Dea Kulumbegashvili, Dasatskisi / Beginning (2020) filmagatik Donostia Zinemaldiko Urrezko maskorra irabazi zuen zinegilea, Donostiara itzuli da Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan egonaldi artistiko bat egiteko. Georgiako zinema zuzendaria Tabakalerako Artisten Gunean ari da bere hurrengo film luzea prestatzen.
Azken urteotan, Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak zinema-munduko eta ikus-entzunezkoen eremuan sortzen ari diren talentu berriei laguntzeko ildo estrategiko bat garatu dute. Horren erakusgarri dira: Ikusmira Berriak, Noka eta 2deo serieak deialdiak, esaterako. Kulumbegashviliri eginiko gonbidapen hau sorkuntza zinematografikoari laguntza integrala emateko lan-prozesu beraren barruan kokatzen da: jomuga ez da filmak behin egin ondoren Zinemaldira iristea, baizik eta gauzatu baina lehenagotik haien sorkuntza prozesuak bultzatzea, garapenerako espazioa, denbora eta baliabide profesionalak eskainiz.
Egonaldia ekainaren 7ra arte luzatuko da, eta herritarrei irekitako jarduera-programa publiko batekin osatuko da:
Maiatzaren 31n, 18.00etan, Dasatskisi / Beginning (2020) proiektatuko da Tabakalerako zinema aretoan, Zinemaldia + Plus fokuaren barruan, Donostia Zinemaldiak eta zuzendariak berak aurkeztuta.
Eta hurrengo egunean, ekainaren 1ean, asteartean, arratsaldeko 19.00etan, Kontatutako Zineaemanaldia egingo da Tabakalerako zine-areto nagusian eta zuzendariak pelikula honen eta bere hurrengo proiektuaren sortze prozesua azalduko ditu bertan.
1986an jaioa, Dea Kulumbegashvilik zinema zuzendaritza ikasi zuen Columbiako Unibertsitatean (New York). Bere lehen lana, Invisible Spaces (2014), Cannesko Film Laburren Sail Ofizialean lehiatu zen lehen ekoizpen independente georgiarra izan zen, eta, ondoren, bere bigarren film laburra aurkeztu zuen Errealizatzaileen Hamabostaldian, Léthé (2016). Bi piezak urrian proiektatu ziren Tabakalerako pantaila partekatuan Zinemaldia + Plus programaren barruan, Donostia Zinemaldiak saritutako beste zinemagile batzuen lanekin batera.
Dasatskisi / Beginningek, zuzendariaren lehen film luzeak, 2020ko Cannesko Selekzio Ofizialaren bultzada izan zuen, eta Donostia Zinemaldiko lehiaketa nagusian parte hartzeko hautatua izan zen. Lau sari lortu zituen bertan: film onenaren urrezko maskorra, zuzendaritza onenaren eta emakumezko aktore onenaren zilarrezko maskorrak (Ia Sukhitashvili), eta gidoi onenari saria, Kulumbegashvili berak jaso zuena.
Tabakalera eta bere bazkideak –Donostia Zinemaldia, Elias Querejeta Zine Eskola eta Euskadiko Filmategia– parekorik ez duen erreferentzia bilakatu dira azken urteotan sortzaileei zuzendutako egonaldien nazioarteko zirkuituan, proiektu eta espazio berean uztartu baituzte kultura garaikideari eskanitako zentro bat, prestakuntza eta ikerketa zinematografikorako eskola bat, filmategi bat eta nazioarteko zinemaldi bat.
Ez da Dea Kulumbegashvilik nazioarteko egonaldi-programa batean parte hartzen duen lehen aldia, Cinéfondation programan egoiliarra izan zen, Canneseko zinema-jaialdian. Bertan aritu zen bere lehen film luzea garatzen. Beginningen idazketa eta sorkuntza-prozesu hori, ondoren, Jerusalemgo Sam Spiegel International Film Lab, The Sofia Meetings eta Rotterdam Festival Hubert Bals Fund laborategietan osatu zuen. Orain Tabakalerara heldu da bere bigarren film luzean lan egiteko.
Talentu berriak aurkitu eta profesionalizatzeko bidean laguntzeko bultzada partekatu horrek fruituak ematen ditu: Ikusmira Berriak ahots berriei eskaintzen zaien arreta horren adibide ona da; izan ere, zazpi edizioetan zehar, hogeita hamar zuzendari baino gehiagok garatu dituzte Tabakaleran munduko jaialdi garrantzitsuenetan eta Donostia Zinemaldiko New Directors eta Zabaltegi-Tabakalera sailetan estreinatu diren proiektuak.
Azpimarratzekoa da, halaber, Tabakalerako zine bazkideek talentuari laguntzeko gauzatzen dituzten programen izaera bakarra. Dea Kulumbegashviliren egonaldiak datorren urtean ikusgai izango den erakusketa-proiektu batean parte hartzeko gonbidapena ere badakar. Horrela, bere talentua zinema-aretotik eraikineko erakusketa-aretora zabaltzeko aukera izango du, eta hori Tabakalera proiektuaren izaera integralagatik bakarrik gerta daiteke.