"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Iban del Campok zuzentzen duen lehen film luzea da Glittering Misfits. Hamar urte lehenago Zinemiran bertan aurkeztu zuen Dirty Martini film laburraren jarraipen gisa har daiteke arrasatearraren proiektu berria. New Yorkeko off off Broadwayko burlesque eszena berriaren bi ordezkari nagusien bizitzetan murgiltzen gaitu zuzendariak bere azken lanean. “Dirty Martini eta Tigger!-en bizitzek eta euren munduak film luze bat baino gehiagorako ematen zutela konturatu nintzen 2009an, eta ordutik, nire betiko asmoa film luzea egitea izan da”, adierazi du Iban del Campok.
Klubetako eta kaberetetako gaueko bizitzan zein egun argiko egunerokotasunaren kontakizuna osatzeko, pertsonaien konfiantza irabaztea berebizikoa izan da. “Gakoa da dokumentala beraiekin batera egitea”, dio egileak, “mundu horretatik kanpo datorren baten begirada da nirea, baina nire proposamenak atentzioa deitu zien”. Ordutik eta bi hilabete inguruz, Dirty Martini-ren itzala bihurtu zen zuzendaria. Hari esker ezagutu zuen Tigger!, filmeko beste protagonista eta neo-burlesque eszenaren sustatzaile nagusietako bat.
Protagonistak eta hiria hobeto ezagutzen ditugun bitartean, azpikultura baten erretratua osatzen doa Glittering Misfits dokumentalean. “Burlesque ikuskizun baten lekuko zarenean, agian ez duzu ikusten hor atzean dagoen guztia, ikusle bakoitzaren esperientziaren arabera desberdin ulertu daiteke; baina niri benetan harritu ninduena da zenbat lan dagoen hor, zenbat erreferentzia aurki daitezkeen eta zein arduratuta dauden burlesque-aren historia berreskuratzen”, azaldu du zinemagileak. Artista horren kezka, borroka, salaketa eta satira irudietan jaso du film luze honek. “Burlesque ikuskizunetan osagai hauei guztiei forma ematen diete bost minutuko ikuskizunetan eta bakoitzak berezko estilo batekin egiten du”, dio.
Dirty Martini eta Tigger! mundu mailako burlesque eszenako erreferenteak izatea lortu duten arren, hain mundu bazterrekoa eta alternatiboa izanda oso erraza egiten zaie anonimotasunari eustea. Kontraste hori oso aberasgarria da filmarentzat eta punk-rock artistekin parekatzen ditu artistak. Zuzenak, inkonformistak, askeak, gordinak eta aktibistak dira eta egokitasunaren eta baimenduaren ertzean mugitzen erakusten ditu filmak. Edukiari itxura ematean, egileak merkatuaren korrontearen kontra doan formatu bat aukeratu du –4/3– pertsonaien filosofiarekin eta izaerarekin bat egin nahian. Denboraren tratamenduari dagokionean, berriz, continuum baten moduan aurkezten da akzioa. “Ez dago denbora konkretu bat”, azaldu du zinemagileak, “filma hasten denean sekuentziak jada hasita daude, eta bukaeran ere irten egiten zara, hau da, filma bukatu egiten da baina euren bizitzak jarraitu egiten du”.
Protagonisten bitartez New Yorken portreta egin du egileak. “Edozein izkinera begiratzen nuen eta segituan filmeko planoak ikusten nituen, film baten barruan egotea bezalakoa zen eta errespetu antzeko bat sentitzen nuen”, dio del Campok. Baina berehala baztertu omen zuen kezka hura, izan ere, pertsonaien ibilerak jarraitzeak hiria ondo ezagutzeko eta erakusteko aukera ematen ziola konturatu zen berehala.
Irene Elorza