"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
David Zonana zinemagilearen lehen film luzeak neurrizko iraupena du kontatu nahi duen metaforarentzat. Etxejabe aberats baten luxuzko etxebizitza eraikitzeko obran ari den gazte baten bizitza gainbehera joaten hasiko da berarekin batera lanean ari den anaia lan-istripu batean hiltzen denean; hori gutxi balitz, haurdun dagoen koinata kalte-ordain ekonomikorik gabe utziko dute. Gaztearen eta lankideen aurka abusu berriak jasan ondoren, eta dagokiena hainbatetan eskatu ondoren, bere esku hartuko du justizia, eta eraikitzen ari zen etxetzarrera bizitzera joango da. Baina, aurka egin nahi dion munduak irentsiko al du azkenean?
“Bada, ba bai –erantzun digu zuzendariak–; jakina da Mexikon ohikoa dela ustelkeria gizarteko estamentu gorenetan, baina gauza bera gertatzen da klase txiroenetan ere; askoz neurri txikiago batean, hori bai.
Okupatutako etxea kolektibizatzen denean ukitzen du pelikulak benetako mamia: protagonistarekin lan egiten zuten gainontzeko lagunak ere gonbidatuko ditu eta etxearen jabe egiteko proiektuan murgilduko dira, baita arazoz beteriko elkarbizitza batean ere.
Klaserik gabeko mikro-gizarte bat eraikitzeak dauzkan zailtasun eta kontraesanak erakusten ditu filmak; finean, zapaldutako pertsonek euren kabuz erabakiak hartzeko askatasuna dutenean, zapaldu dituen logika berdinaz jokatzen dutelako. “Luis Albertik hezurmamitzen duen pertsonaiak, mikro-gizarte hori eraikitzearekin batera bere burua ahaldundun duenak, ustelkeria indibidualistan jausten amaituko du. Nola esan, gizartearen kontraesanak eremu txiki batean irudikatzen saiatu naiz. Ez dago inongo gizarterik, txikia izanik ere, perfekziora funtzionatzen duenik”, adierazi du zinemagile mexikarrak.
Izan ere, apaltasunean baitatza lan honen xarma. Sekuentzia bakoitzean, funtsezkoa dena baino ez; esaldi bakoitzean, egia besterik ez. Zeren fikzio honetako aktore gehienak ez baitira profesionalak eta nabari da dialogoen naturaltasunean. “Luis Alberti protagonista izan ezik, gainerako aktoreak eraikuntzako langileak eta horien familiak dira”, argitu du zuzendariak.
Sergio Basurko