"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Blackbird-en emanaldiarekin hasi da Urrezko Maskorra lortzeko lehia eta estreinako negar malkoak sorrarazi ditu bere sufrimenduari amaiera jarri nahi dion gaixo terminal baten azken asteburua kontatzen duen filmak. Susan Sarandonek bikain hezurmamitzen duen pertsonaiak familia osoa bilduko du, bizirik jarraitu nahi ez duela jakinarazteko. Horrek agerira ekarriko ditu familiako liskar ezkutuak, baita bi alabek amari dioten maitasuna ere.
90eko hamarkadaren amaieran Notting Hill komedia erromantikoarekin txarteldegiak leherrarazi zituen Roger Michellek Silent Heart (2014) dramaren remakea zuzendu du. “Egia esateko, errazagoa da tragedia bat filmatzea komedia bat baino. Hala ere, leuntasun handiz tratatu beharreko gaia zen eutanasiarena. Oraindik orain eutanasia eta suizidioaren arteko mugak, legeari buruz ari bagara behintzat, lauso batean baitaude munduko herrialde gehienetan”, azaldu du zuzendariak.
“Alabaina –hariari heldu dio Sam Neill aktoreak–, gaur egun jendea oro har denbora gehiago bizi da, eta euren patua kontrolatu nahi dute, ez dituzte gauzak halabeharraren eskuetan utzi nahi, bai bizirik daudenean baita heriotzari aurre egin behar diotenean ere”.
Filma asteburu huts batean dago kontatua, zeinean Lily (Sarandon) gaixo terminala bere sufrimenduari amaiera ematea erabakita dagoen. Bi egun horietan ahaideek berriro elkar ezagutzeko, iraganeko zamak aireratzeko eta barre nahiz negar egiteko aukera izango dute.
Neillen arabera, “Susan eta ni ez dugu gehiegi hitz egin behar lan egiteko orduan, begirada hutsez ulertzen dugu elkar”. Aktoreak adierazi duenez, “oso harreman estua sortu dugu. Konfiantza asko hartu dugu guztiak oso film korala delako eta eszena gehienetan guztiak irteten garelako. Zortzi laguneko aktore multzoa ginen eta han geunden denbora guztian elkarrekin”.
Connecticuteko kostaldea irudikatzen duen Chichester (Ingalaterra) inguruan bost aste eskasetan gauzatu zen filmaketa, dekoratu bakar batean eta kronologikoki gainera. “Beti toki berean eta kronologikoki filmatzea, aktoreek pertsonaia biribilak sor ditzaten… Zer gehiago eska daiteke?”, pozik esan du zuzendariak bere hitzaldiari amaiera emateko.
Sergio Basurko