"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pandemiak zinemagintzari bete-betean eragin dio eta aurten hainbat proiektu gelditu edo bertan behera utzi behar izan dira. Aldiz, beste batzuentzat akuilu izan da ohiz kanpoko egoera, eta sorkuntza lan berrietarako lur emankor bihurtu ere. Horien artean dago Telmo Esnal zuzendari zarauztarra. Konfinamendu garaian ahaztutako proiektu bat berreskuratzea erabaki zuen eta honenbestez sortu du Urtzen, bere azken filma.
“UR”, Pablo Azkue herrikidearen ipuin bat hartu du ardatz Esnalek bideo- entsegu pertsonal bat egiteko. Kontzientzian eta itsasoan sakontzen duen narrazio poetikoa abiapuntu hartu eta elkarrizketak, irudiak eta musika nahastuz eta berrerabiliz, existentziari buruz hausnartzen duen collage bizia osatu du zinemagileak. “Sortu den bezala sortu da proiektua eta hor dago, ez galtzeko”, azaldu du Esnalek. Ez zeukan ez ekoizlerik, ez aurrekonturik, ez ezer. “Duela bost hilabete ez zen existitzen, nire buruan zegoen ideia soila zen, ez nekiela zer egin, eta, halako batean, hemen dago eta Zinemaldian aurkezten da: niretzako luxu bat da. Harrigarria!”, gaineratu du.
Zarauztarren artean egina dago filma, aitortzen du Esnalek, jostari. Javi Agirre, Iraia Elias, Xabier ‘Euzkitze’, Xabier Alberdi eta hainbat lagun izan ditu alboan (edo telematikoki) zuzendariak. “UR” ipuinaren egile Pablo Azkueri grabatutako elkarrizketa eta bere kontsultan errodatutako irudiak gordeta zeuzkan Telmo Esnalek; ondoren gehitu zizkion konfinamendu garaian bere etxean bizitako egunerokotasunaren irudizko lekukotzak. Proiektua osatzen joateko, uraren inguruan Interneten aurkitutako informazio eta irudi ikusgarriak gehitzen joan zen Esnal, eta horiei guztiei berak munduan zehar grabatutako irudiak gehitu zitzaizkien. GoPro bat, egonkortzailea duen kamara txiki bat eta lagun batek utzitako drone bat erabili ditu ideia irudi bihurtzeko. Musikari dagokionez, Pascal Gaigne eta Alos Quarteten doinuek girotzen dute filma.
Egilearen aurreko proiektuetan ez bezala, ez dago aurretik espresuki egindako gidoirik. “Hasieran lotsa puntu bat ematen zidan nire burua hor azaltzea, baina gero konturatu nintzen horrela egiten nuela edo ez nuela egiten”, dio zuzendariak, “proiektua hor zegoen, momentua egokia zen, kontatzen zuena interesgarria da eta josten joan nintzen”. Urtzen proiektuari esker, itxialdia berehala pasatu zitzaiola adierazi du Telmo Esnalek.
Ekologiari eta planetari eragiten diegun kalteei buruz hausnarketa planteatzen du filmak. “Niretzat baliagarria izan da egiten ari garenaz hausnartzeko”, dio Esnalek; “norbaiti laguntzen badio pixka bat kontzientzia hartzen, poztuko nintzateke”. Gauzak jaso dituguna baino hobeto utzi behar ditugula konbentzituta dago zinemagilea. “Nik uste nuen hauxe zela momentua, baina, bai zera! Okerrera goaz! Itsasoa musukoez betetzen ari gara, plastikoak kontsumitzen berriro, elkar salatzen...”, dio asaldatuta.
“Proiektua hor zegoen, momentua egokia zen, kontatzen zuena interesgarria da eta josten joan nintzen”
IRENE ELORZA