Jarduera-programa: |
Informazio praktikoa
Jardunaldietan presentzialki parte hartzeko aukera izango da, Tabakalerako Z aretoan, baina aldez aurretik izena eman beharra dago. Programa osoa streaming bidez ere eskainiko da Tabakaleraren eta Donostia Zinemaldiaren webguneetan.
2deok, Tabakalerako euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak, Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan, mahai-inguru eta hitzaldiez osatutako 2deo, Zinemaldia & Technology topaketa antolatu du. Bi eguneko jarduera-programak teknologia berriek zineman duten eraginari buruz gogoeta egitea du jomuga, eta ikus-entzunezko sorkuntza-, ekoizpen- eta erakustaldi-prozesuak etengabe berrasmatuz zinemak egoera berriari etekina nola atera dion aztertzea.
Ekainaren 16an eta 17an, teknologo, zinemagile eta industria zinematografikoko profesionalei zuzendutako programa hartuko du Tabakalerako Z aretoak. Gainera, teknologia sektorean txertatzeko aukera eskaintzen ari diren eragile publiko eta pribatuak ere bilduko dira bertan.
Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren egitasmoa da, industriako profesionalei zuzendua, eta teknologiaren eta ikus-entzunezkoen sektoreen arteko harremanak estutzea du helburu. Ekimenak klase magistral bat eta Zinemaldia Startup Challenge enpresa-proiektuei zuzendutako lehiaketa barne hartzen ditu. Laugarren emanaldia 69. edizioaren barruan izango du, baina lehen aldiz, 2021ean ez da irailera mugatuko, eta 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin elkarlanean sustatutako 2deo, Zinemaldia & Technology jardunaldiak egingo ditu, Zinemaldiak urte osoko jaialdi gisa egituratzeko duen estrategiaren barruan (Z365). 2deo, Tabakalerako euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia da, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan.
Ekainaren 16an, jardunaldiak hasteko, Maria Penilla Azcuenaga Telekomunikazioetako goi-mailako ingeniaria, zibersegurtasunean aditua eta ZIUR Fundazioko zuzendari teknikoa, eta Iñaki Regidor Mendiolea Euskal Irrati Telebistako Komunikazio Taldeko sistemen zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzako IKT batzorde estrategikoko kidea izango dira solasean. Zibersegurtasuna ikus-entzunezkoen arloan - Nola lagun diezaguke Teknologiak edukiak modu seguruan landu eta kontsumitzeko galderari erantzuten saiatuko dira euren saioan.
Sami Arpa konputazio zientzialari, zinema zuzendari eta Largo enpresaren sortzailearen Adimen artifiziala: osagai sekretua hitzaldia izango da jarraian. Adimen artifizialaren erabilerak hainbat sektoretan eta, bereziki, ikus-entzunezkoetan duen eragina eta onurak planteatuko ditu.
Jardunaldien lehen eguna, Artea eta zientzia 3D inprimaketa eta aurpegi-animazio prozesuaren atzean, Oscar LAIKA irabazi duen estudioan hitzaldiarekin itxiko dute. Brian McLean eta Benoit Dubuc, LAIKA stop motion animazio-prozesua irauli duen estudioko kideak izango dira hizlariak. Ikus-entzunezko teknikak eta azken teknologiak elkartu dituzte LAIKA estudioan film benetan harrigarriak eskaintzeko. Besteren artean: Mr. Link, El origen perdido, Kubo y las dos cuerdas mágicas, Los Boxtrolls, El alucinante mundo de Norman, Los mundos de Coraline…
Ekainaren 17an, osteguna, Irina Albita FilmChain (2020ko Zinemaldia Startup Challenge irabazi zuen taldea) enpresaren sortzailearekin eta Oscar Lage TECNALIA enpresako zibersegurtasun eta blockchain arduradunarekin hasiko da bigarren jardunaldia. Datuen transferentzietan gardentasunak eta trazabilitateak duten garrantzia aztertuko dute. Teknologia horrek prozesu horien arteko elkarrizketa nola laguntzen duen ere azalduko dute Blockchain-a: gardentasuna lortzeko aliatua hitzaldian.
Antton Peñak, Flock enpresaren sortzaileak, eta Tom Wandsworthek, Bad Wolf Horizon filmeko zuzendariak, hartuko diote lekukoa Dronak: nola eramaten duen teknologia berritzaileak narrazioa altuera berrietara saioarekin. Airetik irudiak hartzeko aukerak eskaintzen dituzten azken teknologien inguruan jardungo dira, eta nolako efektua narrazio zinematografikoan zein eragin izaten ari diren azalduko dute. Gaur egun merkatuan dauden drone motak, mota bakoitzak eskain ditzakeen perspektibak eta noiz erabili aztertuko dute.
VR zineman: ikus-entzunezko formatu berriak aztertzen hitzaldian, Martin Allais zuzendari, diseinatzaile, artista bisual eta diziplina anitzekoak eta Mikel Zorrilla Vicomtech Ikerketa Aplikatuko zentro teknologikoko Digital Mediako zuzendariak Battlescar: Punk Was Invented By Girls film laburra hartuko dute abiapuntu. Estreinatu zenetik, 30 jaialdi baino gehiagotan erakutsi dute, mundo osoan, eta hainbatetan saritu dute.
Pedro Escalonak, hedabideen eta entretenimenduaren industriarako lan-fluxuaren soluzioetan espezializatutako Trigital enpresaren jabekide denak, Zinemaren etorkizuna mahai-ingurua moderatuko du. Bertan, izen handiko hizlariak izango dira: Jordi Bares, azken 20 urteetako telebistako iragarki garrantzitsuenen postproduktorearen ondokoa. Adidas, Heineken, Sony, Honda eta beste hainbat markentzat lan egindakoa; Pepe Abellán, Espainian postprodukzioan bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia duen profesionala; eta Sérgio Santos, VFX konposizioko ikuskatzailea da, non La Casa de papel, SkyRojo eta El Embarcadero bezalako proiektuetan lan egin duen.
Info+: