"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sarah Gavronek Brick Lane filmarekin egin zuen zuzendaritzan debuta, Zinemaldiko zuzendari berrien atalean parte hartuz gainera; zortzi urte beranduago bere bigarren fikzio-film luzea zuzendu zuen, Suffragette; eta hirugarrena, Rocks drama soziala, Urrezko Maskorraren lehiara ekarri du aurten.
Rocks nerabea itxuraz zoriontsu bizi da Londresko auzune kulturanitz batean ama eta anaia txikiarekin, baina inguruan duen mundua gainbehera egiten hasiko zaio ustekabean amak etxetik ihes egiten duenean. “Hala ere –argitu du zuzendariak–, gaztaroko bizipozari, erresistentzia-ahalmenari eta espirituari buruzko filma da”.
Filmaren ardatza Rocksek eta bere lagun taldeak osatzen dute. Neska horiek aurkitzeak urte osoko lana eman ziela azaldu dute Gavronek eta Theresa Ikoko gidoilariak. “Prozesua oso berezia izan zen, neskak gidoia idatzi aurretik aurkitu genituelako eta, beraz, gidoia horien arabera idatzi genuen”, esan du Gavronek.
Aukera mugagabeak
Filma Londresko ekialdeko Hackney auzunean filmatu zuten. Bertan kultura ezberdinetako jendea bizi dela eta maiz bazterkeria kasuak ematen direla nabarmendu dute zuzendariak zein gidoilariak, baina protagonistaren egoera hori testuingurua finkatzeko soilik erabili nahi izan dutela adierazi dute. “Bazterkeriaz hitz egiten duten film asko daude, amorrua agertzen dutenak. Sarritan entzuten dugu arazoak dituzten gazteak direla, gaizkile taldetan sartzen direla… hor ikusten da zein den bazterkeriaren ondorioa. Amorrua sentitzeko arrazoi asko dituzte, ez zaizkie aukera onenak eman, baina hala ere saiatzen dira duten onena ematen”, argudiatu du Ikokok, eta euren nahia “gazteak nolakoak diren erakustea” izan dela nabarmendu du: “aukerez betetako pertsonak dira eta behar bezala tratatzen badira aukera horiek mugagabeak izan daitezke”.
Filmaketaz Gavron mintzatu da. Azaldu duenez, filmatzeko prozedurak dokumentalaren tankerakoak izan ziren, neskatoak ahal bezain eroso egotea eta naturaltasunez jokatzea baitziren zuzendariaren helburuetako bi. “Hasieratik argi genuen bizpahiru kamera izango genituela, neskek ahalik eta modu naturalenean lan egin zezaten”, azaldu du, eta zeregin horretan Helene Louvart argazki-zuzendariak izan duen papera azpimarratu du: “Iraganean gizonekin lan egin izan dut eta kasu honetan emakumeengana bakarrik jotzea erabaki nuen. Helenek bereziki oso modu emozionalean erantzun zuen, sekuentzia bakoitzaren emozioei buruz hitz egiten zuen eta berak zerikusi handia izan du benetako lekuetan soilik filmatzea erabakitzearekin. Ez dugu set bakar bat bera ere erabili eta horrek eragin du neskek inguru propioan zeudela sentitzea”.
Sergio Basurko