"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Kursaaleko Kubo-Kutxa aretoak Juan Luis Goenagaren atzera begirako erakusketarekin abiarazi berri du itxialdiaren ondorengo bere jarduna. “Zorioneko kointzidentzia”, adierazi digu aretoko zuzendari Ana Abaldek.
Izan ere, iazko udan Donostian filmatu zuen Woody Allenek, herrialdeko artistei erreparatu baitzien, baten- baten obrak bere filmean ager zitezen. Hala, zinemagile newyorktarraren Rifkin’s Festival pelikulan Goenagaren zenbait koadro agertzen dira. Baina margolanak ez ezik, haren estudioko material, tresna eta pintoreak, bai eta Alkizan duen liburutegiaren zati bat ere, Aiako filmaketa gunera lekualdatu zituzten. Pelikula ikusi beharko Goenagaren koadroak filmari nola egokitu zaizkion ikusteko.
Baina gatozen artikuluaren mamira, alegia, arimarentzako txerto den pintura erakusketa honetara. Erakusketak Goenagaren 128 lan biltzen ditu guztira, “azken mende erdiko euskal sortzaile garrantzitsuenetako bat”, Ane Abalderen hitzetan. “Artistaren bildumako lanak, 26 bilduma partikularretakoak, Kutxa Fundazioaren bildumakoak eta beste hainbat erakundetakoak: Gipuzkoako Foru Aldundia, D’Museoa (Donostiako Elizbarrutiko Museoa), Gasteizko Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, San Telmo museoa... Atzera begirako erakusketa zabal honekin Goenagarekin genuen ‘zorra’ kitatu dugu”, aitortu du.
Sei gune tematikotan dago antolatuta erakusketa. Gune horiek elkarren segidan daude areto nagusian antolatuta, egilearen irakurketa kronologikoa eta ebolutiboa egin ahal izateko. Horrez gainera, beste areto
batean paper gaineko lana erakusten da, beste ibilbide paralelo baten antzera, baina modu autonomoan funtzionatzen duena.
Kubo-Kutxan izango da ikusgai 2021eko urtarrilaren 10era arte.
SERGIO BASURKO