David Perez Sañudoren opera prima 2009ko Euskal Herrian girotutako film luzea da, zeinak AHTren obretan segurtasun-zaintzaile dabilen ama baten eta horren alaba ekintzailearen arteko harremana kontatzen duen. Ane-k Sañudok duela bi urte sinatutako izen bereko film laburra du oinarri: “Hala eta guztiz ere, hau ez da haren jarraipen edo bertsio handitua. Ane laburra abiapuntu bat da, ordea, Ane luzeak beste bide batzuk jorratzen ditu; alegia, dramarekiko hurbilketa zuzenagoa da, eta gaitasun tekniko zein artistiko helduagoa eta landuagoa du”, argitu digu zuzendariak.
Marina Paresekin batera idatzitako gidoiak idazketa prozesu luzea izan du eta baita kategoriko gainbegiratzaileak ere, hala nola, Borja Cobeaga, Mar Coll eta Joanes Urkixo. “Istorio familiarra da zentzu zehatzenean, oso harreman deserosoa erakusten du amaren eta alabaren artean, abiadura handiko trenaren lanei lotutako auzo-arazo baten testuinguruan”, hala definitzen du egileak bere lehen lan luzearen bilbea.
“Ane komunikazioari buruzko hausnarketa bat da. Komunikatzeko hiru elementu behar dira: igorle bat, hartzaile bat eta eduki bat. Baina kate horretako zerbaitek pott egin du ama eta alaba protagonisten arteko harremanean. Mugako istorio bat da: Dramaren eta thrillerraren arteko mugan kokatzen da; Aneren pertsonaia helduaroaren mugan dago; istorioa Espainia eta Frantziaren artean gertatzen da. Mugari buruzko hausnarketak duen garrantzia hori da komunikazioa bezalako funtsezko zerbaitetan arakatzeko aukera ematen diguna”, azaldu du zuzendariak.
Izan ere, etxeko jangelan bakarbakarrik gosaltzen dagoen amaren irudiarekin hasi eta bukatzen baita filmea. Kezkatuta hasierako sekuentzian alaba etxera lo egitera agertu ez delako; bukaerakoan, berriz, amaalaba bereizten dituen amildegiaz jabetuta egonik hura berriro agertuko den itxaropena galdu gabe.
Amania Films ekoiztetxean hainbat film laburren ekoizpenaz arduratzeaz gain, Sañudo zinema-zuzendaritza irakasle ere bada EHUn. Hartara, zinema zuzentzea ala irakastea, zer den zailago galdetu diogu: “Irakastea polita da, baina gazteek jada ez dute teoria ikasi nahi, hori Interneten aise aurkitu dezakete, ikasleek iradokitzea eta probokatzea eskatzen dute. Haiengan ikusten dut nik hasieran nuen harrokeria, ustez dena jakitearena. Aitzitik, benetako proiektu bati ekiten diozunean hantuste guztiak apaldu egiten zaizkizu. Zaila da zinema egitea, oso konplikatua, irakastea baino askoz zailagoa. Lehen luze bat egitea umiltasun-ariketa bat da”.
Aneren pertsonaiak AHTren kontrako ekintzaile taldearentzat egiten dituen bideoek zuzendariak bere ikasleez dioena berresten dute: “Ikus-entzunezko proiektu mota bakoitzak bere berezitasunak ditu. Adibidez, Anek bere borrokaren prozesua grabatzean egiten duena, arma bat da, eta, aldi berean, ikaskuntza- -prozesu bat. Zinemak, aldiz, teknikoki ortodoxoagoa izan behar du, profesionalizazioa garrantzitsua da”. Garrantzitsuak, halaber, filmeko eszenatoki nagusiak: Gasteizko aldirietan dagoen Errekaleor auzoa eta Baiona. “Errekaleor desagertzeko bidean dagoen garai bateko langile-auzoa da eta atsegin dut gerorako erretratatu izana, jendeak haren memoria zinematografikoa izan dezan. Bestetik, Baiona dago, hiri argitsua; oraindik ere antzinako hiri dekadenteen usaina eta magia gordetzen duena”.
Ezin aipatzeke utzi Patricia Lopez Arnaiz, Jone Laspiur eta Mikel Losada aktore protagonisten antzezpen estimagarriak. Ez eta zuzeneko giro soinuez jantzitako soinu-bandatik harago gailentzen den Willis Drummond-en ‘Nahi eta nahi ez’ abesti originala ere.
Zuzendari Berrien sarira aurkezten duen lan honetaz gain, Sañudok baditu beste bi egitasmo esku artean. Bata, Alberto Contador ziklistaren inguruko kirol komedia beltza; eta, bestea, Erasmus ikasle ohi baten Erromarako itzulera kontatzen duena.
Sergio Basurko