"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Isabel Lamberti Alemanian jaio baina txikitan Espainiara joan zen bizitzera, eta gero Herbeheretara. Egun, tulipanen herrialdea eta Madril artean bizi da, nahiz eta gehienetan jaialdiz jaialdi han-hemenka dabilen. Amsterdamen eta New Yorken zinema-ikasketak burutu ahala, dokumentalak zuzenduz ekin zion jardunari, eta ikasi bitartean gero eta gehiago garatu zuen bere estilo pertsonala, errealitate eta fikzio arteko zinema mistoa eginez. Zenbait labur egin ondoren, dagoeneko postprodukzio-fasean dagoen lehen film luzeari ekin dio. Nolanahi ere, Donostiara zuzendari berrien lanak epaitzera etorri da.
“Epaimahaian talde polita bildu gara, baina oraindik nor den nor ezagutzen ari gara. Esperientzia oso aberasgarria izaten ari da. Gainera, hiru emakume gara bi gizonezkoen aldean eta oraingoz geuk daramagu ahots kantaria. Denak oso pertsona azkarrak dira eta pisuzko argudioak ematen badizkidate ez dut iritziz aldatzeko arazorik izango”, komentatu digu bere epaimahaikideen gainean.
“Ongi dakit zein zaila den lehen film luze bat egitea, beraz, ez dut perfekzioa bilatzen; talentua, originaltasuna eta potentziala bilatzen ditut egile berriengan. Haiena bezala nire ahotsa hasiberri batena da eta enpatia sentitzen dut haiengan, baina horrek ez du esan nahi kritikoa izan ezin naitekeenik”, erabat sinetsita adierazi du.
“Filmei paisaiak izango balira bezala begiratzen diet, inolako aurreiritzirik gabe. Horixe baita, izan ere, nire sormen-prozesuaren abiapuntua. Hasieran, erraietaraino iristen zaidan paisaia batean fijatzen naiz, eta hortik abiatuta istorioa eta pertsonaiak garatzen ditut”. Isabelen lehen film luzea etxebizitzak egiteko suntsitzen ari diren Madrilgo Cañada Real-en kokatzen da, bizileku izan duten parajeari agur esaten ari diren ijito komunitatearen inguruan. “Hain ditut maite, nire ijito familia deitzen diedala”, amaitu du esaten.
Sergio Basurko