"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia International Physics Center (DIPC) fisika eta antzeko diziplinak ikertzeko nazioarteko zentroa da, eta, gainera, ezagutza zientifikoa gizartearekin partekatzeko ardura hartzen du bere gain. Izan ere, bigarren urtez jarraian, DIPC erakundeak eta Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiarekiko lankidetzari esker, ikastetxeetarako film bat programatu dute, Belodromoa Ikastetxeetan ekimenaren bitartez.
DIPCeko zuzendari Ricardo Díez Muiñorekin hitz egin dugu lankidetza honen zergatia argitzeko: “Nik uste jendeak irudi latz samarra duela zientziari buruz. Hortaz, gure helburuetako bat zientziaren irudi positiboa transmititzea izan da. Horren adibide dira bai Filmategiarekin bai Zinemaldiarekin elkarlanean antolatu ditugun ekimenak, kultura zinematografikoa eta zientifikoa uztartuz, orobat, film emanaldi eta dibulgaziozko hitzaldiak antolatuz. Erabat sinetsita nago zientzia kulturaren funtsezko parte bat dela”.
Zer du zinemak zientziaz eta zer zientziak fikzioz, galdetu diogu: “Zinema eta zientzia zentzu askotan elkarrekin doaz eskutik. Zinemak izugarrizko garapen teknologikoa izan du azken mendean eta hori asmakuntza zientifikoei esker izan da, kameren optikak, grabaketa gailuak, teknologia digitalak, eta abar. Baina, era berean, zientziak zinemaren eragin handia izan du zinema gizarte kultura sortzaile den heinean; zientzia fikzioa horren adibide da. Eta ezin ahaztu genezake zientzialari ero edo txoropitoaren estereotipoa”, barrezka erantzun digu.
Díez Muiñok aitortu digunez, “garai batean zinemak ez ninduen gehiegi erakartzen”, haatik, “1989ko Zinemaldiak James Whaleri eskainitako atzera begirakoan Frankenstein eta Frankesteinen neska-laguna filmak ikusi nituenean nire baitan zer edo zer hozitzen hasi zen, egun naizen zinemazale amorratua bihurtzeraino”.
Horiez gain, Christopher Nolanen lanak oso gustuko ditu, Interstellar bereziki, “zientziaren trataera oso serioa baliatzen du eta, gainera, gogoeta egitera bultzatzen zaitu”. Azken urteotako kutunenetakoa, berriz, Denis Villeneuveren Arrival du; “obraren atmosfera inguratzaile eta iradokitzaileagatik”, azaldu digu.
Zientzia fikziozko pelikula askotan hanka-sartze nabarmenak egiten direnik ez du ukatzen. Hala ere, onartzen du ez dela zergatik fikzioarekin horren zorrotza izan beharrik: “Zientzialarien hizkeran ‘hard’ edo ‘soft’ izendatzen ditugu filmetan agertzen diren hutsegiteak, beti ere, horiek duten garrantziaren arabera. Hala ere, ez genuke zorrotz jokatu beharrik, pelikulak fikzioa dira, istorioak, eta ez dute zertan erabat zehatzak izan beharrik.”
Zientziaren irudi baikorra gizarteratzeko ahalegin horretan, DIPCeko zuzendaria prest agertzen da film egitasmoen alderdi zientifikoen gainean aholku emateko: “Duela urte batzuk Autómata filmeko Gabe Ibánez zuzendaria eta robotika aditu Concha Monje ikerlaria harremanetan jarri nituen gidoia idazterakoan aholku eman ziezaion. Nazioartean oso normala da filmetarako aholkularitza zientifikoa; horregatik, hemen ere beste horrenbeste egin genezakeen. Gustatuko litzaidake ildo hori jorratzea”, segurtatu du.
Solasaldia amaitzeko DIPCen baitan Sheldon Cooperren (The Big Bang Theory) gisako lankiderik ba ote duen itaundu diogu. “Ejem, erantzun politikoki zuzena eman beharko dizut, errealitatetik eta harreman sozialetatik kanpo bizi den zientzialariaren irudia ez da oso ohikoa”, baina begi keinu eginez gaineratzen du, “gure egoitzako zoko bazterretan arakatuta, seguru baten bat topatuko duzula”.
SERGIO BASURKO