"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemara lagunekin joateko ohiko erritualetik ba omen du zerbait epaimahai bateko kide izateak. Filma elkarrekin ikusi, aretotik atera eta taberna bat aukeratu, eseri eta iritziak trukatzeko denbora hartzen dute zinemazaleek. Halaxe dabiltza Maider Oleaga, Irati Crespo eta Diego Soto 68. Zinemaldian, Zinemira saileko epaimahaikide baitira.
Epaimahaiko presidente Maider Oleaga zinemagileak honela azaltzen du esperientzia: “Egunero ikusten ditugun filmen inguruko sentsazio orokorrak komentatzen ditugu, tarteka gehiago sakonduz”. Aitortu duenez, nahiago du filmei buruz aurretik ez irakurri eta ahalik eta gutxien jakin.
Irati Crespo kritikari eta programatzailearentzat ere, garrantzitsua da ikuspegi ahalik eta orokorrena edukitzea. “Ni komisariotzatik nator, Elias Querejeta Zine Eskolan ikasten nabil, eta zinemari begiratzean ikuspegi orokorra edukitzea zein inportantea eta demokratikoa den ikasi dut bertan; teknikoki fijatzen gara gauzetan, baina testuinguru sozio-politiko bat ere badaukagu eta horretan ere fijatzen zara, bakoitza bere subjetibitosunetik”.
Diego Sotok, bestalde, gidoilaria den aldetik, arreta gehiago jartzen dio arlo horri: “Horregatik atsegin dut Maider bezalako zuzendari batekin egotea, niri oharkabean pasatzen zaizkidan kontuetaz ekarpenak egiten dizkidalako”. Horixe da epaimahaikide anitzen aberastasuna, Sotoren ustez, bat “iristen ez den lekura ailegatzen” laguntzen diola besteak.
Aniztasun handiko saila dela azpimarratu dute hirurek. “Oso film diferenteak daude: dokumentalak, fikzioa… baina gero, beraien artean ere badaude formak eta formak, eta egiteko modua”, aipatu du Crespok. Aurten, Euskal Zinemaren Irizar sarirako hautagaiak Zinemaldiko hainbat sailetan (Culinary Cinema, Sail Ofiziala, Zuzendari Berriak, Zinemira) aurki daitezke aurten. “Aterkia handitu egin da eta sekzio ezberdinetako filmak egoteak are interesgarriagoa bihurtzen du dena”.
“Zinemaldi bakoitza desberdina da daukazun misioaren arabera”, dio Sotok, “normalean Sail Ofizialekoak eta Perlak ikusten ditut, baina aurtenbeste ibilbide bat egin dut eta oso gustura nago”.
IRENE ELORZA