"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Soinujolearen semea filmak ia urtebeteko ibilbidea egina du dagoeneko, iazko azaroan Huelvako zinema-jaialdiko Sail Ofizialean parte hartu zuenetik. Apirilean estreinatu zen zinema-aretoetan eta oso harrera ona izan zuen Euskal Herrian, oro har. Bospasei aste gin zituen Ipar eta Hego Euskal Herriko karteldegietan. “Esango nuke, ia bere ibilbidea bete duela”, adierazi du Fernando Bernués zuzendariak; “joan den hilean Koreako zinema-jaialdi batean aurkeztu genuen eta deigarria da nola iritsi zitzaion jendeari, azken finean, adiskidetasunaren inguruko istorio unibertsala da eta”.
Bernardo Atxagaren izen bereko nobelan oinarritzen da filma eta bi lagunen arteko harremanaren aitzakian, garai, bizimodu eta zirkunstantzia batzuen inguruko hausnarketa proposatzen du. Fernando Bernuések Patxo Telleriarekin batera sortu zuen filmaren gidoia. Atxagaren kolaborazio preziatua izan zuten lantegi horretan. Telleriak eta Bernuések 2012an eleberria antzerkira eraman zutenetik, Bernuések argi zuen David Imazen eta Joseba Altunaren istorioa zineman kontatu beharra zegoela.
Egile-eskubideen inguruko auzi bat medio, atzeratu egin zen egitasmoa, baina azkenean iritsi zitzaien 70eko hamarkadan girotutako narrazioa filmatzeko ordua. Antzezlanak izan zuen arrakasta, baina, ez zion aparteko segurtasunik eman Bernuési film luzearen proiektuari aurre egiteko orduan: “lanbide honetan ikasi beharreko lehen lezioa ziurtasun-gabezia da”, dio egileak, “onerako ala txarrerako, hasiera batetik istorioa kontatzeko sentitu zenuen jatorrizko senari eustea da sendagai bakarra”.
Zinemira sailean ikusgai dagoen Soinujolearen semea hiru garai ezberdinetan egituratuta dago. Batetik protagonisten haurtzaroa dago; bestetik, gazte direneko sasoia; eta azkenik, berrogeita hamar urte bueltan dituzteneko orainaldia. Iñaki Rikarte eta Aitor Beltran dira aktore nagusiak, eta Eneko Sagardoyrekin, Joseba Apaolazarekin eta Mireia Gabilondorekin osatzen da filmeko aktoreen zerrenda, besteak beste.
Adiskidetasunaren inguruko kontakizun honetan berebiziko garrantzia du pertsonaien arteko isiltasunak. “70eko hamarkadan, gerraosteko isiltasunak oraindik bazirauen, ezin zen gauza askotaz hitz egin, eta are gutxiago euskaraz; horrela iristen gara bi lagun hauen artean finkatu den isiltasunera; nolabait, urteetan bizi izan dugun isiltasunaren metafora ere bada”, azaldu du zuzendariak. “Niretzako oso erakargarria da protagonistek isiltasun horiei aurre egin eta kartak mahai gainean uzten dituzten momentua erakustea”, gehitu du Bernuések.
Irene Elorza