"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
70 binladens Koldo Serraren hirugarren film luzea da. Sitgesko zinema-jaialdian estreinatu zen, iaz, eta martxoan hasi zuen bere iblbide komertziala. “Capitana Marvel eta Mula filmekin batera atera ginen eta jakinekoa da lehendabiziko asteburuan lehiatila ez baduzu lehertzen hilda zaudela”, dio zuzendari bilbotarrak, “baina gaur egun filmek bizitza bat baino gehiago dituztenez gero, bigarren eta hirugarren bizitza bat izaten ari da filma, besteak beste, plataformei esker”.
Gernika egin zuenetik, Serra telebista munduan murgilduta ibili den arren, hamar urtez lantzen aritu da Zinemiran ikus daitekeen 70 binlandens luzea. Lapurreten inguruko istorio klasiko batekin itzuli da thriller generora. Raquel (Emma Suárez) egoera larrian dago 35.000 euro lortu behar dituelako eta hogeita lau ordu besterik ez dauzkalako bankuarengandik mailegua lortzeko. Gestioa egiten ari dela, ia lortu duenean, bi lapur (Nathalie Poza eta Hugo Silva) sartzen dira sukurtsalean.
Ez da oso ohikoa bi emakume izatea thriller baten protagonista. “Ez dakit zergatik generoak gizon-itxura duen, ez luke hain mugatua izan behar; nire ustez oso inportantea da protagonistak bi emakume heldu izatea, arautik ateratzeko eta zerbait ezberdina egiteko”, dio zinemagileak.
Emma Suárezek eta Nathalie Pozak Goya sari bana jaso berriak zituzten Serraren ekoizpenean lanean hasi zirenean. Binomioak ondo funtzionatu zuen. “Sekuentzietan biak bakarrik koinziditzen zutenean, hazi egiten zen guztia; elkar elikatzen ziren”, azaldu du Serrak.
Pertsonaia nagusiak, Raquel eta Lola, elkarren artean oso desberdinak dirudite, baina filmak aurrera doan heinean, komunean asko dutela konturatzen da ikuslea. “Bi emakume desesperatu dira, bakoitza bere erara; biak dira oso indartsuak eta helburu oso argia dute”, azaldu du zinemagileak. Irtenbiderik gabe geratzean, etsipenari aurre egin eta pertsonek aurrera ateratzeko daukagun indarrari buruzko filma da Serrarena. Ikusleak biekin enpatizatzen du, bahituaren ikuspuntuarekin bat egin dezake eta aldi berean lapurrenekin.
Zuzendariak aitortzen duenez, oso film kontrolatua zen, bai gidoiari dagokionean, bai ekoizpenaren aldetik. Lokalizazio gutxitan grabatuta dago –bankuko sukurtsalean eta kanpoko plazan, nagusiki– eta kronologikoki filmatzeko aukera izan zuten. Honela azaltzen du zinemagileak: “gainbeheran dagoen mundu bat islatu nahi nuen, eta horretarako, sukurtsalari itxura ‘kostunbrista’ eman genion eta Bilboko Santutxu auzoko Haro Plaza pertsonaia bat gehiago bihurtu genuen, topikoa dirudien arren”. Protagonista erori den segada modu fisikoan eta errealean irudikatzen laguntzen du espazioak, kontakizunean. “Aurkitzen oso zaila den Bilbao gris eta erdoildua atera nahi nuen; La estanquera de Vallecas, El pico eta kinki zinemagintzan agertzen zen giro hura berregin nahi nuen”, dio Serrak.
Irene Elorza