"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Mikel Rueda zuzendari bilbotarrak Caminan film laburra erakutsi zuen 2016an Zabaltegi-Tabakaleran. Bi urte eta erdi geroago, proiektuari segida ematen dion bigarren fikzio- -film luzearekin dator Zinemaldira. El doble más quince filmak Donostiako Koprodukzio Foroan aukeratu zuten 2017an, eta Malagako jaialdiko sail ofizialean lehiatu da aurten. Zuzendariak atzo bertan jakinarazi zuenez, Maribel Verdú eta Germán Alcarazu aktoreen lana datorren otsailaren hasieran izango da ikusgai zinema-aretoetan.
Ruedak aspaldiko asmo bat bete du film honekin: “Caminan film laburra egin nuenean jada buruan nuen istorioa film luze batean kontatu nahi nuela; oinez dabiltzan eta elkarri begietara begiratuta ezagutuz joaten diren pertsonaien inguruko filma egin nahi nuen”. Labur hartan bezalaxe, Verdú eta Alcarazu aktoreengan konfiantza osoa jarri zuen zinemagileak. “Sekulako kimika dago beraien artean, orduak eta orduak eman ditugu elkarrekin hitz egiten eta entseguetan, eta ondoren, inprobisatzen utzi ditut pertsonaiak maisutasunez eraiki dituztelako”, azaldu du Ruedak. Biek egiten duten interpretazio lana goraipatzen du: “Germánen bigarren filma da eta Maribelekin planoa partekatzen du film osoan zehar; Maribel interpretazioaren munstro bat da eta ez da erraza bere parean jartzea, baina lortu egin du”.
Internet bidez ezagutu diren emakume helduaren eta mutil nerabearen arteko harremana da filmaren muina. Mundu zakar batean hauskor sentitzen diren bi pertsona ustez oso ezberdinen gerturatzearen lekuko da ikuslea. “Ana eta Erik dira filma; beraiek eusten diote ehun minutuko kontakizunari; eta filmaren apustu bisuala ere hortik doa”, dio zuzendariak. “Inguruko mundua lausotuta agertzen da, fokutik kanpo”. Filmaren hasieran hoztasuna dena, berotasun eta argi bihurtzen da bukaera aldera, Anaren eta Eriken lotura estuagoa denean.
Bilboko hiriak laguntzen ditu pertsonaiak euren ibilbidean. “Askok albora utzi duten Bilbo hori, berritu eta erabat aldatu nahi duten hiri hori, erakutsi nahi izan dut, erromantikoa eta oso ederra iruditzen zaidalako”, dio Mikel Ruedak, “filmak gu garenaz eta izan garenaz hitz egiten duelako. Nahiz eta leku hori zaharkitua edo zimeldua egon, ederra da zeren, azken finean, gu gara”.
Aurreiritzien gainetik
Lehen begiradan, bi pertsonaien arteko harremanean desoreka dagoela pentsa daitekeen arren, kontakizuna aurrera doan heinean gero eta argiago geratzen da berdin sentitzen direla eta horrek elkarrengana erakartzen dituela. “Ez dute zerikusirik euren bizimoduetan baina, era berean, emozionalki bateratuta daude; adinean alde handia dute baina galdera berberak egiten dizkiete euren buruei”, adierazi du zinemagileak. “Gertatzen da; bat batean ezezagun bat aurkitzen duzu eta zu zaren bezalakoa agertzen zara bere aurrean, ez zara epaitua sentitzen eta zu izateko gai sentitzen zara”, dio Ruedak, “besteen begiradengandik libre sentitzea oso askatzailea da”.
Linklater-en Antes del amanecer edo De Sica-ren Stazione Termini filmekin gertatzen den bezala, protagonisten hizketaldiak dira filmaren oinarria. Ruedaren esanetan, “pertsonaiak oinez eta hizketan erakusten dituzten film ‘arraro’ horietako bat da hau; oinez doazenean elkar aurkitzen duten bi pertsonaien istorioa”.
Irene Elorza