"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Šarūnas Bartas zuzendaria bere filmeko ekoizle tropelarekin agertu da prentsaurrean, izan ere, 1948ko Lituaniara garamatzan pelikula historiko honek sei herrialde desberdinetako finantziazioa izan baitu.
Zinemagile lituaniarrak bere filmetako batean gai historiko bat jorratzen duen lehen aldia da, Bigarren Mundu Gerraren osteko Lituaniaren okupazio errusiarra kontatuz kasu honetan. Gaur egungo gaiei heltzen ohituagoa, Sutemose/In the Dusk filmak Unté 19 urteko gaztearen istorioa kontatzen du, sobietar okupazioari aurre egiten dion mugimendu partisanoko kide dena. Partisanoek ez dute sobietarrekin baldintza berdinetan borrokatzen, eta borroka desorekatu horrek biztanle guztien etorkizuna baldintzatuko du. Gazteak bizitza deskubritzen duen heinean, indarkeria eta traizioa ere deskubrituko ditu.
“Nire historia da, nire herriarena”, esan du zuzendariak filmaren aurkezpenean. “Nire aitona-amonek kontatzen zizkidaten istorioak dira, nire haurtzaroaren parte. XX. mendearen bigarren erdialdean jaio nintzen, azken partisanoa hil eta berehala, eta sobietarren kontrolpean urte asko bizi izan ginen, baina orain arte ez naiz gai izan honi buruz hitz egiteko”, azaldu du Bartasek filmaren zergatiaz. “Okupazioa, independentzia galtzea... hurbilegitik ukitzen ninduten gaiak dira. Oso mingarria zen niretzat honi buruz hitz egitea. Ez nintzen ausartzen”, argudiatu du.
Zuzendariak, hala eta guztiz ere, ez du film sasiabertzale bat egin nahi izan, “gertatu zenaren ikuspegi zabalagoa eman nahi nuen. Herrialdea erabat suntsituta geratu zen, Lituanian ez zen berreraikuntzarik gertatu Alemanian bezala”. “Kartzela batean bezala geunden, altzairuzko oihal baten atzean espetxeratuak. Mendebaldeko jendeak ezin du imajinatu ere egin zer gertatu zen hemen gerraren ondoren. Milaka pertsona bidali zituzten Siberiara, mehatxatuak, espetxeratuak… Konfiskatutako jabetzak eta gosea, gose larria… Garai gris-grisak bizi izan genituen 50 urtetan”, adierazi du.
Sutemose/In the Dusk-en garraztasunak harridura sortzen du; batetik, halako gaia gazte baten ikuspuntutik kontatua dagoelako, eta bestetik, aktoreen antzezpen eta egokitasunagatik. “Aktoreen % 30 baino ez dira profesionalak. Izan ere, protagonista interpretazio eskolako lehen urtean zegoen eta tabernaz taberna olerkiak irakurtzen zebilela topatu genuen. Aktore gehienak filmatu genuen eskualdeko landa eta basoetako biztanleak dira, baina hain dira organikoak, hain lurrari errotuak, ez zarela konturatzen aktoreak ez direnik”, azaldu du Alina Lukosevic zuzendari laguntzaile eta casting arduradunak.
Azkenik, filmeko argiztapenaz ere mintzatu da Bartas: “Kandela, kerosenozko lanpara edo argi naturala erabili ditugu. Garai hartan Lituania ez zegoen erabat elektrifikatua, batez ere hirietatik urrun zeuden herrietan. Hori dela eta, argi-iturri nahiko ahulekin lan egitea beharrezkoa zen egiazkotasunaren mesedetan. Filmaren argazkilaritzak ikuslea limurtzen duela esango nuke”, ziurtatu du.
Sergio Basurko