"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nora filmaren estreinaldiak abiatuko du, gaur, Zinemira saila. Lara Izagirreren bigarren lan luzea Donostia Zinemaldiko Koprodukzio Fororako hautatua izan zen 2018an eta bi urte beranduago aurkeztuko da jaialdiaren baitan. “Pixka bat urduri nago baina ilusio handiarekin”, aitortu du Izagirrek, “urte nahasia, desberdina eta arraroa izaten ari da denontzat eta hau urteko oparia da; filma Zinemaldian erakusteak urduri eta zoriontsu egiten nau”. Aitona galdu ostean, neska batek bere buruaren bila egingo duen bidaia kontatzen du filmak. Komedia eta dramaren artean mugitzen da road- -trip gazi-gozoa. “Komedia handiago bat izango zela uste nuen baina nik, nire lan egiteko moduagatik, tonua neurtzen joan nintzen”, adierazi du Izagirrek, “gidoiak bazuen tonu berezi hori islatzea lortu dugu modu natural batean, bai grabazioan baita muntaketan ere”. Itxuraz noraezean dabilen Nora protagonistak existentzia-krisi batean murgilduta dago. Galdera potolo bat dauka filmak atzetik: benetan galdetu al diozu zure buruari zer izan nahi duzun eta zer egin nahi duzun? “Norarengandik gustatzen zaidana da ez dela ez oso ausarta ez oso beldurtia, arrunta dela eta bere buruari aukera ematen diola” azaldu du zinemagileak.
Nora filmak bere aurreneko lanarekin baduela harremana aitortzen du zinegile bizkaitarrak: “Neba-arrebak bezalakoak dira biak, baina oso ezberdinak dira; Un otoño sin Berlín (2015) oso udazkenekoa zen, barrura begiratzen zuena, apur bat tristea; Nora, berriz, arinagoa, alaiagoa, bisualki ederragoa da ia osorik kanpoan errodatuta dagoelako”. Bizitzako momentu jakin batzuen isla dira biak ala biak, zinemagile bizkaitarraren aburuz.
Aktoreen lan sendoa
Aktoreekin lan egiteko modu pertsonala du Izagirrek. Entsegu asko, inprobisazio saioak eta eszenak deseraikitzeko ariketa ugari egiten ditu. “Ane Pikazak eta gainontzeko aktore guztiek sekulako paperak sortu dituzte”, adierazi du zinegileak. “Konturatu naiz sekulako aktoreak daudela Euskal Herrian, euskaraz egiten dutenak gainera. Oso pozik nago denekin, oso polita izan da oso eskuzabalak izan direlako”, dio.
I.E.