"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Tatik, hamahiru urteko neskatxa batek, zailtasunak izango ditu Jaca aita urrunarekin konektatzeko, aita Olinpiaden ondorengo egun nahasietan espetxetik atera eta gero. Polizia Baketzailea Rioko inguruko faveletako okupazio ahulari eusteko ahaleginetan ari den bitartean, etorkizunerako dituzten itxaropenak kolokan jartzen dituen borrokaren erdian aurrera egin beharko dute Jacak eta Tatik. Paxton Winter zinemagileak zazpi urtez aritu da Morro dos Prazereseko komunitatearekin elkarlanean Pacificado filma sortzeko; hala, barrutik, etxetzat duten hiriko gudu-zelai beti aldakorrean bake bila ari den familia baten erretratu indargarria egin du.
Zuzendariak prentsaurrekoan aitortu duenez, “maitasunak eraman ninduen Brasilera eta komunitate hartan bizitzeko aukera suertatu zitzaidan. Sei hilabeterako joan nintzen favelara, Rioko hiriguneko alokairuen prezioa noiz jaitsiko esperoan; eta zortzi urtez geratu nintzen bertan hango bizimoduak sorginduta. Ezin kontatuzko orduak pasatu nituen istorioak entzuten eta pertsona harrigarri haiei begira… “Bertan hiru urte zeramatzala, film bat egiteko ideia otu zitzaion, gidoia idatzi eta Débora Nascimento aktoreari pasatu zion izkribua”.
“Istorioak txunditu egin ninduen eta ate asko ireki banizkion ere, nire pertsonaia lortzeko gogor borrokatu behar izan nuen”, ziurtatu du Tatiren ama hezurmamitzen duen aktoreak. Wintersek, segidan, Jacaren pertsonaia izan du hizpide: “Favelatan trafikatzaileak dira jaun eta jabe, eta bera sistema horretatik ateratzen saiatuko da ohorea eta zintzotasuna galdu gabe”.
Bukassa Kabengele da Jacarena egiten duen aktorea, eta bera izan da faveletako egoera gehien kritikatu duena. Brasilen afroamerikarra da populazioaren % 53 eta “gazteen heriotza-tasa izutzeko modukoa da. Komunikabideetan gazte horien alderdi kriminala besterik ez da azaltzen”, ziurtatu du. “Film honek –jarraitu du esaten– harreman sozial eta humanoetan ipini du fokua; Wintersek oso ausart jokatu du bertako bizimodua erakusten, armak eta tiroak bigarren maila batean utziz”.
Hala ere, pelikularen filmaketa nahiko konplikatua izan zen kale liskarrak zirela eta. “Gauez metrailadore tiroak entzun zitezkeen nonahi. Baina horrexegatik, hain justu, filmean heziketa eta konponbideak bilatzea nabarmendu nahi izan ditugu”, adierazi du zuzendariak. “Film honek begirada hori du. Pertsona behartsuenei aukerak eman behar zaizkie, pertsona trebatuak sortu, Brasilen falta dena, eta batez ere populazio beltzarentzat, aukerak. Kulturaren eta maitasunaren bidez mundua alda daitekeela erakusten du film honek”, bat etorri da Aronofsky ekoizlea zuzendariaren hitzekin.
Sergio Basurko