"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jatorri libanoarreko Danielle Arbid zinemagileak Annie Ernaux idazlearen “Pasio hutsa” eleberri laburraren egokitzapena ekarri du Sail Ofizialera, nahiz eta hasiera batean Cannesen lehiatzeko hautatua zegoen. Pasio eta amodio istorioa da Passion simple, grinaren, antsiaren eta desiraren inguruko kontaketa. Bizitzaren zentzu eta helburu bakar bihurtzerainoko indarra duen pasioa. “Maitemintzen zarenean sentitzen duzun errusiar mendi emozionalari buruzko istorio bat kontatu nahi nuen”, esan du zuzendariak.
Beti eta gauza guztien gainetik maitalearen zain dagoen emakumearen irudia gaitzesgarri samarra ez ote den galdetu zaio prentsaurrekoan: “Judizio moralak ez du zerikusirik horrekin, Annie Ernauxek bere liburua argitaratu zenean esan zuen bezala, eta horrek are gehiago erakarri ninduen; bere burua feministatzat du. Ikuspuntu hori errespetatu nuen gidoia idazterakoan. Anniek filma ikusi du eta gustatu zaio ezsenatan erabat murgildu dela aitortu zidan. Nolanahi ere, oso gogoko ditut erronkak. Nahiago dut arriskatu onespen orokorra lortzea baino. Filma kritikatua izan daiteke, liburua lehen aldiz agertu zenean kritikatua izan zen bezalaxe. Ikusiko dugu. Baina ez diot inori azalduko nola saihestu maitasun suharraren arriskuak”, irmo erantzun du Arbidek.
Eta gaineratzen du: “Hélènen pertsonaia, nire ustez, setio-egoera gozo eta maltzur honekin txundituta dago. Inoiz halako egoera bat bizi izan baduzue ohartuko zineten dopamina hutsa dela, droga bat. Azken batean, maitasunagatik bere burua entregatzen duen emakumea da, bai; baina bere erabakia da. Horrela ikusten dut Passion simple-ren istorioa: ikuspuntu boluntariotik, ez biktimarenetik”.
Arnas hartu eta eszena intimoei nola heldu zien azaldu du: “Film sexual bat egin nahi nuen. Niretzat, gorputzak filmatzea aktoreak ‘glamourizatzeko’ modu bat da. Txundigarriak izan behar dute. Sexu eszenak ahalik eta zehatzen idazten ditut, aktoreek setean zer espero dudan jakin dezaten. Beren gorputzekin eroso sentitzen diren aktoreak aukeratu nituen, gorpu tzen grazia, mugimendu eta keinuaren edertasuna bilatzen bainuen. Erabaki hauek filmaketa baino askoz lehenago hartzen dira, noski. Filmean, beren pasioaren bilakaerak beren gorputzen koreografiarena jarraitzen du”.
Laetitia Dosch emakumezko aktore protagonistak adierazi duenez: “Asko gozatu nuen pertsonaia hau haragitzen. Hélène emakume distiratsua da, bere semea bakarrik hazten duena, Sorbonan literatura irakasten duena, eta, hala ere, urte osoan zehar gizon horren esperoan dago. Ez dut hura epaitzen, egoera interesgarria iruditzen zait, zorabiagarria delako. Moralaz haraindi, ez zuri ez beltz...”
Egia da, ezinezko maitasun batek utzitako zuloa beti da sakona eta hemen sakonagoa eta ilunagoa da oraindik, harreman guztia deusezteraino. Film ausarta eta interesgarria da.
Bergio Basurko