"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Kondaira zahar bat berreskuratu eta gaur egun nola kontatu deskubritzeko bidaia abiatu zuen Loïc Legrand zuzendari frantziarrak Hiru uhinak / Les trois vagues filmaren proiektuarekin. Donibane Lohitzune inguruan sortzen den Belharra olatuak liluratuta iritisi zen zinemagilea hiru olatuen elezaharrera. Olatu erraldoi ezagunaren inguruan aurkitu zuen tradizio sendoak egun zein oihartzun sor zezakeen aztertu nahi zuen, irudien bitartez.
Europan zehar hiru uhinen legendaren dozenaka aldaera daudela deskubritu zuen, baina egileak ez zuen inon aurkitu Ipar Euskal Herrian errotuta dagoen bertsioaren fideltasuna mantentzen zuen besterik. “Herriz herri eta denboran zehar kondaira beti bera da, ez da apenas aldatu eta horrek jakin-min handia eragin zidan”, esan du zinemagileak. Kondairaren itsasaldeko testuinguruak sorginkeria kontuekin zuen harremanak ere kuriositate handia sorrarazten zion.
Hari horiei tiraka film bat egitea erabaki zuen Legrandek. Iragarki bat jarri zuen istorio zahar horretan oinarritutako film bat egitea eskainiz. Lili, Ana, Oier, Hippolyte, Aña eta Ekaitz gazteek berehala erantzun zioten eskaintzari eta egitasmoa lantzeari ekin zioten elkarrekin. Eztabaida eta dokumentazio lan ugariren ostean, astebete izan zuten gidoia idazteko. Gerora etorri zen ekoizpena gauzatzeko denbora, Donibane Lohitzunen, Ziburun eta Getarin grabazioak egin eta film laburra osatzeko.
Sortze prozesu horretan, arrantzaleak, saregileak, arkeologoak eta zineman adituak direnengana jo zuten sei gazteek. Taldearen barneko dinamiken eraginez filmaren izaera aldatzen joaten zen eta horrek guztiak bereziki konplikatua eta zirraragarria bihurtzen zuen proiektua. “Eurek filma eraikitzea nahi nuen, beste inoren eraginik jaso gabe”, azaldu du zinemagileak.
Bien bitartean, istorioa berea ez zela sentitzen zuen zuzendariak. “Frantsesez eta euskaraz egina dago nahiz eta nik euskaraz ez jakin”, azaldu du zinemagileak, “batzuetan galduta sentitzen nintzen arren, gazteei espazioa eman nahi nien filmarekin jarrai zezaten”. Transmisio ariketa bat egitea bilatzen zuen egileak, irizpideak aurretik finkatu arren askatasunari eta sormenari beharrezko tokia emanda. “Ibilbidea zein zen banekien, osagaiak oso garbi bainituen, baina emaitza zein izango ote zen ez zen hain argi ageri”, azaldu du zuzendariak. Denbora luzez aritu zen Legrand proiektua biribiltzen. “Lan itzela dago atzean eta oso harro nago egin dugun filmarekin, nahiz eta akatsak eta inperfekzioak ikusten dizkiodan”, aitortu du zinemagileak.
Work in progress honen emaitza da Hiru uhinak / Les trois vagues hirurogeita hiru minutuko filma. Fizkioa eta ez-fikzioa nahasten duen ekoizpena da Legranden lehen lana, ikasleek filmerako grabatu zuten hamaika minutuko fikziozko film laburrarekin osatzen dena. Azken hori, Ito izeneko film laburra, Kanaldude herri telebistaren webgunean dago ikusgai.
Irene Elorza