"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Supernoba lehertzera doazen izarrei deritzaie. Izan ere, izar batek eztanda egiten duenean ehun mila edo milioi bat aldiz handitzen baitu bere argitasuna; hala, izar hil berria egun batzuetan galaxia bat bezain argitsu izaten da. Azalpen horrek, alde batetik, Supernova izenburuaren zergatia argitzen du, eta, bestetik, filmeko bi protagonistetako baten heriotzaren metafora moduan funzionatzen du.
Sam eta Tusk urte luzez elkarrekin bizi diren bi gizon heldu dira eta autokarabana batean ikusiko ditugu pelikularen hasieran. Road movie estilora egituratutako pelikula honek, horrelakoetan ohikoa den moduan, protagonistak eramango ditu beraien bizitzetan aldaketa garrantzitsuetarako prestatzera. Izan ere, Tuskek (Stanley Tucci), gradualki memoria galaraziko dion gaixotasun bat dauka, filmaren lehen pasarteetan ikusiko dugun bezala. Hortik aurrera, bikotearen egunerokoan murgilduko gara, espero zitekeen guztia ikusiz: nola Samek (Colin Firth) bere bikotekidearen ondoan egon nahi izango duen uneoro, hura babestu eta, neurri batean bere ondoan eduki; baina nola Tuskek ez duen horrela bizitzen jarraitu nahi. Hainbat gorabeheraren ondoren Firthen pertsonaiak onartu beharko du maite duen pertsonari joaten utzi behar diola.
Supernova ikerketa prozesu luze eta murgiltzaile baten emaitza da. “Lankidetza estuan aritu nintzen Erresuma Batuko dementziako espezialista nagusiekin. Gainera, gaixotasunak jotako pertsona askorekin eta haien familiekin hitz egin nuen. Badakit honako gaia ukitzen duten film askotxo badaudela, baina nik beste ikuspegi bat ematen saiatu naiz, errepideko film batena, alegia”, adierazi du zuzendariak.
Supernovako pertsonaiez atentzioa ematen duen gauzetako bat eztabaida sutsuen ondoren gertatzen diren isiluneak dira. “Hogei urtez maiteminduta bizi diren pertsonek maiz ez dute hitz egin beharrik elkar ulertzeko”, argudiatu du Macqueenek, “Tusk eta Samen artekoak isilune ozenak dira, guztiz esanguratsuak”.
Burua galtzen ari den pertsonaia lehenbiziko aldiz noraezean agertzen denerako, gutxi gorabehera igarri liteke ondoren etorriko den guztia, dagoeneko gaitz degeneratiboak agertzen diren pelikuletan ohiko samarrak bihurtu diren eszenak barne. Nolanahi ere, erdipurdiko pelikula izatetik salbatzen duena aktoreen lana da: Firth sekulako aktore puska da, azken hamarkadetan zinema britainiarrean ikusi dugun onenetako bat, eta emozioa ziplo sentiarazten dio ikusleari.
Colin Firth eta Stanley Tucci aktoreen jardunaz ere mintzatu da zuzendaria: “Zoragarria izan da beraiekin lan egitea. Aspalditik ezagutzen dute elkar eta horrez gain lagun minak dira. Benetako plazera izan da beraiekin lan egitea eta haiengandik ikastea”.
Aipatu, azkenik, paisaia eta paraje ederrak ikusten direla Supernova ekoizpenean; hain zuen ere, Ingalaterra iparraldeko The Lake Distrtict eskualdekoak, poeta ingeles erromantikoek horrenbeste maite zituztenak.
SERGIO BASURKO