"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
El Estado contra Pablo Ibar film luzea izateko jaio zen, orain sei urte. Denboraren eta proiektuaren bultzatzaileen adorearen poderioz, telesail bihurtuta dator Zinemaldira. Olmo Figureredok zuzendu du sei orduko telesaila: “Hasierako kemena mantentzea izan da erronkarik handiena; proiektua hasierako gogo, zorroztasun eta ahalegin berarekin hartzea”
Figueredo eta bere lantaldea Pablo Ibarren 25 urteko odisea judiziala detaile guztiekin kontatzen saiatu dira. “Hau ez da Pablo Ibarri buruzko telesaila, istorio honetan harrapatuta dagoen jendeari buruzkoa baizik: Pabloren familia, biktimen familiak, defentsa, fiskaltza…”, adierazi du zuzendari eta ekoizle sevillarrak.
Telesaila osatzeko behar izan duten sei urteko ibilbidean, 200 ordu grabatu eta 53 pertsona elkarrizketatu dituzte. Figueredok argitu duenez, ehundik gora elkarrizketa egin dituzte eta azkena Pablo Ibarri egindakoa izan da: “Bera protagonista ez zeneko ikuspuntua interesatzen zitzaidan, bere portaeraren lekuko izatea”. Lantaldea errespetu osoz gerturatu da familiarengana eta haien eskuzabaltasuna azpimarratu du egileak.
“Euli mandoa bezalakoa izan naiz, beti familiaren ondoan, euren bizitzak jarraitzen”, esan du. Honenbestez, ikuslea epaimahaikide bat gehiago bihurtu nahi zuen, norberak bere ondorioak atera zitzan.
Epaiketena berezko genero bat da eta El Estado contra Pablo Ibar genero horretan egokitzen da bete- betean. Baina hori baino gehiago ere bada, beldurra, melodrama eta hainbat genero ukitzen baitira sei ataletan zehar. “Asko dago gidoitik, baina, tamalez, gertatutakoa errealitate bat da, eta, aldi berean, surrealista da”, adierazi du zinemagileak; “surrealimo horrek eraman du telesaila genero ezberdinetatik igarotzera”. Denbora bera dokumentalaren parte bat da: “Ez dugu gauza homogeneo bat egin nahi izan zeren eta 26 urtetan asko aldatu baita dena”, dio Figueredok.
Lan independentea izan da hau, atzean inongo plataformarik izan ez duena. “Amesgaiztoa izan da hori ni naizen ekoizlearentzat, baina ni naizen zuzendariarentzat askatasun osoa izan da”, aitortu du zinemagileak. Telesaila ingelesez errodatuta dago %95ean eta horrek aukera asko emango omen dio beste herrialdeetan interesa pizteko. Gaur gaurkoz, ETBk eta CanalSur-ek erosi dute eta Espainia osoan ikusi ahal izango da.
Etengabeko borroka
Pabloren aita Kandidoren kemena azpimarratu nahi izan du Omo Figueredok telesailaren aurkezpenean: “Familia osoa eta herrialde oso bat atzean dituela daki Kandidok, horregatik altxatzen da erortzen den bakoitzean”, aipatu du egileak, “nik uste dut kirolari profesionala izateak eman dion espiritu lehiakor garatu horretatik datorkiola”.
Semeari buruz galdetuta, zera adierazi du Kandidok: “Jende pilaketa handia duen kartzela batean dago gaur egun eta oso beldurtuta dago Covid-arengatik”. Familia animo handiz dagoela eta borrokan jarraitzen duela gaineratu du.
Pablo Ibar Juicio Justo Epaiketa Justua elkarteko bozeramaile Andrés Krakenbergerrek esan duenez, “oraindaino, justizia letra txikiz izan dute; orain Justizia letra larriz bilatzen dugu”.
IRENE ELORZA