"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lisabi Fridell argazki-zuzendari suediarra Berlinen bizi da, baina mundu osoan egiten du lan. Hala fikzio-filmetan nola dokumentaletan egin duen argazkilaritza-lanari esker lortu du ospea. Bere lana ohiz kanpokoa da; hitz bakarrean, moldakortasunak definituko luke bere estiloa. Sail Ofizialeko epaimahaikide gisa elkarrizketatu dugu.
Goitik behera beltzez jantzirik agertu da elkarrizketara, alabaina bere begi urdinek jarrera gogorra leuntzen diote, eta eguzkiari gorroto diola dirudien azal zuriak, egunotan zinema-aretoetako ilunpeak bizileku izan dituela berresten du. “Apenas ikusi dut hiria –esan digu ahots hari ahulaz–, egunean gutxienez hiru pelikula ikusten ditugu eta gero horiei buruz hitz egiteko elkartzen gara. Lan egitera etorri naiz, agian beste noizbait bueltatuko naiz oporretan”.
“Epaimahaikide gisa oso bestelako moduan bizi duzu Zinemaldia, filmak ez dituzu ikusle arrunt bat bezala ikusten. Zerbait nabarmentzekotan espainolez mintzatutako pelikula mordoa ikusten ari naizela esango dizut. Eta tzen dut –gaineratu du–, zinema honek guztiak nolabaiteko eragina izan dezakeela nire hurrengo proiektuetan. Egia esan, proposamen berriak ikusteko irrikitan nago; zine konbentzionalak, superprofesionalak, ez nau batere erakartzen, film iradokitzaileak ikusi nahi ditut”.
Fridellek lehen film laburra hemezortzi urterekin argiztatu zuen, eta aitortu digunez, “esperientzia zoragarri hura izan zen hau guztiaren abiapuntua”. Orduz gero, egin dituen filmak urratzaileak izateagatik eta balio feministak defendatzeagatik nabarmentzen dira.
Hori horrela, eta betiere dena delako istorioan oinarrituta, bestela kontatzeko modua bilatzen du. Horretarako, askotariko teknika, kolore eta formekin esperimentatzen du, berritzeko eta, ahal dela, istorioa hobetzeko. Zuzendariekin lankidetza hertsian jardutea atsegin du, eta hasieratik eragitea prozesu osoan. “Nirentzat ezinbestekoa da proiektuaren zuzendariarekin eseri eta bere asmoez luze zabal hitz egitea, eta gidoia interesgarria izatea, jakina; alderdi teknikoa hizketaldi horien ondotik sortzen da”.
Sergio Basurko