzen dituen iparraldeko padura edo zingira bat eta Balkanetako Gerra gogoratzen duen aita bat? Azeri bat, Catamarcako basamortua eta Patagoniako lurren ustiapenak? Eta erresistentzia maputxea, galdu diren hizkuntzak eta Argentinako arrantza-ontziak? Frankenstein.
''Selva Almada egilearekin lan egin nuen denboran, hitzaren eta irudiaren arteko talkarekin zerikusia zuten kezka batzuk sortu zitzaizkidan. Kezka horiek ere literaturarekin eta zinematografiarekin lotuta zeuden. Baita horien lekualdaketarekin eta ezin gaindituzko formekin ere, polaritatetik eta esperimentaziotik abiatuta beti. Eta, hain zuzen, Selvarekin idatzi nuen filmaren grabaketan, berriz irakurri nituen Mary Shelleyren Frankenstein eleberrian azpimarratu nituen zatiak. Bereziki irakurri nuen kapituluan, munstroa baserrian ezkutatuta zegoen, familia baten egunerokotasunari begira, eta, begiraldi horretan, hizkuntza, lana, maitasuna eta tristura zer diren ikasi zuen. Nire irudimenean, baserri horrek Entre Ríosen hainbestetan filmatu nituen baserrien itxura zuen. Liburuak, bai eta filmak ere, bidaia bat proposatzen du paisaietan eta izateko moduetan zehar, desbideratze eta ingurune ahuletan eta ia ikusezinetan zehar. Eta, galdera bera egiten du: ba al da planik guretzat?''.
31 urte dituela, Azucenak erabaki du 13 urterekin izan zuen eta abandonatu zuen umea bilatzea. Julio, 18 urteko gazte bat, umezurztegiko azken urtean dago, eta adin berekoa dirudi. Azucenak bere semea dela erabakitzen du.
Samurtasunak, Ediporen konplexuak, alderdi instintibotik garatzen den amaren eta semearen arteko harremanak eta bi ezezagun hauen arteko barne-loturak La hiedra filmaren lurrin berezia lortzen dute.
''Interesatzen zaizkidan filmak historia batetik harago doaz; aroma daramate, zapore paregabea bere atmosferan, bere bakantasunean eta bere ekintza txikien sakontasun ikusezinean. Zuzentzen ari naizenean, asko pentsatzen dut gorputzetan. Gorputzen baldartasunean, ukimenean, eskuen adierazkortasunean eta ikusten ez den baina sumatzen den guztian pentsatzen dut. Adin berekoak diruditen seme baten eta ama baten gorputzak, gorputz lokartuak; betazalen azpian gertatzen dena, filmarentzat helezina den tokia. Istorio honetan biltzen dira beste umezurtzen gorputzak, masturbazio kolektiboetan, jolasetan eta animaltasunean''.
Angélicak bidaia epiko bati ekingo dio, gorantz, Andeetako soinuen mapa bat egiteko. Goi-lautada ondo ezagutzen duten bi gidarik lagunduko diote. Egunez, istorioak, kontakizunak eta kantuak grabatuko ditu. Gauero, grabatu dituen zinta magnetikoak entzuten ditu Angélicak, eta, gero, ehundu egiten ditu. Insomnioak, mendiko gaitzak eta Mexikon 98 urteko amona gaixorik izateak ameskeriazko egoera batera eramango dute protagonista, non ahotsek inbaditu eta Mexikoko haurtzaroarekin lotzen duten. Fantasia eta benetako bizitza lotzen dituen istorioa, galeraz, deserrotzeaz eta erbestearen herentziaz mintzatzeko. Ezinezko bidaien nabigatzaileentzako bidaia iraganetik eta etorkizunetik.